Zazpi deabru txikiak

#KZJaia · Dibulgazioa

Christian Bohr
Christian Bohr

Zientziaz gutxieneko ezagutza duen jendeak badaki nor zen Niels Bohr fisikaria. Duela 101 urte, mekanika kuantikoari bidea ireki zion atomo eredua, berak proposatu zuen. Baina gehienek ez dakite nor zen Christian Bohr, Niels fisikari eta Harald matematikari eta futbolariaren aita. Christian Bohr fisiologoa zen, bere garaiko fisiologorik handienetako bat hain zuzen ere. Baina maila handiko zientzialaria izan arren, berak ezin izan zuen Nobel saria eskuratu. Niels bere semeak eta Aage Niels bere ilobak ordea, eskuratu zuten sari hori, fisikakoa biek.

Christian Bohren istorioa tristea izan zen nonbait. 1855ean jaio zen Danimarkan eta bertan egin zituen bere ikasketak; doktore tesia ere, han egin zuen. Gero, doktore gradua lortu ondoren, Alemanian eman zituen, Karl Ludwig handiaren eskutik, bere lehen urratsak goi mailako ikerkuntzan. Alemanian 1880tik 1885era bitartean egon zen. Han hasi zen ikertzen nola garraiatzen den oxigenoa, hartzen den arnasatik gorputzeko azken zeluletaraino. Biriketako albeoloetatik odolerako oxigeno-transferentzia prozesu pasiboa ala guruinek erabiltzen duten jariatze moduko prozesu aktiboa ote zen ikertu nahi zuen berak.

Alemanian hasi bazen ere, Copenhagengo Physiology Institute izenekoan jarraitu zituen ikerketak 1885etik aurrera. Biriken albeoloetako airearen eta odolaren oxigeno tentsioak neurtzea ez zen bat ere erraza hemeretzigarren mendearen bukaeran, eta hori dela eta, datu esperimentalak ez ziren oso fidagarriak; ziurgabetasun handia zuten. Bohrek erdietsiriko emaitzen arabera, oxigenoaren garraioa ezin izan zitekeen pasiboa, ez baitzen nahikoa handia albeoloetako airearen eta odolaren oxigeno tentsioen arteko aldea. Jakina, mintz iragazkor batek banatzen dituen bi fluidoen oxigeno tentsioen artean alde txikia badago, oso oxigeno gutxi joan daiteke fluido batetik bestera mintz horretan zehar. Dirudienez, Bohrek neurtu zuen albeoloetako airearen eta odolaren oxigeno tentsioen arteko aldea txikiegia zen organismoak duen metabolismo maila eskatzen dituen oxigeno beharrak asetzeko. Beraz, oxigenoaren iragazpen horrek aktiboa izan behar zuen bere iritziz. Ondorio horretara heldu bide zen 1890 edo 1891ean.

August Krogh
August Krogh

Zazpi urte geroago, August Krogh zientzialari gaztea hasi zen Christian Bohr doktorearekin lanean, laguntzaile gisa. Dirudienez, oso ona zen teknikoki, eta sekulako gaitasuna zuen esperimentu teknika berriak sortzeko eta abian jartzeko. Emankorra izan zen bien arteko elkarlana. Izan ere, 1904an XX. mende osoan eragin handia izan duen lan bat argitaratu zuten elkarrekin. Lan horretan (Bohr, Hasselbach eta Krogh), geroztik “Bohr efektua” izenarekin ezaguna izan den gertakari fisiologikoaren berri eman zuten. Efektu horren arabera CO2-ren odoleko kontzentrazioak gora egiten duenean, hemoglobinak oxigenoarekin duen kidetasun edo afinitatea behera egiten du, eta horri esker, oxigeno-garraioa nabarmen errazten da zirkulazio sisteman. Bohr efektua oxigeno-garraioan eragina duen kooperatibitate kasu bat da, ezagunena, seguraski, eta horren ondoren, CO2-k duenaren antzeko eragina duten beste zenbait gai aurkitu dira espezie askotan.

Bohr efektuaren irudi nagusia jatorrizko artikulutik hartua. Irudian, oxigenoarekin konbinatuta dagoen hemoglobinaren ehunekoa agertzen da oxigeno tentsioaren funtzio gisa eta CO2 kontzentrazio desberdinetarako.
Bohr efektuaren irudi nagusia jatorrizko artikulutik hartua. Irudian, oxigenoarekin konbinatuta dagoen hemoglobinaren ehunekoa agertzen da oxigeno tentsioaren funtzio gisa eta CO2 tentsio desberdinetarako.

