Zeruetan agertzen den purpura koloreko marra bat auroratzat jo izan da orain arte, baina artikulu berri batean zientzialariek proposatu dute beste zerbait dela.
Planeta osoa eta eguzki sistemaren zati handi bat ondo kartografiatuta dagoen honetan, ezinezkoa dirudi naturan fenomeno berriak aurkitzeko aukera; eta hala da gehienetan. Puntako muturretan izan ohi dira aurkikuntzak, hala nola nanoeskalan aurkitzen diren materiaren propietate berriak edota distantzia itzeletara behatzen diren fenomeno kosmiko urrunak.
Noizean behin, baina, aurkitzeko dauden fenomeno naturalak azaltzen dira, eta horietako batzuk ahoa bete hortz uzteko modukoak dira. STEVE da horietako bat. Stephen King idazlearen eleberri baten izenburua dirudi, baina benetan zeruan marrazten den fenomeno berria da.
Aurora borealak jarraitzen dituzten hainbat lagunek fenomenoa ezagutzen zuten, baina zientzialariek hori aztertzen hasi berriak dira. Hain da gertukoa, ezen gaiari buruzko lehen zientzia artikuluak aurten argitaratu baitira. Lehena martxoan plazaratu da. Science Advances aldizkarian zabaldutako ikerketa batean deskribatu dute aurrenekoz modu zientifiko batean STEVE zer den: aurora mota bitxi bat. Gainerako aurorak baino latitude baxuagoetan agertzen da hau, eta berezko kolore zein forma ditu.
Aurorek itxura obalatua izan ohi dute, eta kolore “paletari” dagokionean, bereziki berdea, urdina eta gorria dira nagusi. Jakina denez, aurorak sortzen dira eguzkitik etorritako partikula kargadunek magnetosferaren kontra jotzen dutenean. Talka egiten duten atmosferako elementu kimikoren arabera azaltzen dira kolore horiek. STEVEren kasuan, ordea, fenomenoak zeruan marraztutako marra luze baten itxura hartzen du, eta purpura kolorea hartzen du. Horrez gain, aurorak baino arraroagoak dira, gutxitan agertzen dira eta.
Lehen ikerketa horretan, fenomenoaren izaera argitzen saiatzeko ESA Europako Espazio Agentziaren Swarm satelitearen magnetometroa funtsezkoa izan da. Satelite horren bitartez, STEVEren barruan dauden partikulek 6.000 gradu zentigraduko tenperatura dutela ikusi ahal izan dute, inguruko tenperatura baino dezente handiagoa. Artikuluan proposatu dute STEVE aurora berezi bat dela, ioien mugimendua abiatzen duena.
Baina orain, Geophysical Research Letters aldizkarian aurkeztutako beste artikulu batean 2008ko martxoan erregistratutako halako fenomeno bati buruzko azterketaren berri eman dute. Ikerketaren bitartez argitu nahi izan dute ea aurorak sortzeko mekanismo berdina gertatzen den. Duela 10 urte jazotako gertaera horretan, ordea, ez dute horrelakorik sumatu. Auroren ikerketan izan ohi den bezala, all-sky motako kameren bitartez lurretik hartutako irudiak eta satelite bidezko neurketak baliatu dituzte. Kasu honetan, NOAA agentziaren POES-17 ingurumen satelitea erabili dute, fenomenoa jazotzen den bitartean gailu hori gertu zegoelako. Alabaina, satelite horrek ez zuen atzeman kargatutako partikularik atmosferan. Hortaz, bestelako jatorria behar luke, egileen arabera. Bigarren artikulu honetan beraz, fenomenoaren beste modu batean sailkatzeko beharra azpimarratu dute, aurorek eragiten duten partikulen prezipitazioa gertatu gabe abiatu baita fenomenoa.
“Gure ondoriorik nagusiena da STEVE ez dela aurora bat”, esan du ikerketa artikuluaren egile nagusi Bea Gallardo-Lacourt zientzialariak, Ameriketako Geofisika Batasunak argitaratutako ohar batean. “Une honetan, oso gutxi dakigu fenomenoari buruz. Eta hau benetan zirraragarria da, argazkilariek hamarkadetan ezagutzen zuten fenomenoa zelako, baina zientzialarientzat guztiz ezezaguna izan da orain arte”.
Bada, aurora ez bada, zer da? Ez dago erantzun errazik, momentuz bederen. Argi dago harremana baduela ionosferarekin, baina atzean oraindik argitu ez den mekanismo bat dagoela uste dute zientzialariek. Artikuluan aipatu dute protoien eta energia altuko elektroien prezipitaziorik ez zela gertatu, baina bai neurtu ahal izan zuten energia baxuko elektroien gehikuntza bat. “Halere, une horretan zegoen elektroien fluxu energetikoa baxuegia zen inolako estruktura optikorik sortzeko, eta, hortaz, ez zegoen lotuta STEVErekin”, zehaztu dute zientzia artikuluaren ondorioetan. Modu berean, energia baxuko protoiekin harremanen bat egotea ezin dutela alboratu onartu dute.
Gallardo-Lacourten esanetatik igartzen den moduan, fenomenoaren aurkikuntza zientzia herritarrari ezagutu ahal izan da. Batetik, zaletuek ateratako irudietan azaldu da fenomenoa. Bestetik, NASAk eta NSF Zientziarako Fundazio Nazionalak bultzatutako Aurorasausurus egitasmoari esker jarraitu ahal izan da. Izenak berak istorio bitxia du atzean. Izan ere, zaletuek asmatu zuten izen hori jartzea, baina ondoren NASAko zientzialariek erronkari eutsi eta mundu anglosaxoian hain gustuko duten akronimoen tradizioa jarraitu zuten. Hortaz, “Steve” izena STEVE Strong Thermal Emission Velocity Enhancement bilakatu zen, hots, Igorpen Termikoaren Abiaduraren Gehikuntza Indartsua, gutxi gorabehera. Izen konplexuak erraz gogoratzeko modukoak bihurtzeko duten abilezia ezin zaie ukatu zientzialariei, baina, akronimoez harago, orain aurrean duten erronka da garrantzitsuena: STEVEren benetako izaera argitzea.
Erreferentzia bibliografikoa
Gallardo-Lacourt, B., Liang, J., Nishimura, Y., & Donovan, E. (2018). On the origin of STEVE: Particle precipitation or ionospheric skyglow? Geophysical Research Letters, 45. DOI: https://doi.org/10.1029/2018GL078509
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
1 iruzkina
[…] Zeruetan agertzen den purpura koloreko marra bat auroratzat jo izan da orain arte, baina artikulu berri batean zientzialariek proposatu dute STEVE ez dela horietako fenomeno bat. Gainerako aurorak baino latitude baxuagoetan agertzen da hau, eta berezko kolore zein forma […]