Marea beltza, hamaika urte igaro ondoren

Mugaldea

Javier San Martín

ubarroia

Istorio ezagunegia da berarekin txantxetan ibiltzeko. Azken atala, joan den urtean idatzi zen, orduan plazaratu baitzen Prestige kasuaren epaia. Hedabideek eman ziguten epaiko zigorren berri: Itsasontziaren kapitaina zen Apostolos Mangourasentzat bederatzi hilabete espetxean,… baina ez da kartzelara joango. Labur esanda, 11 urte ikerketan aritu ondoren, ondorioztatu dute ez zela errudunik izan. Alegia, inork ez omen zuen “plastilina hariez” hitz egin, inork ez zuen itsasoratu ontzi zaharkitu bat, barruan soldata eskaseko tripulazioa zihoala. Inor ez zen nonbait diru grinan ibili, eta inongo gobernu-delegatuak ere ez zien irainik egin hondartzak garbitzen ari zirenei. Itsasontzia berez hondoratu zen, eta gainera, gertaeraren ondorioak ez dira dagoeneko nabaritzen, El País aldizkarian esan dutenaren arabera.

Hau azkenekoa da, bai gai orokorrak jorratzen dituzten hedabideentzat, bai epaitegientzat, bai eta politikarientzat. Zientziak ordea, lanean jarraitzen du. Epitafio edo epilogo modura plazaratu ditu azken hitzak Biology Letters aldizkarian Vigoko Unibertsitateko Ekologia eta Animali Biologia saileko ikerlari talde batek.

Bai zientzialariek, bai bestelako hiritarrek, nahiko sinistua dute epe laburrera nabaritzen direla isuri handiek itsas medioari eta zehazkiago itsas hegaztiei dakarzkieten kalteak.

Egia da petrolio-isuriek epe laburrean fauna asko hiltzen dutela, baina egia da era berean nekez finka daitezkeela isurien epe luzerako eraginak. Izan ere, ondorengo egoera aurreko egoerarekin alderatzeko, beharrezkoak dira naufragio aurreko egoerari buruzko ikerketak.

Zientzia pozik egon daiteke, Prestigeren kasuan bai baitaude aurretiko ikerketak. 1994tik aurrera Álvaro Barros eta Vigoko Unibertsitateko bere lankideek, azken 19 urteotan aztertu dute ubarroi mottodunen (Phalacrocorax aristotelis) 2500 habiatako ugalketa jarduera. Emaitzak argigarriak dira oso: urteko ugalketa-arrakastak behera egin zuen %45ean.

Emaitza hauek iritsi ahal izateko, zientzialariek bitan sailkatu dituzte bere ikasketa-zonaldeak. Alde batetik, Costa da Mortetik hegoalderanzko koloniak, kaltetuenak, eta beste alde batetik gune horretatik iparralderantz zeudenak eta Asturiasen zeudenak. “Ondorioztatu dugu kalteturik gertatu ez ziren zonaldeetako hegaztiek bere ugalketa-arrakasta horretan jarraitu zutela gutxi gorabehera. Gehien petrolioztatu zen zonaldean aldiz, hegaztiek %45 txita gutxiago atera zituzten aurrera” dio Barriosek.

Barrosek eta lankideek azaltzen dute isuriek nola eragingo zien hegaztiei. “Alde batetik, badugu hegaztien egoera fisikoa. Hidrokarburoek ingurunean jarraitzen dute, eta hegazti hauek, kate trofikoaren gune gorenenetan daudelarik, jan eta biometatu egiten dituzte gai kutsatzaileak. Horrek fisikoki eragiten dio bai nagusien biziraupenari, bai eta txiten egoera fisikoari ere. Hau ez da egiaztatu ubarroi mottodunaren kasuan, baina bai kaio hankahoriaren kasuan Parque Nacional de las Islas Atlánticas zonalde horretan. Barriosen esanetan, hegazti honek ubarroiak bezala jokatzen du bai elikadurari dagokionez eran, bai eta hazierari dagokionez ere.