Esan bezala, garai hartan, oso emankorra izan zen elkarrekin egin zuten lana eta, itxura guztiaren arabera, onak ziren euren arteko harremanak. Hortik urte gutxira aldatu egin ziren gauzak, hala ere. 1905ean Marie Jørgensen izeneko mediku batekin ezkondu zen August Krogh, eta elkarrekin hasi ziren lanean. Bohrek eta beste zenbaitzuek lehenago lortutako emaitzak errepikatu nahi izan zituzten Krogh senar-emazteek haiek garatutako teknika berriak erabiliz. Euren harridurarako, baina, ezin izan zuten, eta lortu zittuzten emaitzetatik ondorioztatu zuten oxigeno-garraioa prozesu pasiboa zela, barreiatze hutsa alegia.

Ez dakigu zer nolako harremanak zituzten Kroghtarrek Christian Bohrekin orduan; garai hartako ikertzaileek uste zuten Bohr ez zela oso eztabaidazalea eta beraz, seguraski harreman normalak izan zituzten nonbait. August eta Marie Kroghek ez zituzten euren emaitzak argitaratu, hala ere, eta bazirudien Bohr konbentzitu nahi zutela lehenago, beraren aurka jendaurrean egin behar ez izateko.

Marie Jørgensen eta August Krogh
Marie Jørgensen eta August Krogh

Gauzak horrela zirela, 1909an Bohrek artikulu luze bat -berrikustapen bat- argitaratu zuen. Bertan, oxigenoaren barreiatze-koefizienteak kalkulatzen zituen eta, biriketako airearen eta odolaren oxigeno tentsioak elkarrekin erkaturik, “frogatutzat eman” zuen barreiatze pasiboa ez zela nahikoa metabolismo aktiboak eskatzen duen oxigenoa asetu ahal izateko. Ondorio hark, baina, bete-betean egiten zuen Kroghtarrek aspalditik zituzten datuen aurka.

Berehala heldu zen Kroghtarren erantzuna. Hurrengo urtean, 1910ean, bere berrikustapena Christian Bohrek argitaratu zuen aldizkari berean, zazpi artikulu labur argitaratu zituzten, bata bestearen atzetik, bolumen berean. Itxura guztien arabera, Bohr ezin izan zuten konbentzitu eta orduan, euren emaitzak argitaratzea erabaki zuten maixuaren berrikustapena aldizkarian ikusterakoan. Artikulu sorta horri “Zazpi deabru txikiak” izena eman zioten Kroghtarrek eurek eta horietan aurkezturiko probek, goitik behera gezurtatu zuten Bohren teoria. Artikulu bakoitzean, arazoaren zati edo osagai bat argitzeko erabili zuten. Sorta osoa eredugarria da esperimentu lan gisa, eta zientziaren historiara igaro dira bere zuzentasunagatik eta geroago izan duten eraginagatik.

Bi kontu nagusitan oinarritzen ziren Bohr eta Kroghtarren arteko desadostasunak: oxigenoaren barreiatze koefizientearen balioaren kalkulua bata, eta koefiziente hori konstantea ala jarduera fisikoaren arabera aldakorra ote zen bestea. Jarduera fisikoarekin batera barreiatze koefizientea handitu egiten zela aurkitu zuen August Kroghek Marie Kroghek garatutako teknika bati esker. Eta hortik ondorioztatu zuen beharrezkoa izatekotan bazela barreiatzea hobetu zezakeen mekanismo bat. Gero aurkitu zuen bai biriketan eta bai muskuluetan odol-kapilareen dentsitatea izugarri goratu daitekeela jarduera fisikoa egiten denean. Kapilareen erreklutamendua esaten zaio horri, eta aurkikuntza horregatik Nobel saria eman zioten 1920an August Kroghi.

Kapilareen erreklutamendua azaltzeko Kroghen marrazkiak
Kapilareen erreklutamendua azaltzeko Kroghen marrazkiak

Gaurko ikuspegitikpenagarria izan zen Bohr eta Kroghtarrak adostasun batera iritsi ez izana Bohr oraindik bizirik zegoenean. Hala ere, esan beharra dago August Kroghek Bohrekin zuen zor intelektuala aitortu zuelabere Nobel sariaren zeremonian. Bere ohorearen zati handi bat bere maixu handiari zor ziola esan zuen. Kroghen hitzen esangura osoaz jabetzeko, kontuan hartu behar da hiru bider proposatu zutela Christian Bohr Nobel saria jasotzeko, baina ez zioten eman.

