“Naturaren sekretua” dokumentalaren emanaldia eta ondorengo solasaldia Ondarroan

Ekitaldiak

Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak ekoitzitako eta José Antonio Pérez Ledok zuzendutako Naturaren sekretua dokumentala datorren maiatzaren 26an, astelehena, 18:30ean ikusi ahal izango da Ondarroako Kofradia Zaharrean. Sarrera librea lekuak bete arte.

Ikus-entzunezko lan hau Pedro Miguel Etxenike, Euskal Herriko Unibertsitateko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedradunaren eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) presidentearen bizitza eta lana ezagutzeko aukera da.

55 minutuko iraupena duen dokumentalak zientziaren garrantziaz hitz egiteko ariketa bat da. Izan ere, Etxenikeren hitzetan, zientzia “etorkizun justuago eta gizatiarrago baten itxaropena ematen digun hazi eraldatzailea da. Kulturalki garrantzitsua, ekonomikoki erabakigarria eta estetikoki ederra da”.

Horrela, Etxenikek zientziaren inguruan egindako hausnarketak azaltzen dizkio ikusleari, zientzia zer den eta zertan datzan hausnartuz.

UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendaria den Iker Badiolak aurkeztuko du dokumentala. Emanaldiaren ondoren, Pedro Miguel Etxenikek elkarrizketa-solasaldia izango du Ana Urkizarekin, Eusko Ikaskuntzaren lehendakaria.

Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak, Zientziaren Giltzak Elkarteak (ZGE), Eusko Ikaskuntzak, Ondarroako Udalak, DIPCk, eta UPV/EHUko Kultura Zientifokoko Katedrak antolatzen dute ekitaldia. Dokumentalaren emanaldia Zientziaren Giltzak Elkartearen (ZGE) 10. urteurrena ospatzeko ekintzen barruan dago.

“Naturaren sekretua” dokumentalaren emanaldia eta ondorengo solasaldia Ondarroan

Data
Ordutegia
18:30etatik 20:00etara
Tokia
Kofradia Zaharra
Helbidea
Azoka plaza, 35, Ondarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.