“Artea eta Zientzia uztartuz”, hau izango da Fernando Baptistak eskainiko digun hitzaldiaren izenburua, datorren Martxoaren 2an eguerdiko 12:00etan Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean.
Fernando Baptista munduko infografista entzutetsuenetariko bat dugu eta gaur egun Washingtongo National Geographic aldizkarian lan egiten du. Bere lana dela-eta pertsona oso urruna iruditu dakigukeen arren, Bilbon jaiotakoa da, Leioan Arte Ederretan lizentziatua eta urteetan zehar El Correo egunkarian lanean aritutakoa.
Datorren asteazkenean bere historia entzuteko aukera izango dugu, bere egunerokotasuna National Geographicen, bere metodologia, teknikak, esperientziak eta ilustrazio zientifikoarekiko ikuspegia. Edozein dokumentu zientifikotan agertzen den eta arte ederren eta zientzien artean kokatzen den diziplina dugu berau, askorentzat ezezaguna izan arren oraindik ere.
Fernandoren agerpenarekin batera, III Nazioarteko Ilustrazio Zientifiko arloko Sariari dagokion erakusketa ikusteko aukera ere izango dugu. Momentuz, hautaturiko 40 ilustrazioak Fakultatean zehar jarritako pantailetan miretsi ahalko ditugu, baina laster haiek paperean izatea espero dugu.
Erakusketaren antolatzailea Il·lustraciència da. Il·lustraciència Associació Catalana de Comunicació Científica (ACCC)-ren baitan jaio zen eta Zientzia eta Teknologiaren aldeko Espainiar Fundazioa (FECYT)-k babesten du. Ilustrazio zientifikoaren garrantzia zabaltzeko helburuarekin Espainian antolatzen den ekitaldi garrantzitsuena da oraingo hau.
ZTF-FCTk antolatua eta NorArte Estudioaren laguntzaz, Fernando Baptista eta Il·lustraciènciaren eskutik datorkigun artea eta zientzia uztartzen dituen diziplina. Berori ezagutzera hurbil zaitezte, ziur baikaude ikasteko eta gozatzeko aukera bikaina izango dugula.
Artea eta zientzia uztartuz
- Data
- Ordutegia
- 12:00etatik 13:00etara
- Tokia
- Zientzia eta Teknologia Fakultatea
- Helbidea
- Bizkaiko Campusa, UPV/EHU, Sarriena Auzoa z.g., Leioa