Zeri buruz hitz egin da sarean asteon? Interneten euskaraz argitaratu diren zientzia-gaiak errepasatu ditugu eta hementxe dituzue laburbilduta. Hainbat gai jorratu dira egunotan: klima-aldaketa, osasuna, energia, genetika, teknologia… . Eman diezaiogun begirada bat.
Haurraren lehen bi urteak garrantzi handikoak dira. Sasoi horretan hizkuntzaren gaitasuna eta memoriaren garapena gauzatzen baitira. Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroko blogean haurrek bizi duten egoera sozioekonomikoak, arestian aipatutako gaitasunetan nola eragiten duen azaltzen digute. Berriki kaleratu den ikerketa baten emaitzei erreparatzen diete Achucarrokoek eta diotenez “egoera sozio-ekonomiko lazgarrian hasten diren haurrak, epe erdi eta luzerako ondorioak jasaten dituzte, barne-barnean ere.” Egoera larriak pairatzen dituzten umeen elikadura eskasa dela eta, hauek, etorkizunean gaixotasunak, atzerapenak jasateko aukera gehiago dituzte. Hau guztia Buru osasuna eta zerebroaren gaixotasun batzuk sehaskatik ekidin daitezke artikuluan.
XIX. mendetik aurrera zientzialariek taulatan sailkatu izan ohi dituzte elementu kimikoak, beraien propietateen arabera antolatuta. Taula periodikoa, elementu kimikoak oro har zenbaki atomiko txikienetik handienera sailkatzen diren diagrama da. Elementuen taula periodiko edota Mendeleiev taula bezala ezagutzen dugu. Eta taula periodikoa protagonista izan da egunotan bere 117. elementua, 2010ean detektatu zena, Ununseptioa berretsi duelako ikertzaile-talde batek. Ununseptioa taula periodikoko bigarren elementurik astunena da eta Eider Cartonek azaltzen digu gertatutakoa Elhuyar aldizkarian: Ununseptioa berretsi dute, taula periodikoaren 117. elementua.
Telesailak gustuko badituzue propio gomendatzen dizuegu artikulu hau. Ez du ohiko gai bat lantzen, izan ere genetika eta zientzia-fikzioa lotzen ditu. Pelikuletan zientzia ere izaten da protagonista, modu batean edo bestean… . Ezagunak dira, unibertsora bidaiak, kutxa gotor bat zabaltzeko matematika aditua behar duen lapur taldea, eta nola ez, birus maltzur batek sortarazten dituen kalteak edota guda biologikoa oinarrian dituzten filmak. Kasu honetan Koldo Garcia biologoak Edonolablogean zientzia-fikziozko telesailetan genetikak duen presentziari so egiten dio. Birusen manipulazio genetikoa, hilezkortasuna eta are gehiago: Genetika zientzia-fikziozko telesailetan artikuluan.
Telesailak albo batera utzi beharko ditugu oraingoan. Sofatik altxatu eta ondo etorriko zaigu ariketa apur bat egitea. Jon Irazusta eta Susana Gil EHUko irakasleek azaldu digute herrialde aurreratuetan batez ere, elikagaien eskuragarritasun handiagoak eta lan fisikoa egiteko beharraren murrizketak obesitateari bidea ireki diotela. Horrez gain kontuan izan behar da ere beste faktore bat, sedentarismoa. Guztiak du eragina gorputzaren gainpisuan. Eta gainpisu horri aurre egiteko jarduera eta ariketa fisikoaren onurak aztertzen dituzte Zientzia Kaiera gunean: Ariketa Fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat nola eta noiz? III. Gorputzaren osaera eta pisuaren kontrola.
Jone Castaños paleontologoak Mutrikun Kiputz IX aztarnategia ikertu du. Bertan harribitxi bat aurkitu du: Iberiar Penintsulan osorik mantentzen den bisonte garezur bakarra. Horrez gain, aztarnategian gordetako Historiaurreko faunaren argazkiak ere jaso ditu: 18 bisonte, 23 elur orein eta 48 orein. Ez dago penintsula osoan hainbeste bisonte, elur orein eta orein arrasto dituen beste gunerik. Dirudienez hemen oso handia zen animalia horien populazioa. Jonek lau urte eman ditu ikertzen, orain aste batzuk aurkeztu du tesia eta jada ez du ikertzen jarraitzeko aukera handirik sasoi eskasak direlako Euskal Herriko arkeologiarentzat. Iñigo Astiz kazetariak Berria egunkarian gaia lantzen du hainbat arkeologo, ikertzaile eta adituekin Arkeologiaren leizeak artikuluan. Izan ere, badago zer ikertu, non lan egin baina dirua falta da.
