Zientziak txiripaz aldatzen du mundua noizbehinka

Maria José Moreno

Gizakiak egindako aurkikuntza guztiak ez dira beti ahaleginaren eta arretaren ondorio izan. Ezta gutxiagorik ere. Zenbaitetan zortea izan da eragilea, ez zientzia-metodoa.
Penizilina, tefloia edo dinamika dira horren adibide onak, eta badira ehunka aurkikuntza gehiago, eguneroko bizitza hobea errazten dutenak: bizitza seguru, bakun, komenigarri, gozagarri, osasuntsuntsu edo interesgarriagoa egiten dutenak. Serendipiak eragin ditu aurkintza horiek guztiak, hau da, txiripaz aurkitu dira espero gabeko gauza baliotsu, atsegin, edo zorionekoak.
serendipia

1. irudia: Sarritan txiripaz aurkitu izan dira espero gabeko gauza baliotsu, atsegin, edo zorionekoak, baita zientziaren esparruan ere.

Serendipia hitza, Horace Walpolek sortu zuen 1754.ean, “Serendipeko hiru printzeak” ipuina irakurri ostean. Bertan azaltzen ziren printzeek eten gabe aurkitzen zituzten gauzak txiripaz, aurretik pentsatuta izan gabe.

Asko eta asko ez dira txiripa horretaz lotsatzen eta pozik zabaltzen dute zori oneko aurkikuntzaren berri. Beraiek pentsatzen dute serendipiak ez diela meritua kentzen. Izan ere, “zori ona bilatu egin behar da” esan ohi dute. Berez, une eta toki egokian egon izana, bizitza luze eta lan gogor baten ondorio izan daiteke.

Oso aspaldikoa eta ospetsua da Kristo aurreko III. mendean Arkimedesek egindakoa. Matematikari greziar hau Sirakusan bizi zen (gaur Sizilia den horretan), eta garai hartan, Hierón erregeak urre puruzko koroa bat egiteko eskatu zion urregin bati. Koroa hartuta, zalantzetan hasi zen. Arkimedesi eskatu zion kontua argitzeko, eta urreginari emandako urre guztia koroan zegoen ala ez zehazteko. Zer esanik ez, garai hartan analisi kimikoa ez zegoen inola ere matematikak bezain aurreratua eta Arkimedes, azken batean matematikaria eta ingeniaria zen.

Aurretik kalkulatuak zituen esferak edo zilindroak bezalako solido erregularren bolumenak zehazteko formula matematikoak. Horrela, ohartu zen erraz kalkulatuko zuela bolumena, baldin eta koroaren konposizioa aurretik bolumena jakitera iristen bazen. Ez zekien ordea bolumena nola zehaztu.

Pentsatzen aritu ostean, Sirakusako bainu publikoetara joan zen. Bainuontzian sartuta, ohartu zen kanpora egiten zuen uraren bolumena, berak urtean zuen gorputz zatiaren bolumenaren berdina zela eta orduantxe konturatu zen nola kalkula zitekeen edozein bolumen, oin bat zein koroa bat, solidoaren forma edonolako izanda ere. Koroak kanpora eragiten zuen uraren bolumena, koroaren bolumenaren berdina izango zen.

Bere zirrarari ezin eutsiz, biluzirik egin zuen korrika kaleetan zehar “Eureka” oihukatuz, hau da, “aurkitu dut”. Eta hori guztia, txiripaz.

Denok dakigu horrela izan ez balitz, beste era bateko kalkulua asmatuko zuela Arkimedesek, zeren eta Pasteurrek, kimikan, mikrobiologian eta medikuntzan aurrerapen handiak egin zituelarik, esan omen zuen aurretik prestatuko burmuinaren alde baizik ez duela egiten azareak.

Txiripazko kontu hauen artean, oso ezaguna da era berean Grabitatearen Legea, sir Isaac Newtonek sagarrondo bati begira ari zenean aurkitua. Willisam Stukeleyk bildu zuen istorioa, Newton zientzialariaren biografiaren barruan: sagarra erortzen ikusi zuela, ez zuen jakin hasiera batean zergatik erortzen zen beti zut lurrarekiko, eta zergatik ez zen erortzen alde batera, bestera edo gorantza: beti ere lurraren zentrorantz egiten zuen. Gauzak horrela, pentsatu zuen agian lurrak erakartzen zuela sagarra, eta balitekeela Lurrean materia erakartzeko indar bat egotea. Gainera, indar hori Lurraren zentroan egongo zen, ez beste inon. Hortik abiatuta osatu zuen Newtonek ezaguna dugun teoria zoragarria.

Medikuntzako txiripak
serendipia 1

2. irudia: Medikuntzan ere izan dira hainbat aurkikuntza kasualitateari lotuta.

Medikuntzan ere era horretara egin dira hainbat aurrerapen. 1985.ean, Wilhelm Conrad Röntgen bakarrik zegoen bere laborategian. Saioak egiten ari ziren izpi katodikoetako tutuetan sortutako elektroien mugimenduen inguruan. Saioak egin ahal izateko, ilunpean egon behar zuen, eta bere aparatuak abian zeudelarik, bat-batean distira ikusi zuen berarengandik urrun samar zegoen txartel batean. Txartela tinta fluoreszentez grabatua zegoen eta bera ohartu zen distira ezin zela elektroiek sortua izan. Bigarren mailako beste erradiazio ikusiezin batek sortu behar zuen. Gainera ikusi zuen izpi horiek zeharkatu egiten zutela bere ibilbidean jarri zuen karta bat, objektu hau ikusiezina balitz bezala. Berdin gertatzen zen karta sorta osoa jarrita ere.

