XVIII. mendearen erdialdea baino lehen, mendebalde kristauko jakintsu edo filosofo natural gutxik jartzen zituen zalantzan Moisesen narrazioetatik eratorritako kronologiak. Uste zuten Lurra giza historiaren erregistroaren milaka urte apurrak baino apur bat zaharragoa zela.
Hala ere, XVIII. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, Lurraren geruzei eta fosilei buruzko ikerketak iradokitzen hasi ziren lurrazalak ezin konta ahaleko eratze- eta suntsitze-ziklo jasan zituela, eta etengabe aldatzen ziren organismo bizi pilo baten bizilekua izan zela gizakiak agertu baino askoz lehenago.
Hala ere, Lurraren adina zehazteko auziak ezin helduzkoa zirudien giza ulermenerako, eta halaxe aitortu zuten, besteak beste, James Hutton edo Charles Lyell-en mailako geologoek. Izan ere, 1840rako jada identifikatuak eta hurrenkera kronologikoan jarriak izan ziren zutabe estratigrafikoaren azpizatiketa garrantzitsuenak; hala ere, eskalarik gabeko kronologia bat zen, datarik gabeko Lurraren historia bat.
1859an Charles Darwin, Espezieen jatorrian, data geologiko bat zehazten saiatu zen: kalkulatu zuen zenbat denbora beharko zen lurraren estratuen lodiera jakin bat higatzeko. Ondorioztatu zuen gutxienez 300 milioi urte beharko zirela Ingalaterrako hegoaldeko Weald barrutiko estratu berri samarrak desagerrarazteko, eta horrek berehalako erantzuna ekarri zuen. Hurrengo urtean, John Phillipsek ―1841ean denbora-eskala geologikoaren lehen saioa egin zuena, fosilen korrelazioan oinarrituta― baieztatu zuen zifra hori okerra zela, eta zutabe estratigrafiko osoa higatzeko nahikoa izango zirela, gehienez ere, 100 milioi urte.
Geroxeago, William Thomson fisikariak (geroago Kelvin baroia) kalkulatu zuen 100 milioi urte nahikoa eta gehiago zirela Lurra gaur egun duen tenperaturaraino hozteko, jatorrizko egoera erabat urtu batetik abiatuta. Kelvinen ondorioek ―Lurra oinarrizko nebulosa batetik sortua zelako hipotesi zabaldu eta onartuan oinarrituta, eta indartsu agertzen ziren termodinamika-teorietan funtsatuta― eredua ezarri zuten XIX. mendearen amaiera arte. Geroago, higadura- eta sedimentazio-abiaduren, eguzki-erradiazioaren eta hoztearen, Ilargiaren eta ozeanoen eraketaren unearen kalkuluak bat etorri ziren urte-kopuru gutxi gorabeherako batean: 100 milioi urte.
Dena aldatu zen 1903an deskubritzean elementu erradioaktiboek beroa etengabe igortzen dutela. Hurrengo urtean, Ernest Rutherfordek iradoki zuen harrien adinak kalkulatzeko metodo bat eman zezakeela elementu erradioaktiboek beren desintegrazio-produktuekiko zuten ugaritasun-ratioak. Robert John Strutt-ek eta bere ikasle Arthur Holmes-ek Rutherforden ideia garatu zuten. 1911rako Holmesek erabilia zuen uranio/berun ratioa Kanbriarraurreko hainbat harriren adinak kalkulatzeko. Antza, harrietako batek 1600 milioi urte zituen.
Lurraren adinaren jauzi itzel horrek ekarri zuen zientzialari asko hasieran eszeptiko agertzea. Hogei urte geroago, neurri batean Holmesen lanari esker, geologo gehienek onartu egiten zuten datatze erradioaktiboa metodo fidagarriena zela harrien adina eta Lurrarena berarena zehazteko. Datatze erradioaktiboa berresteko erabakigarriak izan ziren 1913an isotopoak deskubritzea eta 30eko urteetan masen espektrometro modernoa garatzea.
40ko urteetan, metodo erradioaktiboak jada ezarriak zituen Lurraren adinaren muga batzuk, 4000 eta 5000 milioi urteren artean. 1956an Clair Cameron Pattersonek lurraren azaleko isotopoak alderatu zituen bost meteoritoren isotopoekin. Hori oinarri hartuta, ondorioztatu zuen bai Lurraren adina, bai meteoritoena 4.550 ± 70 milioi urtekoa zela. Geroagoko zehaztapen guztiek berresten dute Pattersonen datua, gaur egun oro har onartutako balioa 4.540 ± 50 milioi urtekoa delarik.
Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta
Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao
4 iruzkinak
Oso interesgarria benetan.
Memoriak huts egiten ez badit Neil de Grasse zientzialariak bere Cosmos zientzia dibulgazio seriean. Gai hau jorratzen zuen. Non lotzen zuen berundutako gasolinaren kontrako borrokarekin. Antza bi gai hauek oso erlazionaturik daude, tartean uranioa dela. Beruna bait da azken honen erradiazio deskonposaketa katearen amaiera.
Ondo segi eta urte berri on.
[…] egoera erabat urtu batetik abiatuta. Lurraren adina zehazten jarraitu zuten hainbat adituk, jo ezazue artikulura hipotesi horiek […]
[…] naturalista gehienek uste zuten Lurra oso gaztea zela (ikus “Lurraren adinaz” artikulua), eta antzinako testuak nahiz euren behaketa propioak hartzen zituzten aintzat […]
[…] unibertsoaren adina 2.000 milioi urte ingurukoa zen, baina paradoxikoa zen emaitza; izan ere, Lurraren adinaren zehaztapen erradiometrikoek askoz antzinagora bidaltzen zuten […]