Klima aldaketa uraren ikuspegitik: nondik gatoz?, norantz goaz?

Ekitaldiak

Astelehenean, irailaren 30a, Ondarroako Beikozinin Zientziaren Giltzak Elkarteak antolatuta Klima aldaketa uraren ikuspegitik: nondik gatoz?, norantz goaz?” hitzaldia eskainiko da, Iñaki Antiguedad ikertzailearen eskutik.

Gaia

Asko hitz egiten da klimaren aldaketaz hedabideetan, baina gehienetan tenperaturaren igoerarekin (beroketa globala) lotzen da aldaketa, gerora begira prezipitazioetan izan daitezkeen gorabeherak bazter uzten direla.

Horrexegatik da garrantzitsua klima aldaketa urarekin ere lotzea, ura ezinbesteko gaia delako, bizimoduaren baldintzatzailea. Hortaz, noizbehinka hidrologoei egiten zaigun galdera hauxe da: zer-nolako emariak izango dira gure erreketan, edo iturrietan, mende honen erdian, kasurako? Zelako joerak aurreikusten dira ur kontuetan?

Normalean galdetzen ez zaiguna zera da: Zer gertatu da gure erreketan azkeneko hamarkadetan? Izan ere, gertatua dena hortxe dago, jasotako emari-datuetan, gertatzekoa dena, ordea, zalantzazkoa da, oso, beraz, egon badago aldea!

Hitzaldian saiatuko gara bi galderak erantzuten: nondik gatozen(segurua dena) eta nora goazen (dudazkoa). Eta agerian utziko dugu gerora begira ur-sistemetan izan daitezkeen aldaketak ez direla klimaren aldaketatik bakarrik etorriko baizik eta lurraldearen antolamendutik ere (batez ere, lurzoruen okupazio modutik).

Fitxa biografikoa

Iñaki Antiguedad Auzmendi, Bilbon jaioa 1955ean, Geologian Doktorea eta Hidrogeologian Katedraduna da. EHUn lizentziatu zen (1978) eta bertan segitzen du, irakasle eta ikerlari. Irakaskuntzan eta ikerkuntzan beti Ura-Lurraldea uztarriari lotutako gaietan jardun du.

Eusko Jaurlaritzak onetsitako Ikertalde Kontsolidatu baten (Hidro-Ingurumeneko prozesuak) arduraduna da. Hainbat proiektutan hartu du parte, bertan, estatuan zein Europan, eta artikulu zientifiko ugari argitara eman.

Honakoa dira bere ikerketa-ildo nagusiak: ur-sistemen dinamika (ibaiak, akuiferoak, hezeguneak) fluxu eta materia aldetik (kutsadura, sedimentuak), etorkizunean izan daitezkeen klima-eszenarioetako ur erregimenen aurreikuspena (modelizazioa) lurzoruen erabileraren eragina oinarri hartuta (Ura eta Lurra uztarrian hartuta, Ibai-Arroaren mugartean).

Ikerketa-bideak zabaltzeko beste diziplinetako ikertzaileekin ari da elkarlanean. Hortik dator “Global Change and Heritage” izeneko Prestakuntza eta Ikerkuntzarako Unitatea sortu izana EHUn. Unitate honen bidetik ere eratorriak dira Lurraldea, Paisaia eta Ondare Katedra eta Doktorego Programa bat. Funtsean, saiatzen dira Uraren bidez Lurraldean eragina duten jarduerak aztertzen, eta hau guztia diziplinarteko ikuspegi batetik lantzen.

Hitzordua

“Klima aldaketa uraren ikuspegitik: nondik gatoz?, norantz goaz?” hitzaldia Ondarroako Beikozinin izango da irailaren 30ean, arratsaldeko 18:30etan, Zientziaren Giltzak Elkartearen eskutik. Bertara joaterik ez duenak Periscopetik zuzenean jarraitu ahal izango du.

Klima aldaketa uraren ikuspegitik: nondik gatoz?, norantz goaz?

Data
Ordutegia
18:30etatik 20:00etara
Tokia
Beikozini
Helbidea
Iparragirre kalea, 10, Ondarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.