Ez pentsa guztia sena denik: migratzen ere ikasi behar da

Juanma Gallego

Animalien migrazioan instintua oinarri garrantzitsua dela uste da, baina ungulatuekin egindako azterketa zabal baten ostean ekologo talde batek ondorioztatu du transmisio kulturala ere funtsezkoa izan daitekeela.

BBC kateak ekoiztutako Planet Earth edo antzeko dokumental bikainak ikusi dituen lagun orok ondo gordeko ditu oroimenean hegazkin bitartez hartutako irudi ikusgarriak. Lurraldean zehar pixkanaka baina modu etengabean mugitzen den orban erraldoi bat azaltzen da zenbait irudiotan. Milaka animaliaz osatutako orbanak dira, naturaren handitasunaren eta edertasunaren adierazle bikainak.

Belaunaldiz belaunaldi transmititutako geneetan abiatzen dira mugimendu horiek, instintuak bultzatuta. Halako azalpena entzuten ohituta gaude, baina, antza, gauzak ez dira hain linealak. Ohituta gaude ere senaren baitan sailkatzen animalien portaeran guztiz ondo ulertzen ez ditugun fenomenoak, eta batzuetan ulertezina zaigun gizakiaren portaera azaldu nahian ere instintura jo ohi dugu, beste garai batean kimikariek ondo ulertzen ez zuten guztia eterraren baitan kokatzen zuten modu berdinean.

1. irudia: migratzen ari diren mufloiak Yellowstonetik gertu dagoen Park konderrian (Wyoming). (Argazkia: Travis Zaffarano Trailcam Photo, Wyoming Migration Initiative)

Ikerketan aurrera joan ahala, baina, gero eta gehiago konturatzen ari gara gizakiena baino ez omen diren portaera batzuk animalietan ere aurki daitezkeela. Ez pentsa, eremu labainkorra da hau. Interneten bitartez aise hedatzen diren bideo biralen garaian, animalien portaera basati arrunt asko ikuspuntu antropozentriko batetik interpretatzen direlako, portaera horiei heroitasuna, eskuzabaltasuna eta Disneyko filmetan eta ipuinetan ohikoak diren bestelako portaerak antzematen zaizkiolarik.

Ez da gaur hona ekartzen dugun proposamenaren kasua, atzean ondo finkatutako ikerketa baitago. Ipar Amerikako mendebaldean 60 urtez egindako behaketan oinarritu dira, baina, batez ere, azken urteetan GPS gailuen bitartez hainbat animaliari egin dieten jarraipen zehatza izan da erabakigarria. Zehazki, 267 mufloiri eta 189 altzeri jarraipena egin diete.

Orain arte ekologoek susmoa zuten ugaztun hauetan migratzeko joeran ikasketa sozialak nolabaiteko rol bat izan behar zuela, baina momentuz ez da frogatu. Oraingoan, baina, datu andana jarri dute mahai gainean, eta baita datu horien interpretazio ausarta ere.

‘Surfean’, kimu goxoen bila

Wyomingeko Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek Science aldizkarian argitaratutako ikerketan ondorioztatu dute ungulatuek migratzen ikasi egiten dutela, eta, hortaz, nolabaiteko “transmisio kulturala” egon behar duela fenomeno horren oinarrian. Apatxak dituzten ugaztunak dira ungulatuak. Kategoria horretan biltzen dira, adibidez, bisonteak, altzeak edota ahuntz basatiak.

2. irudia: ikerketa egin ahal izateko GPSarekin hornitutako lepokoak jarri dizkiete animaliei. Irudian agertzen diren ikertzaileak hori egiten ari dira. (Argazkia: Mark Gocke)

Fenomenoa ulertzeko, beharrezkoa da azaltzea surfetik “maileguan” hartutako kontzeptu bat azaltzea. Urteroko hazkundea hasten duten landareak dira aproposenak belarjaleentzat, eta, horregatik, une hori iristen denean kimu goxoez betetako larreen bila joan ohi dira ungulatuak. Normalean, denbora aurrera joan ahala, latitude altuagoetan aurkitzen dira halako bazkak. Modu informal batean, ekologoek diote belar berrien bila belarjaleek egiten dituzten mugimendu hauek “olatu berdearen gainean surf egitearen” parekoa dela. Olatu honen atzean ibiltzea migraziorako beharrezkoa den lehen pausutzat dute adituek.