Arkeologiarako ez dira garai onak eta ezta erleentzat ere. Erleak landare askoren iraupenerako ezinbestekoak dira polinizatzaileak baitira. Hego Euskal Herrian, esaterako, gizakiak elikatzeko uzten %60tik gora daude neurri batean intsektu polinizatzaileen menpe. Beraz, intsektu polinizatzaileak desagertuz gero, hau da, erlea, zaila litzateke uzta horiek guztiak eta gizakien elikadura bermatzea. Pestiziden, gaitzen eta Asiako liztorraren eraginez, erleen kopurua gutxitzen ari da eta desagertzen badira ingurumenean eta, baita ere, ekonomian hainbat ondorio izango genituzke. Irene Arrizurieta kazetariak Berria egunkarian ematen digu honen berri Erlerik ez, bizitzarik ez artikuluan.
Ez dago urrun eguneroko objektuek informazioa trukatzen elkarrekin konektatuta ibiliko diren eguna. “Gauzen Internet” deitzen zaion sasoia ate joka omen dugu. Eta zer da “Gauzen Internet”?Kevin Ashton ikerlariak, 1999an RFID teknologia asmatu zuenean egin zen ezagun. Kontzeptu teoriko bat da, edozein objektu Internet bidez identifikatu eta besteekin komunikatzeko balioko lukeen ideia sinplea du oinarrian. Agian zaila da hori lortzea baina badirudi hurrengo urteetan, teknologiaren eta informazioaren gizartearen erronka nagusia izango dela. Aitor Aretxaga informatikariak azaltzen digu guztia Berrian egunkarian: Gauzen Interneten atarian.
Randolph Glaziarren Inbentarioan (RGI) munduko 200.000 glaziarrak zerrendatu dituzte. Hau da, 730.000 kilometro karratuko azalera jaso dute. Aipatutako glaziarrak aldi berean urtuko balira, 35 eta 47 cm artean igoko litzateke Lurraren itsas maila eta horrek eragin nabarmenak izango lituzke. Glaziarren bueltan hitz egin du Amaia Portugal kazetariak EHUko Ibai Rico glaziologoarekin. Izan ere, mundu osoko glaziarrek atzerapen bortitza izan dute azken hamarkadetan eta hau klima-aldaketaren neurgailua da. Ricok Pirinioetako glaziarrak ikertzen ditu eta bere hitzetan, Pirinioetako glaziarretan gizakiaren esku hartzeak ondorioak izan ditu. Glaziarrak eta klima-aldaketa Berria egunkarian: Klima aldaketa iragartzen.
Koldo Nuñezek Berria egunkarian naturako beste elementu batzuek ekarri dizkigu gogora, mugimendu sismikoak. Azken hilabeteotan izandako mugimendu sismikoak direla eta errepaso bat eman dio mugimendu tektonikoei eta sumendien aktibitate-bilakaerari. Izan ere, Koldok azaltzen digunez, aurtengo apirila geologikoki oso aktiboa izan da Pazifikoko plakaren ertzetan, inoiz baino lurrikara gehiago detektatu dira. Horietako batzuk oso indar handikoak izan dira, eta Txilen bertan 8ko indarrera iritsi dira Richter eskalan. Ez dakigu zergatik areagotu den plaka horren aktibitate sismikoa, eta ez dakigu sumendiak piztuko ote dituen. Horri buruz gehiago Sumendiak lo, gu ere lo? artikuluan.
Sumendien aktibitateak eta lurrikarek kalteak sortzen dituzte eta egon badaude ere, izugarrizko kalteak sortzen dituzten bestelako hondamendiak. Hor ditugu, esaterako, industria nuklearrean gertatutakoak: 1986. urteko Txernobilgo istripua eta 2011. urteko Fukushimako istripua. Aro Atomikoaren gertakari larriak. Honek gertatu ondoren nahiko ezaguna da industria nuklearrak azken hamarkadetan eta, munduko toki askotan, jasan duen gainbehera. Hainbat herrialdek energia nuklearretik kanpora egin dute eta beste hainbati ahuldu zaie horretarako kemena. Antonio Cantó dibulgatzaileak kontatzen digu Zientzia Kaiera blogean: Ez dago berpizkunde nuklearrik.
