Kannabisa: ageriko altxor ezkutua

Argitalpenak · Dibulgazioa

Gaur egun ezagunak dira kannabisak dituen hainbat ezaugarri eta erabilera; esate baterako, anorexia, minbizien fase aurreratu, edo HIES kasuetan lagungarri den gosea pizteko baliagarria dela; minbiziak sendatzeko erabiltzen den kimioterapia errazago jasateko efektu antiemetikoa duela; minbiziek, HIESak eta fibromialgia edo erreuma-artritisaren gisako gaixotasunek eragindako min neuropatiko kronikoari aurre egin diezaiokeela; eta esklerosi anizkoitzari lotutako gogortasuna edo espastizitatea tratatatzeko zein glaukoma tratatzeko erabil daitekeela.

Irudia: Etorkizunean kannabisa sendagai bezala erabiltzeko urratsak ematen ari dira ikerkuntzan.

Bestalde, oraindik guztiz frogatuta egon ez arren, geroz eta ikerketa zientifiko gehiagok babesten dute kannabisa beste gaixotasun askotarako irtenbide garrantzitsua izan daitekeela; hala nola, hainbat minbizi sendatzeko, epilepsia tratatzeko, eta alzheimerrari, Hungtintonen gaixotasunari, diabetes kasuei zein Touretten sindromeari aurre egiteko.

Kannabis landarea ez da batere sinplea ordea. 554 konposatutik gora identifikatu dira bertan; horien artean, 113 kannabinoide eta 120 terpeno. Kannabinoide horietako bakoitzak aktibitate terapeutiko ezberdina du eta, ondorioz, aplikazio ezberdinetarako erabil daitezke. Hortaz gain, euren artean eragin sinergikoa gertatzen da; esaterako, jakina da kannabidiolak (CBD cannabidiol) tetrahidrokannabinolaren (THC tetrahydrocannabinol) eragin euforikoa modulatzen duela. Hori gutxi ez, eta terpenoek, lurrinaren erantzule izateaz gain, hainbat efektu terapeutiko dituzte eta kannabinoideekin sinergian joka dezakete.

Lan honetan, etorkizun hurbilean kannabisa sendagai bezala erabili ahal izateko bi urrats eman dira. Alde batetik, landareak euren efektu fisiologikoekin lotzeko lagungarria izan daitekeen kannabinoideen hatz-marka ikertzeko metodo bat garatu da fragmentazio bikoitzeko masa-espektometriari akoplaturiko eraginkortasun handiko likido kromatografia bidez (HPLC-MS/MS High Performance Liquid chromatography-tandem mass spectrometry). Horretarako, 6 kannabinoide nagusi kuantifikatu eta beste 7 identifikatu eta kualitatiboki aztertzeko metodo analitikoa garatu da. Identifikatutako 7 kannabinoide horiek berresteko konposatuen identifikazio zehatzagoa eskaintzen duen hegaldi-denbora bati akoplatutako kuadrupolo (Q-ToF quadrupole-time off light) bat erabili da. Teknika horrek konposatuen masa zehaztasun handiz determinatzea ahalbidetzen du, eta, modu horretan, bere formula molekularra zein den ezagut daiteke. Formula molekularra ezagututa, masa-espektroa aztertu eta bibliografiara jo da 7 kannabinoide ezezagun horiek identifikatzeko. Garatutako metodoa 30 lagin ezberdini aplikatu zaie, eta kanpoan hazitako eta barnean hazitako landareen hatz-marken artean ageriko ezberdintasunak ikusi dira. Modu honetan, garatutako metodoa landare ezberdinen kanabinoide profila osatzeko baliagarria dela frogatu da.

Bestalde, kannabis landareko konposatuen produkzioa optimizatzeko kimiotipo ezberdineko landareen hazkuntzan zeharreko kannabinoideen eta terpenoen garapena aztertu da. Horretarako, ama-landare ezberdinen 50 klon landatu dira eta barnean hazi dira hiru fase ezberdinetan. Astero landare bakoitzetik 3 klon moztu eta analizatu dira, 8 kannabinoide diodo-segiden detektoreari (DAD Diode Array Detector) akoplaturiko HPLC bidez eta 28 terpeno garraren bidezko ionizazio-detektagailuari loturiko gas kromatografiaren bidez (GC-FID Gas Chromatography – Flame Ionization Detector). Bertan, kannabis landarearen 3 kimiotipo ezberdinen hazkuntza-prozesuetan zehar kannabinoide eta terpenoen kontzentrazio maximoak noiz aurkitzen diren ezartzeaz gain, kimiotipo bakoitzaren ezaugarri diren terpenoak zeintzuk diren ikusi da. Ezaugarritze hori kannabinoideen eta terpenoen arteko sinergiak aztertzea helburu duten ikerketetarako lagungarria izan daiteke.

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 30
  • Artikuluaren izena: Kannabisa: ageriko altxor ezkutua.
  • Laburpena: Etorkizun hurbilean kannabisa sendagai bezala erabili ahal izateko bi urrats eman dira lan honetan. Alde batetik, landareak euren efektu fisiologikoekin lotzeko lagungarria izan daitekeen kannabinoideen hatz-marka ikertzeko metodo bat garatu da fragmentazio bikoitzeko masa-espektometriari akoplaturiko eraginkortasun handiko likido kromatografia bidez (HPLC-MS/MS High Performance Liquid chromatography-tandem mass spectrometry). Bestalde, kannabis landareko konposatuen produkzioa optimizatzeko kimiotipo ezberdineko landareen hazkuntzan zeharreko kannabinoideen eta terpenoen garapena aztertu da. Bertan, konposatu garrantzitsuenen kontzentrazio maximoak noiz agertzen diren ikusteaz gain, landare-mota bakoitzaren ezaugarri diren terpenoak zeintzuk diren aurkitu da.
  • Egileak: Oier Aizpurua-Olaizola, Jone Omar, Maitane Olivares, Patricia Navarro, Nestor Etxebarria eta Aresatz Usobiaga
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 7-18
  • DOI: 10.1387/ekaia.15800

Egileez

Oier Aizpurua-Olaizola, Jone Omar, Maitane Olivares, Patricia Navarro, Nestor Etxebarria eta Aresatz Usobiaga UPV/EHUko Kimika Anialitikoa Sailekoak (Zientzia eta Teknologia Fakultatea) dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

1 iruzkina

  • […] har, desorientazioa, despertsonalizazioa, haluzinazioak eta paranoia eragin ditzake. Ezaguna denez, kannabisa -edo marihuana- kalamu landaretik erauzten den droga psikoaktiboa da. Kimikari dagokionez, THCa -tetrahidrokannabinola- da osagai psikoaktibo nagusiena. THCa garuneko […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.