Asteon zientzia begi-bistan #72

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Honatx aste honetan zehar Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

zientzia begi-bistan #72

Literatura eta teknologia

Jaron Lanierren ¿Quién controla el futuro? liburua gerturatu digu Arantxa Arzamendik Zientzia Kaieran. Oro har, teknologia digitalak etorkizunean arlo ekonomiko eta sozialean izango dituen ondorio kaltegarriez mintzo da kritikoki liburuaren egilea. Bi arazo ikusten ditu nagusiki: aberastasunen kontzentrazioa eta sare digitalen boterea. Arazo horien aurrean, teknologia eta iraunkortasunaren arteko bideragarritasuna aurkitzen saiatzen da. Gainera, aditzera ematen du egungo gizartea informazioaren jabetzan oinarrituta dagoela; Amazon eta Facebook bezalakoek kudeatzen dutela, alegia. Lanierrek tartean ideia bati erreparatzen dio: sareko gure informazioa jasotzen dutenak, askotan dohainik, informazio horren jabe bihurtzen direla. Arazo horri aurre egiteko, bada, ordainketa mota bat proposatzen du sarean argitaratzen diren lan originalentzat. Gehiago jakiteko jo ezazue Nork kontrolatzen du etorkizuna? artikulura edo Lanierren liburura.

Medikuntza

Irakurtzeko eta ulertzeko gaitasunari eragiten dio bete-betean dislexia gaitzak. Zoritxarrez, ez du sendabiderik, baina tratamendu egoki batekin hobetu daiteke. Disfuntzio hau izan da Ibone Saralegui medikuak bere tesian ikertu duen gaia. Bertan ondorioztatu dute begiaren mugikortasun-asaldurek ez dutela zuzeneko eraginik dislexian. Hortaz, disfuntzio neurologikoa da dislexia, ez ikusmenekoa. Erresonantzia magnetiko funtzionalaren bidez (fMRI), aldez aurretik berariazko tratamendurik jaso ez duten haur dislexikoetan, irakurketarekin lotutako neurona-sarea aztertuz, ikusi dute desberdina dela dislexia duten irakurleen irakurketarako neurona-sarea. Ikerketari buruz gehiago jakiteko, Zientzia Kaieran plazaratutako artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu: Disfuntzio neurologikoa oinarrian duen gaitza, dislexia.

Umekiaren eta amaren arteko harremanean, oxigenoa eta elikagaiak trukatzeaz gain, umekiaren zelulak jasotzen ditu amaren gorputzak. Bada, nola eragiten diete zelula horiek amari? Joxerra Aizpuruak Argian azaltzen digu afera. Badirudi, oraindik ez dela frogatu erabat, baina ia ziurtzat ematen da amek onurak eta kalteak pairatzen dituela. Onurak honakoak izan daitezke: bularretako esne ekoizpena hobetzea; zaurien edo ebakuntzen aurrean orbaintzea azkartzea; eta gorputzeko tenperaturaren erregulazioa hobetzea. Sortzen ahal duten kalteari dagokionez, amaren immunitate-sistemari egindako erasoa aipatzen du Aizpuruak.

Biologia eta komunikazioa

Kultura jada ez da gizakiaren bereizgarria. Amaia Portugal kazetariak kaxaloteei egindako azterketa bat dakarkigu hori frogatzeko. Kanadako Dalhousie Unibertsitateko zenbait ikertzailek inguru berean bizi diren bi taldetan bereizita dauden kaxalote batzuk antzeman dituzte, eta bi multzo horiek komunikatzeko soinu eredu desberdinak erabiltzen dituztela ikusi dute. Gainera, aldaera horien garapena transmisio kulturalaren moduko prozesu batetik etorri dela egiaztatu dute. Nola? 80 hamarkadako kaxalote populazioen bizitzaren simulazioak egin dituzte. Horrela, aukera batzuen artean (nork bere aldetik ikasitakoak izatea, genetikoki herentzian jasotakoak, gizarte ikaskuntza prozesu batetik eratorria…), ikertzaileek ikusi dute gizarte ikaskuntzak tartean dagoela. Informazio osoa Kultura ere ez da gizakien bereizgarri artikuluan duzue irakurgai.

