Asteon zientzia begi-bistan #221

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Biologia

Juan Ignacio Pérezek ugaztunik arraroena aurkeztu digu: sator biluzia. Kolonietan bizi diren karraskari zulatzaileak dira. Kolonia bakoitzean eme bakarra dago, ugaltze-lan osoaz arduratzen dena. Sator honen gorputz-tenperatura, 30 °C-tan konstante mantentzen da, baina gorputz-beroaren jatorria ez da metabolismoa, bizi den zuloa baizik. Tartean bi bitxikeria aipatzen dira: oso bizitza luzea du eta minbizirik pairatzen ez duen ugaztun bakarra omen da.

Animalien migrazioan instintuak garrantzia handia du baina ez da oinarri bakarra, izan ere ikerketa batek ondorioztatu du transmisio kulturala ere funtsezkoa izan daitekeela. Ungulatuak agertzen dira testuaren adibide. Wyomingeko Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek ondorioztatu dute migratzen ikasi egin dutela. Talde honetan sartzen dira, besteak beste, bisonteak, altzeak edota ahuntz basatiak. Ezagutu gertutik ugaztun hauen portaerak.

Usaimen-errezeptore batek ilearen hazkuntza erregulatzen duela aurkitu dute, laborategian giza buru-azalarekin egindako esperimentuetan. Hain zuzen ere, ile-folikuluetan OR2AT4 usaimen-errezeptoreak daudela aurkitu dute eta sandalo-lurrin sintetikoarekin egin dituzten esperimentu batzuetan ikusi dute lurrin horrek ilearen hazkuntza estimulatzen duela.

Emakumeak zientzian

Isabelle Rapin neuropediatra autismoaren esparruan espezializatu zen eta arlo horretan dauden oker asko gezurtatu zituen. Adibidez, frogatu zuen autismoa arazo biologiko bat zela, eta ez amen jokaeraren errua. Lausanako Unibertsitatean ikasi zuen. Ondoren, AEBra jotzea erabaki zuen; bertan, barneko sendagile lanetan aritu zen. 1958.ean Albert Einstein Medikuntza ikastetxean sartu zen eta han, ikertu, eskolak eman eta gaixoak artatu zituen 2012.ean erretiratu zen arte.

Françoise Barré-Sinoussi birologo frantsesak GIBa isolatzea eta identifikatzea lortu zuen eta horregatik eman zioten Medikuntzako Nobel Saria 2008an. Pasteur Institutuan hasi zuen bere zientzia-lana. 1983an birusa identifikatu eta haren lehenengo irudiak lortu zituzten. Oraindik GIB eta HIESAren inguruko zenbait arlo ari da aztertzen, hala nola berezkoak ditugun defentsa immunitarioen papera aztertzen jarraitzen du gidatzen duen taldearekin, baita amaren eta haurraren arteko birusaren transmisioa ere. Horretaz gain, GIBa duten pertsonen ezaugarriak ikertzen ari da, izan ere batzuk gai dira birusaren erreplikazioa mugatzeko antierretrobiralik erabili gabe.

Paleontologia

Dickinsonia animalia zaharrenetakoa dela baieztatu dute. Orain arte, onddotzat edo protistatzat hartu izan dituzte baina animaliak direla ondorioztatu dute fosilen berariazko biomarkatzaile batzuk aztertuta. Ikertzaileek nabarmendu dute fosiletan molekula kolesteroide gehiago topatu dituztela (% 93 baino gehiago), inguruko jalkin mikrobianoetan baino (% 11).

Ebakidura markak dituzten hegazti eta haragijaleen fosilak topatu dituzte Axlor aztarnategi mousteriarrean (Dima, Bizkaia). 70.eko hamarkadan Jose Miguel de Barandiaranek Axlorren kobazuloan zuzendutako indusketetan aurkitutako animalia fosilak berraztertu dituzte eta kantauriar eremuko neandertalek haragijaleak eta hegaztiak kontsumitu zituztela baieztatzen duen lehen froga aurkitu dute.

Genetika

Sardiniarrak genetikoki populazio bereizia direla berretsi dute. Datuen arabera, geografikoki oso isolatuak egon dira: duela 4.300-7.000 urte isolatu ziren europar populazio kontinentaletatik. Kasu honetan, 3.514 gizabanakoren genoma osoa sekuentziatu dute. Ikertzaileen arabera, datu berriak bat datoz sardiniar eta euskaldunen arteko lotura genetikoa adierazten zuten hipotesiekin.

Antropologia

Gatza izan du mintzagai Blas Castellon ikertzaileak. Gatzaren erabilera eta ekoizteko moduak nabarmen aldatu dira baina azpimarratzen du elementu garrantzitsua dela oraindik. Historian erabilera asko eta ugariak izan ditu. Aipatzen du, besteak beste, “elikadurarako eta komertziorako erabili izan da, batez ere, baina jakien kontserbaziorako zein elementu sendagarri gisa ere” erabili dela. Gainera dio gatzaren arlo kulturala ez dela galdu: “Ekoizpen tradizionalek iraun dute, ez dira desagertu, eta horrek gatzaren arlo kulturalari eusteko bidea eman du”. Toponimia da horren adibide. “Ingalaterrako Northwich herriak lotura estua izan du gatzarekin, iturburu ugari izan baitira bertan historian. Kuriosoa da nola herriaren izenean gatza bera ageri den: kontatu zutenez, wich horrek gatzari egiten dio erreferentzia”.

Teknologia

SpaceX enpresak lehenengo turista bidali nahi du ilargira. Yusaku Maezawa enpresari japoniarra izan da hautatua. Halere, ez dago datu handirik oraindik bidaia espazial horren inguruan. Adierazi dutenez, badirudi lehenengo frogak 2019-2020 artean izango direla eta bidaia 2023an izan daitekeela. Asmoa da ilargiaren inguruan orbitatzea eta joan-etorriko bidaia izatea.

Adelaidako Unibertsitateak (Australia) munduko ordularirik zehatzena izan daitekeena aurkeztu du. Atzeratzen ez den ordularia da, 40 milioi urte beharko liratekeelako segundo bakarra atzeratzeko. Proiektu bitxi honek Eureka Saria jaso du. Zafirozko oszilatzaile kriogenikoa deitu diote erlojuari, 20 urteko lanaren emaitza izan denari.

Geografia

Antartikaren maparik zehatzena argitaratu berri dute. Horri esker, hemendik aurrera hobeto ezagutuko da Antartikako erliebea eta egitura. Beste edozein kontinente baino bereizmen handiagoa dauka; 187.585 irudi jaso dira azken sei urteotan. Mapa ez da estatikoa, kontinente izoztuaren bilakaera jasoko baitu.

Medikuntza

Ana Urrutia mediku geriatrak liburu bat atera du berriki: Cuidar (Zaindu). Orain arte egindako bidea liburu honetan bildu du, hau da, bere esperientzian oinarrituta dago. Nagusiki gai bati egiten dio erreferentzia: gaixoak lotzearen ohiturari, hain zuzen. Alzheimerrak eta antzeko gaitzek jotako pertsonak artatzean, ohikoa da (“oraindik egiten da”) gaixoak lotzea, “praktika kronikoa” dela dio: “Larriena eragin psikologikoa da: lotuta daudenen abandonu eta gutxiespen sentimena, tristura. Eskubide urraketak daude hor: askatasun falta, nahierara adieraztekoa…”.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.