Bigarrenik, elikagai-eskuragarritasunari eragin dio istripuak. Parque Nacional de las Islas Atláticas zonalde hori zen ubarroi mottodunen bizigune nagusia. Bertan, ia guztiz desagertu zen arrain bat, hegazti hauen dietaren %90a osatzen zuen arraina. Egoerak bere horretan jarraitu bazuen epe luzera, elikagaien kalitateak behera egingo zuen larriki, eta hegaztiak ez ziren gai izango harrapakina hain ugaria zen garaian bezainbeste txitak hazteko.

Álvaro Barrosek eta bere lankideek eraztuneztatutako bikoteetako bat. Grafika: 1994-2012 tarteko ugalketa-arrakasta, ubarroi mottodunetan. Kaltetutako zonaldeko bikoteak, zirkulu beltzen bidez irudikatu dira. Kaltetu gabeko zonaldea, zuriz azaltzen da isuria gertatu aurretik eta gertatu ostean.
Álvaro Barrosek eta bere lankideek eraztuneztatutako bikoteetako bat.
Grafika: 1994-2012 tarteko ugalketa-arrakasta, ubarroi mottodunetan. Kaltetutako zonaldeko bikoteak, zirkulu beltzen bidez irudikatu dira. Kaltetu gabeko zonaldea, zuriz azaltzen da isuria gertatu aurretik eta gertatu ostean.

Zientzialariek alde batera utzi dute petrolioz inguraturiko ubarroi hauen ugalketa-beherakada azaltzeko bestelako hipotesirik. Kontuan hartzekoa da klima garrantzitsua dela hegazti hauen errunaldian eta ugalketa-arrakastan. Espezie exotiko modura sartu zen bisoi amerikarrak ere hainbat triskantzak egin ditu kolonia hauetan. Hala ere, honelakoak ez dira nahiko beherakada ulertzeko. Bestetik, ez da ezagutzen iparreko eta hegoaldeko zonaldeei hain desberdin eragin dien baldintzarik. Horrela ba, Prestige hartu dute ikusmiran, ugalketa-beherakadaren eragile gisa.

Espeziearen etorkizunari begira, Barrosek onartzen du zaila dela ezer aurreikustea. Parke horretan biltzen ziren Phalcrocorax aristotelis espeziearen bikoteen %80ak. Parkearen logotipoan ere azaltzen zen espezie hau, hain zen espezie garrantzitsua zonaldean. Barriosen ustez, zaila da epe laburrera espeziea suntsitzea, baina “baldin eta espeziarentzat zonalde nagusia zen horretan aldatzen ez badira baldintzak, etorkizun beltza aurreikusten da”.

Vigoko zientzialari hauen lanak, gezurtatu egin du hondartza hauen ustezko garbitasuna, zeren eta, diotenez, “agerian jartzen ari gara hondartzak azalean garbitu arren petrolioa itsas medioan geratu eta epe luzerako eragina daukala”.

Ubarroi 2

Zapuztuta sentitzen da zeren eta “kutsatzen duenak ez du zigorrik hartzen” esan du, epaiari buruzko iritzia eskatu zaionean.

Oso ikerketa gutxi dira hain denbora tarte luzean eginak, eta ondorio modura, lanean aldarrikatzen da monitorizatu egin beharko litzatekeela ekosistemen epe luzerako bilakaera. Horrela, saihestu egingo litzateke petrolio-isuri handiek itsas organismoei hain larriki eragitea. Alvaro Barrosen esanetan, “ikerketa honek argi adieraziko die ikertzaileei bestelako espezieak ere aztertu beharko liratekeela, antzerako metodologia erabilita. Berez, ikusi beharko litzateke noraino jarraitzen duen Prestigek zonaldeari eragiten. Batez ere, hainbat zientzia-oinarri finkatu beharko lirateke etorkizunean egin daitezkeen ekimenak egitarau batean biltzeko. Izan ere, honelakorik berriz gertatuko ez dela ziurtatzeko beste ez dira aldatu itsasoko ziurtasun-neurriak, eta autoritateek onartu egin beharko lukete ondorengo lau hilabeteetan ez direla ezabatzen honelako istripuen ondorioak. Horrela, epe ertain eta luzerako berreskurapen-plangintza bat egin beharko dute. Hau ezin da amaiera izan”


Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) (@ACTIVATUNEURONA) kazetaria da, eta artikulu hau Activa Tu Neurona blogaren kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin


Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.