Marie Curie aipatzen den bakoitzean, miresmen handiko isiltasuna sortzen da inguruan, haren ondotik ezer egongo ez balitz bezala, agian amildegia bakarrik, eta Curie bera osotasuna izango balitz bezala. Oso zaila behar du izan bi Nobel saridunen alaba izatea. Areago familia hori Curietarrak (Pierre eta Marie fisikariak) baldin badira. Jaio zenetik, Irène Joliot-Curieri oso pisutsua egin zitzaion abizena. Eta ez da gutxiagorako.
Rafa Cabeleira kazetariak duela gutxi idatzi zuen artikulu batean gurasoek arrakasta izan duten ogibide bera aukeratzea hondamendirako apustu bikaina dela. Guztioi gerta dakiguke, eta jakina, alderaketak gorrotagarriak dira. Izan ere, kasu honetan, ezin da ukatu zientziaren munduan mito bat dela Madame Curie, baina ezin da ukatu bere alabak ere gauza izugarriak egin zituela. Patuari iskin egin zion Irènek; eta kontrakoa bazirudien ere, Marie Curieren itzalak ez zuen inoiz bere alabarena jan.
Irènek, bere senarrarekin batera, Kimikako Nobel saria irabazi zuen 1935ean, erradioaktibitate artifiziala aurkitzeagatik. Lan hura artikulu batean laburbildu zuten, Production artificielle d’éléments radioactifs. Preuve chimique de la transmutation des éléments (1934) izenekoan, alegia. Bakarka zein bere senarraren laguntzaz, lan garrantzitsuak egin zituen erradioaktibitate naturala eta artifizialaren inguruan, elementuen transmutazioan eta fisika nuklearrean, besteak beste.
Bere eskola, etxea
Txikitatik matematikarako erraztasuna agertu zuen Irènek. Hamar urte bete zituenean, etxea zuen eskola egiatan; haren irakasleak Marie Curie, Paul Langevin eta Jean Perrin izan ziren. Fisika eta Matematika ikasten hasi zen Frantziako Sorbonan 1914an baina Lehenengo Mundu Gerraren kariaz ikasketak utzi, eta Belgikako eta Frantziako ospitale militarretan hasi zen lanean, erradiologia departamentuetan, bere amari laguntzen, hain zuzen ere. Gerra amaituta, Domina eman zioten gerraren testuinguruan egindako lan harengatik.
1919an, Radioaren Institutuan hasi zen lanean, amaren laguntzaile gisa. Bere ikerketa propioak ere egin zituen, hala nola 1925ean amaitu zuen polonioaren alfa partikulei buruzko tesia Parisko Unibertsitatean. Geroago, Radioaren Institutuan, Frédéric Joliot ezagutu zuen, han hasi baitzen lanean eta Irènek irakatsi egin zion erradioaktibitatearekin lan egiteko ezagutu behar zituen teknika oro. Horren ondotik, bikotea ezkondu egin zen eta handik aurrera elkarrekin lanean jarraitu zuten.
Urteetan zehar, ikerketa ugari egin zituzten, modu artifizialean sortutako erradioaktibitatea kasu, egindakoen artean esanguratsuena. Lehenengo aldiz frogatu zuten erradioisotopo artifizialen sorrera boroaren eta aluminioaren nukleoak alfa partikulekin bonbardatuz (helio-nukleoak). Harrituta gelditu ziren bonbardatutako sustantzietan erradiazioak jarraitu egiten zuelako. Guztira, 400 erradioisotopo berri baino gehiago lortu zituzten.
Alabaina, Nobel saria lortu aurretik beste bi ikerketa abiatu zituzten baina bietan huts egin zuten. 1932an, Irènek eta Frédéricek neutroiak lehenengo aldiz interpretatzeko esperimentu bat egin zuten baina ez ziren horiek modu zuzenean identifikatzera iritsi. Geroxeago, James Chadwickek esperimentua errepikatu, eta irakurketa zuzena eginda, neutroiak identifikatu zituen. Modu berean gertatu zen positroiak aurkitu zituztenean. Joliot-Curie senar-emazteak oso gertu izan zuten eureka momentua baina azkenean Carl David Andersonek aurrea hartu zien. Dena dela, ezin daiteke esan inolaz ere Irènek eta Frédéricek porrot egin zutenik, ez litzateke zilegi izango. Thomas Edisonek behin esan zuen moduan: “Ez dut hutsik egin, bonbilla bat gaizki egiteko 999 modu aurkitu ditut soilik”. Akatsaren edertasuna.
