Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia
Igeri egiten, lasterka egiten, hegan egiten
Arrainen haragiaren itxura oso desberdina da espezieen arabera. Mutur batean hegalaburrak edo hegaluzeak bezalako tunidoak ditugu, eta bestean mihi-arraina edo erreboiloa bezalako arrain zapalak.
Tunidoen haragiaren kolorea desberdina izan daiteke espeziearen arabera, baina, oro har, beste arrainena baino ilunagoa izan ohi da. Atunak ez dira zuriak, eta hezurraren inguruan dagoen haragia odol-hodiz beterik dago. Izan ere, odol asko galtzen dute ebakitzean. Hau da, odol asko duen haragia daukate, oso irrigatuta baitago. Arrain zapalen haragia, berriz, zuri-zuria da, eta ez du odolik botatzen ez eta xerrak egitean ere. Mihi-arrainaren giharra aztertuz gero, odol-hodi solte batzuk baino ez dira ikusten.
Arrain-espezieen arteko desberdintasun horiek ez dira ustekabekoak, zerikusi handia dute espezie edo talde bakoitzaren bizimoduarekin. Haragi odoleztatuagoa duten arrainak oso aktiboak dira. Ezaguna da atunak igerilari indartsuak direla, lastertasun handiz mugitu eta distantzia luzeak egiten dituztela. Beraz, etengabe eraman behar dituzte oxigenoa eta elikagaiak gihar-zeluletara, igeri-jarduera mantendu ahal izateko. Horretarako beharrezkoak diren odol-fluxuak handiak direnez, odol-hodien dentsitateak ere handia izan behar du giharrean. Horrek eragiten du tunidoen haragiaren kolorea eta itxura.
Mihi-arrainak, berriz, eseri-eta-itxaron harrapariak dira. Itsas beheko jalkinaren gainean mugitu barik egoten dira denbora gehiena, hondoarekin mimetizaturik edo jalkinak erdi estalita. Ezaguna denez, bi begiak buruaren alde berean dituzte eta gainetik edo hurbiletik harrapakin bat ikusten dutenean, mugimendu azkar eta indartsua egiten dute harrapakina atzemateko. Harrapakinarenganaino iristeko egin behar duten mugimendurako erabiltzen dituzten giharrek ez dute oxigenorik behar. Izan ere, bereziak dira muskulu horiek, anaerobioak, mugimendua egiteko behar duten energia (ATP) glukolisiaren bitartez lortzen baitute.
Glukolisia bide metaboliko azkarra da, oso azkarra, denbora laburrean energia asko ematen duena. Horregatik erabiltzen da mugimendu azkarrak egiteko eta horregatik erabiltzen dute mihi-arrainaren giharrek harrapakinak atzemateko. Hortaz, etengabeko oxigeno-ekarpenik beharrezkoa ez denez, oso txikia da muskulu horietaraino heldu behar den odol-bolumena. Horrek eragiten du, hain justu, mihi-arrainaren eta hura bezalako beste arrainen haragiaren kolore zuri-zuria.
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.