Zazpi deabru txikien istorio hau eredugarria da zientziaren ikuspuntutik, oso ondo islatzen duelako zientziaren zeregina zertan den. Azkenean, auctoritas delakoak ez du deus balio. Probak baizik ez dira egiaren balantza alde batera edo bestera eramaten dutenak. Eta arnasketaren fisiologiaren kontu horretan Marie eta August Kroghek eskaini zituzten probak. Gogorra behar zuen izan bai Kroghtarrentzat eta are gehiago Bohrentzat bizitza osoko lana hain modu tristean bukatzea, baina horrelakoa da zientzia, probaren galbahetik iragan behar dira hipotesi denak. Kroghtarrenak iragan ziren, Bohrenak, ordea, ez.

Kapilareak nola irekitzen diren azaltzeko Kroghen marrazkiak
Kapilareak nola irekitzen diren azaltzeko Kroghen marrazkiak

Azken hitza

Christian Bohren 1909ko artikulua bere testamentu intelektuala izan zen. 1911ko otsailaren hiruko goizean, zazpigarren deabru txikia argitaratu eta bi hilabete geroago, hilik aurkitu baitzuten bere bulegoan. Aurreko gauean, lanean gelditu zen han, aurkitu zuten lekuan.

Bohrtarrak; Christian aitarekin dagoena, Niels.
Bohrtarrak; Christian aitarekin dagoena, Niels.

Bada, hala ere, hemen aipagarria den kontu txiki bat. Izan ere, egun horretako goizean, ostegunean, bere seme nagusia, Niels, etxera itzuli zen bere doktore-tesi bukatu berriarekin. Garrantzi handiko kontua zen hura Christian Bohrentzat, zeren zenbait hilabete lehenago, bere semea baserri batera bidali baitzuen doktore tesia behingoz buka zezan. Antza denez, oso kezkatuta zegoen berarekin, ez zuelako egiten ez atzera ez aurrera tesiarekin. Horri dagokionez, behintzat, lasaitu ederra hartu zuen Christian Bohrek hilik aurkitu zuten egunaren bezperan.

Hamaika urte geroago, Nobel saria eman zioten Niels semeari.

_____________________________________________

Istorio honen iturriak:

Albert Gjedde (2010): “Diffusive insights: on the disagreement of Christian Bohr and August Krogh at the Centennial of the Seven Little Devils.” Adv. Physiol. Educ. 34: 174-185

Bohr efektuaren artikulua:

C Bohr, K A Hasselbach, A Krogh (1904): “Ueber einen in biologischer Beziehung wichtigen Einfluss, den die Kohlensäurespannung des Blutes auf dessen Sauerstoffbindung übt.” Skand. Arch. Physiol. 16: 402-412

Bohren testamentu zientifikoa:

C Bohr (1909): “Über die spezifische Tätigkeit der Lungen bei der respiratorischen Gasaufnahme und ihr Verhalten zu der durch die Alveolarwand statt-findenden Gasdiffusion.” Skand. Arch. Physiol. 22: 221-280

Zazpi deabru txikiak:

A Krogh, M Krogh (1910): “On the tensions of gases in arterial blood.” Skand. Arch. Physiol. 23: 179-192

A Krogh (1910): “On the oxygen metabolism of the blood.” Skand. Arch. Physiol. 23: 193-199

A Krogh (1910): “On the mechanism of the gas exchange in the lungs of the tortoise.” Skand. Arch. Physiol. 23: 200-216

A Krogh (1910): “On the combination of haemoglobin with mixtures of oxygen and carbonic acid.” Skand. Arch. Physiol. 23: 217-223

A Krogh (1910): “Some experiments on the invasion of oxygen and carbonic oxide into water.” Skand. Arch. Physiol. 23: 224-235

A Krogh, M Krogh (1910): “Rate of diffusion into lungs of man.” Skand. Arch. Physiol. 23: 236-247

A Krogh (1910): “On the mechanism of the gas exchange in the lungs.” Skand. Arch. Physiol. 23: 248-278


Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.


______________________________________________________________________________

KulturaZientifikoa_1_Jaialdia_banner

Sarrera honek #KulturaZientifikoa 1. Jaialdian parte hartzen du.

5 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.