Arma nuklearren garaia
Esperimentu horiek atzen utziz, fisika nuklearrari buruzko ikerlanetan murgildu ziren. Izan ere, identifikatu zituzten fisio nuklearrean parte hartzen duten elementuak eta modu berean, erradioaktibitatearen erabilerak izango zuen inpaktu sozialaz hausnartu zuten. 1938an, bere ikerketa-lana neutroien ekintza elementu astunen gainean izan zen, aurrerapauso handia izan zen gerora uranioaren fisioaren aurkikuntza egiteko.
Haatik, mundu nuklearraren ateak ireki zituzten erabat, arma nuklearrak sortzen eta erabiltzen hasi ziren. 1945ean Hiroshiman eta Nagasakin jazotako bonbardaketa atomikoa izan zen esanguratsuena baina beste hainbat adibide daude harrezkero. Jakina, zientzialariek proiektu horietan parte hartu zuten baina batzuk ez zeuden ados, Joliot-Curie senar-emazteak kasu. Kontrako jarrera honek Energia Atomikoko Batzordeko postuetatik horiek kanporatzea eragin zuen 1950ean.
Dena dela, garai hartan, Radioaren Institutuan zuzendari izaten jarraitu zuen Irènek eta Parisko Zientzien Fakultatean irakasle izan zen 1937tik aurrera. Gainera, bere laborategi propioa eraikitzea erabaki zuen bere senarrarekin, Energia Atomikoko Batzordetik kaleratu zutenean, hain zuzen. Orsayko Unibertsitatean fisika nuklearreko laborategi berria izango zenaren planoak diseinatu zituen 1955ean. Ez zuen bere ametsetako laborategia eraikita ikusi leuzemiaz jota hil zelako urtebete geroago, bere bizitzan zehar jasandako erradiazioak eraginda. Bere senarrak, aldiz, bai.
Zientziaz gain, politikan ere izan zuen interesa Irènek. Adibidez, Espainiako Gerra Zibilaren hasieran, Espainiako Errepublikako Gobernuan parte hartu zuen eta urte berean, 1936an, Frantziako Frente Popularreko gobernuko kide izan zen beste bi emakumerekin batera. Horretaz gain, emakumeen aldeko aurrerapen sozialetan parte hartu zuen; esaterako, Emakume Frantziarren Batasuneko Batzorde Nazionaleko, eta Bakearen Munduko Kontseiluko kide izan zen. 1943an, Suitzako mugan atxilotu zuten, naziengandik ihes egiten ari zenean. Bere ama hain zen ezaguna, ezen kartzelatik ateratzeko ahalegina egin baitzuten bere abizenagatik baina Irènek ez zuen inolako pribilegiorik nahi. Hortaz, kartzelan jarraitu zuen askatu zuten arte.
Curie abizena aipatzen den bakoitzean, Marie datorkigu burura eta ez bere alaba, Irène. Ez dugu nahita egiten, biak izan direlako zientzian eredu. Bada, zalantzarik izan ote zuen Irènek bere ikasketak hautatzerako garaian, amaren arrakasta ikusita? Zalantzak zalantza, ondo maneiatu zuen horrek zekarren presioa, ez zuen beldurrik izan eta azkenean, lan bikaina egin zuen, bere amaren parekoa. Amaitzeko, Cabeleira kazetariak artikulu hartan esandako esaldi bat etorri zait burura: agian garai hartan mundu guztia ziur zegoen Irèneren porrotaz, bere amak egin zuena oso zaila baitzen gainditzea, baina horrek, azken batean, ez al du kontrako efektua eragiten? Akaso jendeak ez zuen Irènerengan sinisten eta horregatik, litekeena zena gertatu zen: arrakasta izan zuen.
Iturriak
- Biografías y Vidas: Irène Joliot-Curie
- Elhuyar aldizkaria: Irene Joliot Curie
- Mujeres con ciencia: Irène Joliot-Curie, Premio Nobel de Química
- The Nobel Prize: Irène Joliot-Curie
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.