Smartphone bati gailu bat konektatuta egiten den test baten bidez, garabidean dauden herrialdeetan oso zabalduta dauden bi gaitz antzemateko metodoa garatu dute Columbia Unibertsitateko ikertzaileek. Laborategietan egiten den test arrunta baino nabarmen merkeagoa da, eta ez du elektrizitaterik behar. Ruandan egin dute esperientzia pilotua.
Hiesa eta sifilisa dira garabidean dauden herrialdeetan triskantza handiak eragiten dituzten gaitzetako bi. Laborategi eroso batean eta behar adina baliabiderekin lan egiteko aukera dagoenean, ohikoa izaten da halako gaixotasunak detektatzeko ELISA metodoan oinarritutako testak baliatzea: odol lagin batetik abiatuta, GIBaren adierazle diren antigorputzak detektatu daitezke adibidez horrela, bai eta sifiliari dagozkionak ere.
Ruanda bezalako herrialde batean lan egin behar denean, ordea, bi arazo nagusi daude ELISA metodoa baliatzeko. Lehena, prezioa, test mota hori laborategian egiteko ekipamendu arruntak 18.000 dolarretik gorako kostua baitu. Bigarrena, herrialde eta zonalde pobreenetan dagoen elektrizitate eskasia.
Samuel K. Sia ikertzaileak eta Columbia Unibertsitateko bere lan taldeak bi arazo horiei irtenbidea eman diezaiekeen proposamena aurkeztu berri dute, Science Transnational Medicine aldizkarian plazaratu duten artikulu batean. ELISA metodoaren funtzio guztiekin bat egiten duen test bat da, baina smartphone soil baten bitartez funtzionatzen du. Odol lagin bat eta hamabost minutu aski ditu analisiaren emaitzak emateko, ikertzaileok azaldu dutenez. Gailua ekoizteak 34 dolarreko kostua baino ez lukeela izango estimatu dute.
Test hirukoitza egiteko moduan garatu dute erreminta, hiru antigorputz mota detektatzen baititu. Batetik, GIBari dagozkionak. Bestetik, sifiliaren adierazle izan daitezkeen bi antigorputz mota: treponemalak eta ez-treponemalak. Hain zuzen, testa bera berritzailea da, gaurtik gaur laborategian ez baita egiten hiru emaitzok aldi berean ematen dituen analisirik.
Garatu duten tresna arina eta txikia da, eta erabiltzen erraza. Edozein smarphone hartu (android zein iOS sistemak onartzen ditu) eta honi atxiki behar zaio gailua, sakelakoan testari dagokion aplikazioa zabaltzeaz gain. Mikrofluxuentzako txip bat eta aztertu behar den lagina daramatzan plastikozko kasete moduko bat sartu behar zaio gailuari orduan, eta testa abiarazi. Hamabost minuturen buruan, hiru testen emaitzak ageri dira sakelakoaren pantailan.
Bideoan, gailuaren funtzionamenduari buruzko azalpena.
Ikertzaileok bi berrikuntza aplikatu dituzte test honetan ahalik eta energia gutxien behar izateko, eta horrenbestez, sakelako telefonoa aski izan dadin haren funtzionamendurako (sortu duten gailuak berak ez du bateriarik). Lehenik, testa abiarazteko gailuak daukan botoiak huts-ponpa moduko bat aktibatzen du, atxikita duen plastikozko kasetean biltegiratuta dauden erreaktibo batzuk askatuz. Bestetik, telefonoko audio irteeraren bitartez dago lotuta gailua smartphoneari, eta hortik transmititzen dira energia eta informazioa.
Artikuluan azaltzen denez, gailu honekin Ruandan aplikatutako esperientzia pilotuak emandako emaitzekin pozik daude ikertzaileak. Zehazki, ama eta seme-alaben arteko gaitzen transmisioa prebenitzeko programa batean baliatu zuten, zentroko osasun langileei 30 minutuko ikastaro bat eman eta gero. Guztira 96 pazienteri egin zitzaizkion analisiak metodo berri honen bitartez. Ikertzaileek artikuluan diotenez, testek %92 eta %100 arteko sentikortasuna izan zuten, eta %79 eta %100 arteko espezifikotasuna. Gaur egungo algoritmo klinikoen beharrekin bat egiten du horrek.
Samuel K. Sia ikerketaren koordinatzaileak azaldu duenez, “sifili infekzioen detekzioa handituz gero, heriotza tasa hamar aldiz txikiagoa izatea lor dezakegu agian. Eta gailuarekin eskala handiko monitorizazioa eginez, akaso gai izango ginateke GIBaren testak zabaltzeko eta terapia antierretrobiralak berehala aplikatzeko, ia GIBaren transmisioak etetea lortuz eta gaitz ikaragarri hau deuseztatzeko urratsak eginez. Oso itxaropentsu gaude, garabidean dauden herrialdeetan produktu hau merkaturatzeko eman beharreko hurrengo pausoei dagokienez”.
Erreferentzia bibliografikoa:
T. Laksanasopin, Samuel K. Sia et al. “A smartphone dongle for diagnosis of infectious diseases at the point of care”. Science Translational Medicine, 4 February 2015. doi: 10.1126/scitranslmed.aaa0056
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”