Portaera horretatik abiatuta, kalitate oneko bazkaren atzean mufloiek eta altzeek duten ahalmena ebaluatu nahi izan dute ikertzaileek. Hiru multzo bereizi dituzte populazio horietan: ohiko eremuetatik mugitu ez diren populazioak, duela hainbat belaunaldi gizakiak lekuz aldatu dituen populazioak eta, azkenik, gizakiak duela gutxi eremu berrietara mugiarazi dituen populazioak.

Ikusi ahal izan dutenez, eremu batean gero eta denbora gehiago egon, orduan eta migratzeko joera izan dute animaliek. Eskualde batean errotutako animaliek betiko moduan migratu duten bitartean, urte gutxi lehenago mugitutako populazioek gutxiago migratu dute, eta mugitu berri izan direnek, berriz, ez dute batere migratu. Ikerketan erakutsi dute 90 urte inguru igaro behar direla, edo 12-13 belaunaldi, leku berri batera eraman izan diren populazioen erdia berriro “migratzaile” bihurtzeko. Desberdintasunak badira espezieen artean: mufloien kasuan, 40 urte igaro behar izan dira animalien %80 migratzaile bihurtzeko. Altzeen kasuan, 90 urte igaro behar dira horretarako.

Hortaz, animaliek denbora bat behar dute habitat berrietara egokitzeko, elikagairik hoberenak non dauden ikasteko eta, orain ezagutu den moduan, ezagutza hori belaunaldi berriei transmititzeko. “Ondorio hauek erakusten dute ungulatuek denboran zehar paisaiari buruzko ezagutza metatzen dutela, eta ezagutza honen transmisio kulturala beharrezkoa dela migrazioa indartzeko eta mantentzeko”, esan du prentsa ohar batean Brett Jesmer artikuluaren egile nagusiak.

Ohiko estrategia da animalia basatien kontserbazioan taldeak leku batetik bestera eramatea. Giza populazioa edota giza jardueraren bat dagoen eremuetatik animaliak hartu eta parke naturaletara edo bestelako babeslekuetara eraman.

Science aldizkariko ale berean argitaratutako iruzkin batean Sherbrookeko Unibertsitateko (Kanada) Marco Festa-Bianchet biologoak konparaketa bitxia egin du: funtsean, turistek hiri ezezagun batera iristean egin ohi duten berdina egiten omen dute ungulatuek: jateko toki aproposenei buruz galdetzen diete hiri horretako biztanleei. “Ungulatuen migrazioa transmisio kulturalaren bitartez garatu eta mantentzen” dela berretsi du aditu honek. Biologoak azaldu du nola beste garai batean Europako hainbat ungulatu espezie migratzaile sedentario bihurtu direla, gizakiak haien habitatak guztiz aldatu dituelako.

Ehiza, klima-aldaketa eta habitaten galera dira animalia hauek aurrean dituzten mehatxurik handienak. Hegaztiei ez bezala, ungulatuei gizakiek jarritako hesi artifizialek asko eragiten diete, hala nola autobideek edota harresiek. Printzipioz, migratzen duten populazioak sedentario bilakatzeko modua badute ere, adituen esanetan, aukera hau ez da oso gomendagarria espeziaren biziraupenerako, modu horretan migrazioak urtaro desberdinetan zehar janaria soberan eskuratzeko espeziari dakarkion abantaila galtzen delako.

Erreferentzia bibliografikoa:

Brett R. Jesmer et al., (2018). Is ungulate migration culturally transmitted? Evidence of social learning from translocated animals. Science (361), 6406, pp. 1023-1025. DOI: 10.1126/science.aat0985

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>