Astronomia
2069 urterako misio berezia jarri nahi du abian NASAk: Proxima Centauri sistemako planeta bat kolonizatzea. Gure Eguzki-Sistematik ez oso urrun dagoen Proxima Centauri sisteman bada Proxima B, Lurraren antzeko ezaugarriak dituen planeta. Gaztezulon azaltzen dutenez, egungo teknologiarekin ezinezkoa da bidaia egitea eta 2069an kokatzen dute ingeniariek bidaiaren bideragarritasuna eta, hartara, abian jarri du plana NASAk.
Breakthrough Starshot proiektua ekarri dute Naiara Barradok eta Itziar Garatek asteon Zientzia Kaierara. Lurra galdutzat eman eta beste planeta batera alde egin baino, are urrunago, izarretara joan beharko genukeela uste dutenak badira. Horixe du, hain justu, helburu Starshot proiektuak: izarretara Eguzki-Sistematik atera eta beste izar batera, Alpha Centaurira, joatea.
Biologia
Bonba kimiko batekin babesten den kakalardoa ekarri dute aste honetan Juan Ignacio Pérezek eta Miren Bego Urrutiak Zientzia Kaierara. Zerbaitek, dela apo, inurri edo armiarma edo antzeko harrapariren batek, kalte egiteko zorian duela antzematen duenean, esprai kimiko narritagarria jaurtitzen diote etsaiari kakalardoek. Ez hori bakarrik, jaurtitzen duten substantziaren tenperatura 100°C-tik gorakoa da, hainbat aldiz erabil dezakete eta gainera bonba-jaurtiketa ia edozein noranzkoan zuzendu dezakete.
Norbera espazioan kokatzen duten neuronak zeintzuk diren identifikatuta zuten zientzialariek, orain arte, baina, ez da jakin zelan egiten zitzaien bestelako animaliei jarraipena. Elhuyar aldizkarian ikusi dugunez, espezie bereko beste animalien kokapena erregistratzen duten garuneko zelulak identifikatu dituzte saguzarrekin egindako esperimentuetan. Interakzio sozialetan, behaketa bidezko ikasketan edo taldean nabigatzeko gako izan daitezke identifikatutako neuronak.
Paradisuko hegaztien lumak duten kolore beltzaren atzean dagoen misterioa argitu dutela ikusi dugu Elhuyar aldizkarian. Luma superbeltzek (argiaren % 0,05 baino islatzen ez dutenak) ohiko luma beltzek baino egitura morfologiko konplexuagoa dute: zuntz bakunak eduki beharrean, zuntz adarkatuak eta bertikalki inklinatuak dituzte. Zientzialarien arabera, egitura horiei esker dute argi ikusgai gehiago xurgatzeko gaitasuna.
Genetika
Zeintzuk dira gizakiotan gehien ikertutako geneak? 1980ko hamarkadaren hasieran HBB genea (hemoglobinaren zati bat kodetzen duen gene bat) zen ikerketa genetikoaren jaun eta jabe zen. Famak beherakada izan eta CD4 geneak hartu zion lekukoa. Honetaz guztiaz aritzeaz gain, Peter Kerpedjievek gizakiotan gehien ikertutako geneen zerrenda egin zuela kontatu digu Koldo Garciak Edonolan.
Ilustrazio zientifikoa
Gai konplexuak azaltzeko orduan, irudiek duten garrantziaz, eta ez soilik zientzia dibulgazioa egiteko, aritu da Juanma Gallego Berrian. Ideiak azaltzeko, bereziki zientziaren alorrean, tresna bezala irudigintzak duen balioa azpimarratzen du Vega Asensio ilustratzaileak eta adituen artean komunikazioa errazteko ere balio duela aipatu. Irudien nolakotasunari dagokionez, irudiok ez dutela zertan ederrak izan azaltzen du, askotan oso teknikoak direla, zuri-beltzekoak, eta ikertzaileek baino ez dituztela ulertzen.
Kliodinamika
Historian garatu diren gizarteak modu zientifikoan ikertzeko modua da Kliodinamika. Indikatzaile desberdinak erabilita, gizarteen garapena aztertu nahi du Kliodinamikak, eta, ahal den heinean, garapen hori aurreikusi. Hartara, Seshat “historia globalaren datu-basea” sortzen dabiltzala azaldu digu Juanma Gallegok: azken 10.000 urteetan 30 erregiotako informazio historikoa eta arkeologikoa biltzen ditu datu-baseak. 414 gizarte, orotara.
Medikuntza
GIBaren infekzioari aurre egiteko tratamenduak oso eraginkorrak dira, baina derrigor egunero-egunero hartzea eskatzen dute. Elhuyar aldizkarian ikusi dugu astean behin bakarrik hartuta Giza Immunoeskasiaren Birusaren infekzioari aurre egiteko gai izango den pilula ari direla garatzen. Izan ere, ikerketek erakutsi dute gaixoen % 30ek bakarrik hartzen dutela egunero tratamendua behar bezala, birusak botikekiko erresistentziak garatzea eragin dezakeena.
Teknologia
Mekanismo txiki batekin datozen eta ahotsaren bidez kontrolatu daitezkeen paperezko figura txiki batzuei buruz jakin dugu Sustaturi esker. Googlek bultzatzen du Paper Signals proiektuko figuratxoak: ahotsarekin kontrolatzen diren paperezko seinaleak. Kode irekiko proiektua da eta, beraz, salgai dauden ereduez gain, edonork sor ditzake antzeko elementuak.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.