Paleontologia

Entzute handiko gaia bilakatu da azken asteotan euskaldunen jatorriaren albistea. Eta gaurkoan ere horren inguruko polemika aztergai dugu. Horretarako, bi artikulu interesgarri gurera ekarri ditugu. Lehenengoa, Ricardo Gomezena: Los vascos no datamos: Atapuercaco ikerketa genetikoaren harira. Bertan, prentsak plazaratutako albisteak aztergai daude eta hauek atera dituzten ondorioei erreparatu die egileak. Gomezen ustez, besteak beste, zortzi laginen genoma aztertzea oso eskasa da. Are zailagoa erlazio bat ateratzea antzinako DNA batetik. Horretaz gain, esaten du egiten diren frogek ez dutela zertan behin betiko emaitzak izan behar eta bukatzen du esanez, ikerketa genetikoa eta hizkuntzari buruzko ikerketa banandu behar direla: “Hizkuntzek ez dute markatzaile genetikorik”.

Beste adibidea, Koldo Garciaren Euskaldunak Afrikatik datoz artikulua da. Garcia genetikan aditua da eta beste ikuspegi batetik eman du bere iritzia. Bere ustez, aurkikuntzaren arazoa ez da 8 genoma izatea, baizik eta beraien sekuentziazioaren kalitatea eskasa dela. Horretaz gain, aurkikuntza horretan erabilitako programaren (datu genetikoetan oinarritutakoa) erabilera aztertzen du. Hizkuntzari buruzko aferari ere tartea ematen dio. Honi buruz, genetikak ez duela hizkuntzei buruz ezer esaten eta kultura-fluxua eta gene-fluxua erritmo ezberdinean doazela kontatzen du. Biek ala biek euren iritziak plazaratu dituzte. Zuen txanda da orain. Zer deritzozue?

Iker Tubia kazetariak ere utzi dio tartea afera honi Berrian. Oro har, artikulua teoria berriari buruz mintzo da. Bertan, euskaldunak ez direla Paleolitoko gizakien ondorengoak (orain arte pentsatu den moduan) ideia nabarmentzen da. Ikerketa berria urratsak emateko balio izan duen arren, zalantzak agertzen dira oraindik zenbait alorretan. Ahultasun horiek azpimarratzen dira bertan aditu batzuen eskutik. Euskararen misterioa ere testura ekarri du, ikerketa genetikoarekin batera.

Arkeologia

Itsasoa ere bada protagonista jarraian datorren albistean. Izan ere, Brontze Aroko hiri bat aurkitu dute Egeo itsasoan. K.a. 2000-3000 urte inguruko hiri garrantzitsua zela ondorioztatu dute. Horretarako, aztarnategiaren tamainan eta aurkitutako babes elementu ikusgarrietan eta harresi sendoetan oinarritu dira. Oraindik ez dute datu askorik: 1,2 hektarea aztertu dituzte soilik. Bada, Brontze Aroko merkataritza ibilbideak hobeto aztertzeko balioko du aurkikuntza honek. Nagore Irazustabarrenak eman digu honen berri Argian.

Bioteknologia

Neuronak ultrasoinuen bidez aktibatzeko teknika berri bat garatu dute ikertzaile estatubatuar batzuek. Sonogenetika deitu diote eta optogenetika bezala funtzionatzen du. Baina kasu honetan argiarekin neuronak aktibatu ordez ultrasoinuak erabiliz lortzen da. Gainera, frekuentzia txikiko ultrasoinuek ez dute arazorik gorputza zeharkatzeko (argiak ez bezala) eta neuronak kontrolatzeko. Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkarian azaltzen duenez, ioi-kanal bat aurkitu dute, frekuentzia txikiko ultrasoinuekiko sentikorra dena. Ikerketaren prozesuan, ziurtatu dute ultrasoinu horiek berez ez dietela zizare horiei eragiten eta ondoren, ioi-kanal horiek neurona batzuetan espresatuarazi dituzte. Modu horretan frogatu dute neurona horiek ultrasoinuekin aktibatu daitezkeela. Saguetan ikertzen ari dira eta orain ikusi beharko dute ea gizakietan baliagarria den teknika berri hori.

Material berriak

Michiganeko Unibertsitateko (AEB) eta NASAko ikerlariek sateliteetan eta hegazkinetan agertzen diren zuloak estaltzeko gai den materiala sortu dute. Joxerra Aizpuruak Argian azaltzen duenez, erretxina tankerakoa da eta bi geruzen artean kokatzen da. Hortaz, geruzetan sortzen ahal diren zuloak ia berehala estaltzen ditu. Material hori ez da berria baina besteekin alderatuta, kasu honetan, desberdintasun bat agerikoa da: segundo gutxi behar ditu zuloak betetzeko.