Munduko bi bazterretan ezagutzen da bakarrik jatorri naturala duen gertakari bitxi hau: milaka ipurtargik euren argiak pizten eta itzaltzen dituzte modu sinkronizatuan. Fenomeno hau Asiako hego ekialdean AEBko Great Smoky Mountains parke nazionalean ematen da. Honen berri eman zuen lehen aldiz 1651. urtean Alemanian jaio zen Engelbert Kaempfer zientzialariak eta sinkronizazio honen oinarria 1665. urtean Christiaan Huygens fisikari herbeheretarrak antzeman zuen oszilazio akoplatuan datza. Ondorioz, ipurtargi arrek argi-pultsuak igortzen dituzte batera gainontzeko ipurtargien frekuentziarekin doituz. Ibon Larrazabalek kontatzen digu Argia aldizkariko Liber Prodigium blogean: Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena”.
Christiaan Huygens fisikari herbeheretarra aipatu dugu lehen, ipurtargien argien sinkronizazioari azalpen bat bilatu nahian. Eta, hara nora, EHUko Kimika Fakultateko kimika fisikoko ikasleek argia eta Huygens ekarri dizkigute ere. Leire Lerga, Sara Lopez, Amaia Rada eta Aiala Urbegainek Nola ikasi kimika kuantikoa izutu gabeblogean argiaren naturari erreparatu diete. Esaten digutenez, XVII. mendean, argiaren naturari buruzko bi teoria garrantzitsu zeuden: batetik, Newtonen teoria eta bestetik Huygensena. Newtonen arabera argia partikula zen eta Huygensen arabera, uhina. Beraz, argia zer da, uhina ala partikula? Erantzuna A, B ala AB? Ai ama, ze nahaste!!! artikuluan.
Kimikako ikasleek elkarlanean aritu dira argia zer ote den “argitzen”. Beñardo Kortabarriak, besteak beste, Japoniako eta Kanadako ikertzaileak elkarlanean egindako ikerketa bat dakarkigu ere. Sagu, akuri eta bestelako karraskariekin egin duten ikerketari esker ondorioztatu dute garunean neurona berriak sortzen direnean ahazte-prozesu bat ere abiarazten dela. Eta prozesu hau behar-beharrezkoa omen da oroitzapenak galtzea neurona berriak sortzerakoan: “oroimenari modu eraginkorragoan lan egiteko aukera ematen diolako”. Elhuyar aldizkarian xehetasun guztiak: Neurona berriak ahanzturaren eragileak.
Nature aldizkarian argitaratu denez, ikertzaileek azken hiru hamarkadetan ekaitzen intentsitate maximoko puntu geografikoak aztertuz, behatu dute puntu horiek ekuatoretik geroz eta urrunago gertatzen direla. Zehazki, hamarkada bakoitzekoko latitudean gradu bat desplazatu dira ekuatoretik poloetaranzko norabidean. Joerak berdin jarraituz gero, baliteke hamarkada batzuetan ekaitz tropikalez libre egon diren eskualdeek ere kolpatzea. Mikel Irastorza biologoak ematen digu honen berri Euskalnatura gunean Ekaitzak ekuatoretik urruntzen ari dira.
Dodoa animalia mitologikoa zela uste zuten XIX. mendean baina ez, existitu zen eta Nagore Irazustabarrenak aurkezten digu Argia aldizkarian. Dodoa edo Raphus cucullatus, Indiako Ozeanoko Maurizio irlako espezie endemikoa zen. Metro bateko luzera zuen eta 13-25 kilo arteko pisua izan ohi zuen. Hego txikiak zituen eta ezin zuen hegan egin. Maurizio irlan bizi zen eta moko luze sendoari esker kokoak hausten zituen elikatzeko. Mehatxurik ezean, arrautzak lurrean erruten zituen eta inguruneari egokituta bizi zen, gizakia Mauriziora iritsi zen arte… . Dodoa umilatua eta suntsitua.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.