Dozena erdi datu interesgarri (4): Abuztuko kontuak

Dozena erdi ariketa eta datu interesgarri

Egunero zientzia eta teknologia dugu hizpide Zientzia Kaiera blogean. Ikerketak, pil-pilean dauden gaiak, argitalpenak, zientziaren historiaren pasarteak, zientzialariak eta beste hainbat dira protagonistak. Horrez gain, egon badaude inguruan tentuz erreparatzea merezi duten zientziaren historiako bestelako protagonistak.

Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko blogak ibilbide luzea du lan honetan. Urteak daramatza zientziarekin lotuta dauden hamaika datu, kontu eta istorio zabaltzen. Haren ildoa jarraituz, horrelakoak ekarriko ditu ostiralero gure blogera Uxune Martinez dokumentalistak. Ezagutzen ez ditugun bitxikeriei tartea ematea du helburu Dozena erdi datu interesgarri atalak. Informazio dosi txikiak eta freskagarriak udarako.

Hona hemen gure laugarren alea: Abuztuko kontuak.

abuztuko hamar kontu

1.- 1774ko abuztuaren 1ean, Joseph Priestley (1732-1804) kimikari eta teologo britainiarrak oxigenoa isolatu zuen gas-egoeran. Priestleyk “aire flogistatu gabekoa” bataiatu zuen elementu kimiko hau. Priestley izan zen gizaki bizidunetan oxigenoak duen garrantzia aitortu zuen lehen zientzialaria. Egun ezagutzen dugun elementu kimikoaren izena, oxigenoa, Antoine Lavoisier zientzialariaren eskutik datorkigu.

2.- 1908ko abuztuaren 3an, Amédée et Jean Bouyssonie anaiek eta Louis Bardon arkeologoak Neandertalgo gizakiaren lehen eskeleto ia osatua aurkitu zuten, Frantziako La Chapelle-aux-Saints herrian. Zientzialarien ustetan aztarna hauek 60.000 urte dituzte eta La Chapelle-aux-Saintseko gizakia edo “Agurea” izenaz ezagutzen dira.

3.- 1888ko abuztuaren 7an, Karl Benz ingeniari alemanaren Bertha Benz emaztea inork ez zuena egin egitera ausartu zen. Senarrak egindako Mercedes Patent Motorwagen 3 automobila hartu eta Mannheimdik Pforzheimerako ibilbidea egin zuen haren bi semeekin. 104 kilometroko bidaia egin zuen eta hauxe izan zen automobilaren historiako lehen bidaiarik luzeena. 2008. urtean Bertha Benz Memorial Route bide turistikoa izendatu zen, automobilaren lehen ibilbide luzeenaren nondik norakoak gogoratzeko.

4.- 1897ko abuztuaren 10ean, Felix Hoffman (1868-1946) kimikariak eta farmazeutikoak, bere aitaren erreuma arintzeko asmotan zebilenean, azido salizilikoa azetilatzeko prozedura industriala asmatu zuen. Azido salizilikoa osagaiaren ezpurutasunak kentzea lortu zuen Bayer enpresako laborategian lanean ziharduen kimikariak. 1899an Bayerrek azido azetilsalizilikoa patentatu zuen eta Hoffmann marketin saileko arduraduna izendatu ostean, Aspirina izenarekin merkaturatu zuen enpresak.

5.- 1929ko abuztuaren 10ean, zendu zen Aletta Henriette Jacobs (1854-1929) mediku herbeheretarra. Herbehereetan unibertsitatera joan zen lehen emakumea izan zen eta baita ere, herrialdeko lehen emakume medikua. Baina horretaz gain, kontrazepzio sistemen ikerketan aitzindaria izan zen. 1881. urtean kontrazepzioaren inguruan egin den lehen ikerketa sistematikoa gauzatu zuen, familia-plangintzaren oinarriak ezarriz honi esker. Ondorioz, 1882. urtean medikuak diafragmak agintzen hasi ziren jaiotza-kontrola bideratzeko.

6.- 1966ko abuztuaren 16an, Palomares ingurunean (Almeria) bi hegazkinen (bata, bonba-jaurtitzailea eta bestea, hegazkin-zisterna) talkaren ondorioz, itsasoan hondoratu zen hidrogeno bonba berreskuratu zuten. Lehergailua 869 metrotara zegoen hondoratuta eta haren erreskateak sasoiko 32o milioi pezetako kostua izan zuen. Itsas hondotik torpedoak berreskuratzeko CURV (Cable-controlled Underwater Recovery Vehicle) gailua erabili zuten. Egun, Espainiako eremu erradioaktiboena da Palomares.

7.- Abuztuaren 20a, nazioarteko eltxoen eguna da. 1897. urtean Ronald Ross mediku britainiarrak Indian zegoelarik, Anopheles eltxoaren ziztadak malaria sortzen zuela aurkitu zuela gogoratzen da egun honetan. Eltxo honen eraginez, urtero 350–500 milioi pertsona kutsatzen dira munduan eta 1,5–3 milioi gizaki inguru hiltzen dira gaixotasunaren eraginez.

8.- 79. urteko abuztuaren 24an, erromatar zibilizazioaren une gorenean, Italiako Vesuvio sumendiaren erupzioak Ponpeia, Herculanum eta Estabia herriak suntsitu zituen. Vulkanoren omenez (suaren jainkoa) egindako jaiaren biharamunean gertatu zen erupzioa. Azkarra eta bortitza izan zen, orduko 110 kilometro abiadura hartu zuen labak eta 20 metroko mantuaz estali zuen lurrazala. XVI. mendean aurkitu zituzten erupzioak lurperatutako hiriak eta hildakoen arrastoak. Kalkuluen arabera, 25.000 pertsona zendu ziren sumendiaren eztandaren eraginez.

9.- 1885eko abuztuaren 29an, Gottlieb Daimler ingeniariak lehen motozikleta patentatu zuen. Reitwagen edota gainean joateko ibilgailua izena zuen. 1882. urtean Wilhelm Maybach ingeniariarekin batera karburagailua garatu zuen eta honi esker, gasolina erregai bezala erabili zezaketen motorrak sortu zituzten. 1885. urtean aipatutako motor bat bizikleta baten txertatu zuten eta horrela jaio zen motozikleta.

10.- 1979ko abuztuaren 30ean, Howard-Koomen-Michels kometak Eguzkiaren kontra talka egin zuen. Hau izan zen satelite batek behatu zuen lehen kometa eta baita ere, Eguzkiaren kontra jo egiten ikusitako lehena. Eguzki koroaren azterketan ziharduen P78-1 satelite artifizialak jaso zituen irudiok.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.