Sentitzen dut

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Zientzialariak aspalditik arduratu dira garunaren eta nerbio-sistemaren funtzionamenduaz. Horrek azaltzen du, esaterako, nola sentitzen ditugun besteen emozioak eta zergatik garen gai -edo ez- enpatikoak izateko. Mina sentituko zenuke deskarga elektriko bat jasaten ari den kide bat ikusiko bazenu? Bada, Current Biology aldizkarian argitaratu berri den ikerketa baten emaitzek erakutsi dutenez, arratoiak gai dira beste arratoien mina haien buruan sentitzeko. Aurkikuntza honek ispilu-neuronen funtzioak ulertzeko eta azaltzeko baliagarria izango da eta, hortik, gizakiok emozioak sentitzeko dugun mekanismo biologikoa argitzen lagundu dezake.

1. irudia: Arratoiak gai dira beste arratoien mina eta beldurra sentitzeko. (Argazkia: Robert-Owen-Wahl – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Mekanismo horien zergatian sakontzeko, nerbio-sistemaren osagai nagusienaz hitz egin behar da, alegia, neuronetaz. Nerbio-sistemaren beste osagaien funtzioa neuronen lana ahalbidetzea da, horixe baita guztiaren funtsa. Nerbio-sistema, azken batean, elkarren artean konektatuta dauden neurona multzo izugarria da. Neuronak hizpide izan dira Zientzia Kaieran, geure inguruan dagoen guztia hautemateko, ulertzeko eta ezagutzeko oinarrizko eta funtsezko zelulak baitira. Neuronek jasotzen eta igortzen duten informazioari esker gara garen bezalakoak.

Neuronak, zelula bereziak

Mota desberdinetako neuronak daude eta haien artean itxura ezberdina badute ere, neurona guztiek antzeko atalak dituzte. Formaren aldetik, palmondo batekin aldera daiteke neurona. Goiko aldean, hostoen barruan, gorputz zelularra edo soma dago eta bertan kokatzen da zelularen nukleoa. Hostoak dendritak lirateke, hau da, zelularen luzapenak. Somatik ateratzen diren dendrita horiek neuronara iristen diren seinaleak jasotzen dituzte. Axoia -palmondoaren enborra-, dendriten antzeko luzapena da, baina, normalean bakarra izaten da. Kasu honetan, bere funtzioa informazioa beste neurona bati igortzea da. Geure enborraren amaieran axioiaren terminala legoke, alegia, axioiaren bukaera osatzen duen atala. Bere sustrai anitzek beste zelulekin komunikatzeko balio dute. Neuronen egituraren zehaztasunak BozemanSciencek argitaratutako bideo argigarri honetan ikus daiteke, esaterako.

Ispilu-neuronen aurkikuntza

Ispilu-neuronak Giacomo Rizzolatti ikertzaileak identifikatu zituen 90eko hamarkadaren amaiera aldera egindako lan batzuei esker. Rizzolatti eta bere lankideek makakoekin lan egiten zuten eta esperimentu haietan, makako bati kaskezurrean egindako zulotxo batetik elektrodoak jarri zizkioten. Elektrodoak kortex motorreko neuronak aztertzeko jarri zituzten, hain zuzen ere muskuluak mugitzeko aginduak ematen dituzten neuronetan. Esperimentu horiek egiten ari zirela, ustekabez, makako bati muskuluak mugitzeko neuronak aktibatu zitzaizkion gizaki baten mugimendua ikusi zuenean. Nolabait, mugimendu jakin bat ikustearekin bakarrik, halako mugimendua sortzeko neuronak aktiba daitezke. Hortaz, beste norbait mugitzen ari dela behatzean ispilu-neuronak aktibatu egiten dira, ekintza hori egingo bagenu bezala.

Ispilu-neuronak besteen intentzioak ulertzeko eta imitatzeko gaitasunaren zergatia izan daiteke. Neurona horiei esker, beste norbaiten jokabidea ikustean bere asmoak eta intentzioak aurreikusi ditzakegu. Horrexegatik uste da ispilu-neuronei esker jaioberriek beste pertsonak imitatzeko duten gaitasuna jatorrizkoa izan daitekeela. Gizakiok hizkuntza garatzeko dugun ahalmenaren zergatia ere ispilu-neuronetan egon daiteke, baina, momentuz hipotesi hutsak dira.

Arratoiak kideen mina sentitzen dute

Gizakion neuroirudikapen ikerketek erakutsi dutenez, geure buruan mina sentitzen dugunean garunaren atal bat aktibatzen da, kortex zingulatua deritzona. Jakina denez, beste norbait mina jasaten ikuste dugunean eremu hori bera aktibatzen da. Hori jakinda, Maria Carrillo eta bere lankideek ikerketa bat argitaratu berri dute zeinetan mekanismo horren azalpenak bilatzen hasi diren. Carrilloren hipotesien arabera, aurreko kortex zingulatuan -aktibatzen den zonalde zehatzean- ispilu-neuronak egon behar dira eta mina pairatzen ari den kide bat ikustean aktibatu egiten dira. Horren ondorioz, ikusleak ere mina sentitzen du. Arratoiekin egin dute lan eta, lehen aldiz arratoien enpatiaren teoria garatzen hasi dira.

Esperimentuetan hainbat arratoirekin egin dute lan, eta arratoi batzuk behartzen zituzten beste batzuk mina jasaten ikustea -deskarga elektriko txikien bidez eragindako mina-. Ikerketa horren emaitzek adierazi dutenez, arratoiak gai dira beste arratoien mina haien buruan sentitzeko, baita beldurraren kasuan ere. Arratoiek beldurra dutenean geldi geratzen dira, arriskuetatik babesteko. Ikerketan ikusi denez, beldurra duen arratoi bat ikustean, haiek ere geldi geratzen dira. Era berean, drogen bidez kortex zingulatuko neuronak desaktibatuta uzten zituztenean, ez zituzten erreakzio horiek ikusten.

Orain arte ispilu-neuronak mugimenduari lotuta bakarrik identifikatu dira, baina, ikerketa honek lehen aldiz emozioak ispilu-neuronekin lotu ahal izan ditu. Ikertzaileek diotenez, arratoien kasuan eta gizakion kasuan garuneko atal berak aktibatzen dira, hortaz, litekeena da geure garunak ere antzeko moduan lan egitea. Hala ere, momentuz hipotesiak besterik ez dira. Horrekin lotuta, esan behar da sarri askotan ispilu-neuronen gaitasunak modu desegokian azaldu direla eta ez dela argi utzi une honetan frogak behar direla ispilu-neuronen garrantzia eta funtzioa hobeto ulertzeko.

Erreferentzia bibliografikoa

Carrillo, M., Han, Y., Migliorati, F., Liu, M., Gazzola, V., Keysers, C. (2019). Emotional mirror neurons in the rats anterior cingulate cortex. Current Biology, 29(8), 1301-1312. DOI: 10.1016/j.cub.2019.03.024

Informazio osagarria


Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.