Biologia

Orain dela bi aste, King-Kongen jauziak artikuluak zekarkigun azalera/bolumena arteko erlazioaren hausnarketari heldu genion. Oraingoan, animaliek jaten duten kantitatearen eta tamainaren arteko erlazioa, edo arnastean hartzen den oxigeno-bolumenaren eta tamainaren artekoa izan dute mintzagai Zientzia Kaieran. Juan Ignacio Pérezek eta Miren Bego Urrutiak azaltzen digute elementu horien arteko erlazioak ez direla linealak. Horretarako, psikiatra batzuek egindako esperimentu bat gerturatu digute. Honetan, LSD drogak elefanteengan duen eragina ikertu nahi zuten. Baina ez zekiten zer dosi izango zen egokiena, hau da, proportzionala. Beraz, katuak haserre jartzeko moduko dosia hartu zuten erreferentziatzat eta elefantearen eta katuaren masen arteko zatidura erabili zuten dosi zehatza kalkulatzeko. Emaitza tamalgarria izan zen. Zergatik hil zitzaien, bada, elefantea? Tamainaren eraginaz gain, bazirelako kontuan hartu beharreko beste zenbait faktore. Adibidez, drogarekiko jasankortasuna (oso bestelakoa da arratoiarena eta gizakiarena, esaterako). Esperimentu honek erakutsi zien animalien funtzioen eta tamainaren arteko erlazioak ez direla guztiz proportzionalak. Honi buruzko informazio gehiago jasotzeko, irakurri ezazue artikulu interesgarri hau: Elefanteak eta LSDa.

Zoologia eta eboluzioa

X-izpien bidezko tomografia erabilita, Rio de Janeiroko Unibertsitateko ikertzaileek frogatu dute zelankantoaren enbrioiak, hasierako faseetan, badituela birikak. Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaltzen duenez, birika horiek gainera funtzionalak dira. Baina jasaten duten garapenaren ondorioz, endekatzen joaten dira, eta helduak egiten direnean, desagertzen dira. Gauzatutako ikerketaren emaitza eta ondorio guztiak Nature Communications aldizkarian eman dituzte aditzera.

Zientziaren historia

Ahalegina eta arreta dira normalean zientziak beharrezkoak dituen elementuak emaitzak lortzeko. Baina beti ez da horrela izaten. Zorteak ere badauka zeresana mundu honetan. Serendipiaren ondorioz, lortu dira hainbat aurkikuntza ezagun; hala nola, penizilina. Maria Jose Morenok historian zehar txiripaz lortu diren aurkikuntzei errepasoa ematen die artikulu honetan. Esaterako, Arkimidesen adibidea ekartzen du, baita Grabitatearen legea ere (Newtonek sagarrondo bati begira ari zenean aurkitu baitzuen). Medikuntzan eta farmakologia alorrean ere izan dira horrelakoak eta tartean aspirinaren adibidea planteatzen du. Hasiera batean, barne antiseptikoa izateko ekoitzi zela dio baina ondoren oso analgesiko ona zela ikusi zuten. Argi ikusten da unerik egokienean egonda, lortzen direla aurkikuntza esanguratsuak. Horien berri izan nahi baduzue, irakurri artikulu osoa, zur eta lur geldituko zarete: Zientziak txiripaz aldatzen du mundua noizbehinka.

Ingurumena

Itsas espezieen eta itsas ekosistemen egoera larria dela azaltzen digu Berrian Jakes Goikoetxeak. Itsas espezieen kopurua nabarmen jaitsi da (ia erdira) 40 urtetan. World Wildlife Fundek (WWF) eta Londresko Zoologia Elkarteak egin dute azterketa. Bertan, mundu osoko espezieak eta errealitateak aztertu dituzte, azken urteetako azterketetan oinarrituta. Ikertzaileek azpimarratu dutena, besteak beste, eskonbridoen (berdela, hegaluzea, hegalaburra…) egoera larria izan da. Ildo horretatik, gehiegizko arrantzak ekarri dituen ondorioak azaltzen dira. Batzuetan ez da soilik arrantzatzea, baizik eta itsas espezieen bizilekuak suntsitzea. Horrek ere horien gainbehera dakar.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.