Auzokide berria du Eguzki-sistemak, eta planeta erraldoi baten adierazle izan liteke

Dibulgazioa · Kolaborazioak

300 kilometroko diametroa besterik ez duen objektu berria aurkitu dute astronomoek, eta Iratxoa ezizena eman diote. Bederatzigarren planeta ospetsuaren adierazle izan litekeela iradoki dute astronomoek.

The Goblin edo Iratxo izena jarri diote 80 unitate astronomikora (UA) behatutako objektu berriari, 2015. urteko urrian, Halloween baino egun batzuk lehenago aurkitua izan zelako. Izena, noski, behin behinekoa da. Momentuz, objektuak Iratxo ezizena du, eta 2015 TG387 matrikula. Usadioari jarraituz, IAU Nazioarteko Astronomia Batasunaren onespena beharko dute aurkitzaileek behin betiko izena proposatzen dutenean, erakunde horrek jartzen dituen irizpide zehazten arabera.

Chad Trujillo, Scott Sheppard eta David Tholen astronomoek egin dute aurkikuntza, eta behaketak Hawaiiko Mauna Kea eta Txileko Las Campanas behatokietatik egin dituzte.

1. irudia: Bederatzigarren planeta dagoen ala ez -irudian, horren irudikapen bat-, hortxe azken urteetan zientzia planetarioen arloan dagoen eztabaida sutsuenetako bat. (Ilustrazioa: R. Molar / S. Sheppard / Carnegie Institutua)

Eguzki-sistemaren eremu horretan ohikoa den moduan, objektu horren orbita zeharo eszentrikoa da. Gertuen dagoenean 65 unitate astronomikora dago Iratxoa (Lurraren eta Eguzkiaren arteko distantzia halako 65era, hain zuzen), baina urrunen dagoenean 2.300 UA ingurura dago. Erreferentzia gisa, Pluton 34 UA ingurura dagoela kontuan hartu behar da.

Egindako estimazioen arabera, 300 kilometroko diametroa besterik ez du Iratxoak, eta 40.000 urte behar ditu Eguzkiari bira bat emateko. Horrelako orbita duen objektu baten mugimendua neurtzea zeharo zaila da, eta horregatik hiru urte igaro dira objektua aurrenekoz atzeman zenetik. Denbora asko behar da “zeruan” hain urrun eta hain mantso mugitzen den argi puntu bati jarraipena egiteko, mugimendu horren arabera ondorioztatu behar delako bere orbita.

Hain distantzia itzeletara egotea da, hain zuzen, zinez zaila egiten duena objektu horiek aurkitzea, baina zientzialariek uste dute Eguzki-sistemaren muga urrun horietan milaka objektu aurkitzear egon daitezkeela.

Nazioarteko Astronomia Batasunaren buletin batean eman dute planeta nanoa izateko hautagaiaren berri, eta zientzia aldizkari batean agertu bitartean, arXiv biltegi ospetsuan argitaratu dute zientzia artikulua.

Astronomoek prentsa ohar batean adierazi dutenez, aurkikuntza bereziki garrantzitsua da Iratxoaren orbita askoz handiagoa den beste planeta baten aztarna izan daitekeelako. Hau da, X planeta edo bederatzigarren planeta ospetsuaren existentziaren beste zantzu bat izango litzateke hau.

2. irudia: Eszentrikotasun izugarri handia du objektu aurkitu berriak. Gertuen dagoenean Plutonen distantzia halako bitara dago, eta urrunen dagoenean, berriz, 2.300 unitate astronomikora dago. (Ilustrazioa: R. Molar / S. Sheppard / Carnegie Institutua)

Polemika handia dago astronomoen artean balizko planeta horren existentziari dagokionean. Inoiz ikusi ez bada ere, Kuiperren gerrikotik harago dauden hainbat objekturen orbitetan dauden anomaliak azalduko lituzke bederatzigarren planetak, aurkitu gabeko erraldoi horren grabitazioaren eraginez. Orain aurkeztu duten objektuaren orbitak argudio hori babestuko luke, eszentrikotasun izugarri handia duelako.

Baina zientzialari asko ez daude ados proposamen horrekin. Madrilgo Complutense Unibertsitateko astronomo Carlos de la Fuente Marcosek SINC agentzian idatzitako iritzi artikulu batean azaldu duenez, zenbait zientzialarik uste dute orbita berezi horiek besteak beste behaketan izandako alborapenengatik azaldu litezke . Gertutik ezagutzen du kontua De La Fuentek, iaz 2004 VN112 eta 2013 RF98 izeneko objektuen analisian parte hartu zuelako; neurketa horiek ere bederatzigarren planetaren hipotesia indartu zuten.

Esfera baten itxura duten objektuak biltzen dira planeta nanoren kategorian, baina kontzeptuaren definizioa nahiko aldrebesa da, eta astronomo askok (tartean, bederatzigarren planetaren hipotesiaren aldekoa den Mike Brown ospetsuak) uste dute planeta nano kontzeptua Pluton planeta gisa mantentzeko (planeta nano modura, bederen) IAUk berariaz moldatutako definizioa izan zela.

Atentzioa ematen du Iratxoa planeta nanotzat aurkeztu izanak, 300 kilometro besterik ez izanda. Printzipioz, Eguzkiaren inguruan dauden objektuen artean, itxura esferikoa izateko moduko oreka hidrostatikoa duten baina euren orbita beste objektuak botatzeko gai izan ez diren objektuak hartzen dira planeta nanotzat, eta zaila dirudi hain txikia den objektu batek itxura hori izatea. Carnegie Institutuko prentsa oharrean bertan onartzen dute definizio horren “muturrean” legokeela Iratxoa, baina jakina da mediatikoki askoz hobe saldu daitekeela planeta nano bat, planetoide edo horrelako beste terminoren bat baino. Astronomoek argitu beharko dute hori, beti ere, Eguzki-sistemako objektuen sailkapenean ados jartzen badira.

Orain dela gutxira arte, uste zen Kuiperren gerrikoaren eta Oorten hodeiaren artean dagoen eremua hutsik zegoela, baina azken urteetan gero eta objektu gehiago ari dira aurkitzen barne Oorten hodeia deitutakoan. Oroitu beharra dago, Kuiperren gerrikoa egiaztatuta dagoela, baina Oorten hodeia epe luzeko kometen jatorria azaltzeko hipotesi bat dela momentuz.

Erreferentzia bibliografikoa

Sheppard, S., et al., (2018). A New High Perihelion Inner Oort Cloud Object. arXiv:1810.00013v1.


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.