Irati Jauregi: “Uste ez banuen ere, asko gustatzen zait ikertzea”

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Irati Jauregi López ikertzailea da, ikerketan arituko zenik inoiz uste izan ez zuen arren. Aitortu duenez, txikitatik izan du jakin-mina, eta “nahiago nuen lego eta halakoekin jolastu, panpinekin baino”. Unibertsitateko ikasketak aukeratzean, garbi zuen ingeniaritzaren bat nahi zuela. Baina ez zuen marrazketa teknikoa egin nahi; eta Telekomunikazioak edo Informatika baino ez zitzaizkion geratu aukeran. Horrela, asko pentsatu gabe hasi zen Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza ikasten, gero zuzenean lan-mundura joateko asmoarekin.

“Gustura ari nintzen egiten gradua, baina ez nuen urte gehiago eman nahi unibertsitatean”, onartu du Jauregik. Gradu-amaierako lanak aldarazi zion iritzia: “Miguel Beruete Diaz irakasle izan nuen, eta, asko gustatzen zitzaidanez haren azalpenak eta ikasgaia, galdetu nion ba ote zegoen aukerarik harekin egiteko gradu-amaierako lana. Orduan hasi nintzen ikertzen, eta kateatuta geratu nintzen”.

Irudia: Irati Jauregi López telekomunikazio teknologien-ingeniaria.

Egiten ari zaren horretatik ikasten joatea; horrek erakarri zuen: “Neurri batean, autoikaskuntza da. Probak egiten zoaz, eta emaitzen arabera jarraitzen duzu bide bat ala bestea”. Enpresa batean lana egitearekin alderatuta, ikerketa sortzaileagoa eta kitzikagarriagoa iruditzen zaio. “Nire aurreiritzien kontra, onartu behar izan nuen asko gustatzen zaidala ikertzea”.

Saria, aitortza gisa

Gradu-amaierarako lanarekin, gainera, hirugarren saria jaso zuen 2016ko Telekomunikazioen Liberalizazio Sarietan. Ez zuen inondik inora espero, baina pozik hartu zuen, egindako lanaren aitortza gisa. “Ohorezko Matrikula lortu nuen lanarekin, eta irakasleak bultzatuta aurkeztu nintzen sariketara. Hala ere, Espainia osoko ikasleek parte hartzen dutenez, ezinezkoa iruditzen zitzaidan sari bat eskuratzea, baina hala gertatu zen”.

Onartzen du lan “polita” egin zuela. Hain zuen, era askotako egitura biologikoak atzemateko gai diren sentsoreak garatu zituen, aplikazio biomedikoetan erabiltzeko. Horretarako, meta-azal batzuen jokabidearen simulazio eta azterketak egin zituen, onddoen inbasioak atzemateko. “Meta-azal horiek xafla ultrameheak dira, metamaterialen ikerketetatik eratorritakoak, eta naturan existitzen ez diren ezaugarriak dituzte”, azaldu du Jauregik.

Meta-azal horiek aukera ematen dute terahertz erradiazio elektromagnetikoa oso gune txikietan zedarritzeko, eta, horren bidez, egitura biologikoak (proteinak, onddoak, mikroorganismoak…) detekta daitezke. Terahertz erradiazioarekin oraindik lan gutxi egin da, oso arlo berria da, eta hori ere erakargarria da Jauregirentzat.

“Berez, gradu-amaierako lanean simulazioak egin nituen, baina oso ondo funtzionatzen zuten. Horren ondoren, ikerketa-proiektu bat sortu zen, kontratatu ninduten, eta ordutik horretan nabil. Oraindik ez dugu probatu onddoekin, baina bai erretxinekin, eta ondo funtzionatzen duela baieztatu dugu. Laster, gai biologikoekin probatzea espero dugu”, dio Jauregik.

Elikagai-industrian eta osasunean aplikazio oso interesgarriak dituela ere esan du Jauregik: “Oraindik hastapeneko ikerketan gauden aurren, dagoeneko hasi gara elkarlanean agronomoekin, janarietan substantziak detektatzeko oso baliagarria izan baitaiteke”.

Aurrera begira, ez du baztertzen tesia egitea, baina ez du garbi. Oraingoz, masterra egiten ari da, eta amaitutakoan erabakiko duela esan du: “Ahalegin handia eskatzen du, eta hemen ez da batere bultzatzen ikerketa. Hortaz, askok kanpora joan behar dute, edo beste zerbaitetan bukatzen dute lanean. Ikusiko dut”.

Fitxa biografikoa

Irati Jauregi López Iruñean jaio zen, 1992an. Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritzako gradua egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta orain ere han ari da egiten Telekomunikazio Ingeniaritzako gradua. Terahertz eta metamaterialen arloan egin zuen gradu-amaierako lana, eta sari bat jaso zuen lan harengatik. Arlo berean ikertzen jarraitzen du.


Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.


Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.