Liburu batek ordea, ilunpe apur bat eragiten zuen, eta berunezko xafla batek azkenik, erabateko ilunpea sortzen zuen. Emazteari eskatu zion izpien aurrean xaflari eusteko, eta harrituta ikusi zuen hezurren irudia irudikatuta bertan: horixe izan zen lehenengo giza erradiografia. Aste bete beranduago, ikusi zuen gordeak zituen plaka batzuk belatuak zeudela. Röntgenek, izpi inkognita deitu zien izpi hauei, hau da, X izpiak. Izan ere, ez zekien ez zer ziren, ez eta zerk sortzen zituen. “Izpi ezezagunak”, horra historiaren ikurra, oraindik ere bere horretan jarraitzen duena.

Beste esparru batera jota, farmakologiak ere zor handia du serendipiarekiko. Izan ere, maiz aurkitu da helburu jakin batekin erabiltzen zen farmakoa oso baliagarria dela helburu oso desberdina lortzeko, eta are batzuetan oso garrantzitsua den emaitza bat lortzeko ere.

Azido azetilsalizilikoa, hau da, aspirina, barne antiseptikoa izateko ekoitzi zen hasiera batean, baina berehala ikusi zen ez zuela horrelako funtziorik betetzen. Ikusi zen ordea oso analgesiko ona dela, eta bai antipiretiko modura jokatzen duela ere. Gainera, egun bihotzekoak saihesteko hartzeko erabili ohi da.

Kloropramazina ere ebakuntza aurretik gaixoak baretzeko erabili izan zen, baina hainbat psikiatrak aurkitu zuten oso baliagarria gertatzen zitzaiela egoera maniakoan zeuden pazienteak lasaitzeko. Gaixotasun maniako-depresiboaren pazienteak ziren, baina beste buru-gaixotasun batzuk ere tratatu zituzten eta azkenean ikusi zuten bereziki eraginkorra zela eskizofreniaren aurka…eta ordura arte ezer ez zegoen gaixotasun horren kontra!

Aipatzekoak dira era berean prokaina eta lidokaina. Oso erabiliak dira anestesiko lokal modura. 40.eko hamarkada, txiripaz aurkitu zuten beraien txertoen bidez anestesia orokorra eraginda, txakurren bihotzen taupada-erritmoa bere onera itzultzen zela, heriotza arriskuko arritmiak izan ondoren ere. Geroago, gizakiekin egiaztatu zen eragin hau, eta farmako hauek oso erabilia izatera iritsi dira, bena arteko txertoetan anestesiko lokal modura, bihotz-kirurgiako jardueretan.

Unerik egokienean
serendipia2

3. irudia: Edouard Benedictus kimikariari matrazea erori zitzaion lurrera eta milaka zatitan apurtu bazen ere, ez zen puskatu. Atentzioa bereganatu zuen honek eta gerora, egunkarietan irakurri ondoren zenbatekoak ziren auto istripuetan haizetakoen eta leihatilen apurketek sortzen zituzten kalteak, hau gogoratu eta haizetako seguruak sortzeko bidea izan zuen gertaeran.

Bereziki bitxiak dira aurkikuntza batzuk, behar-beharrezkoak ziren une berean aurkitu izan direnak. Horren adibide garbia dira ziurtasun-kristalaren aurkikuntza, autoak eta haizetakoa asmatu eta berehala gertatu zena. Garbi dago kristal honen garrantzia, baldin eta kontuan hartzen badugu autoen arteko istripuak zaldi-orgenak baino askoz ere ohikoak izango zirela. Ez dago esan beharrik ziurtasunezko kristal horiek gabe, zauriak are larriagoak jasango zituztela ordutik hona auto-gidari izan direnek.

Kristala aspaldi asmatu zen. Izan ere, ezaguna da erromatarrek leihoetan erabili zutela. 1903.ean, Edouard Benedictus kimikari frantziarrak lurrera bota zuen matraz bat, eta ikusi zuen kristal puskek, apurtu ostean ere harrigarriro eusten ziotela matrazaren jatorrizko formari. Zientzialariak ikusi zuen matrazean bazegoela geruza bat eta kristal puskak berari itsatsita gelditzen zirela. Konturatu zen geruza hori kolodionaren lurrunketatik datorrela. Matrazak kolodiona dauka baina behin zabalduta, lurrundu egiten da. Kolodionaz gain, eragin berbera dauka zelulosa-nitratoak, azido nitrikotik eta kotoitik abiatuta lortzen denak.

Une horretan, Benedictus ez zen kontuaren garrantziaz ohartu, baina geroago, auto-istripuetako kristalek eragiten dituzten zaurien berri izan zuen, eta lanean hasi zen. Denbora labur bat eman zuen material horren xafla bat nola aplika zitekeen finkatzeko, eta ziurtasun-kristala lortzeko. Azkenean, munduan izan den lehengo ziurtasun-xafla lortu zuen.

Triplex izena jarri zion, zeren eta kristal-xafla biak ogitarteko batean bezala kokatuta baitzeuden, artean zelulosa-xafla bat zegoelarik. Hirurak berotuz lortzen zen hori.

Txiripaz aurkitu zen era berean belkroaren oinarria. 50.eko hamarkadaren hasieran, George de Mestral paseatzera joan zen bere Suitzako etxearen inguruan. Etxera itzulita, ohartu zen jaka belar-landare batez beteta zeukala: Arctium lappa. Ez zekien zergatik zen hain zaila landareak jakatik kentzea.

Jakin-minak eraginda, mikroskopio batean aztertu zuen kontua, eta ikusi zuen kako batzuk zeudela, jakaren ehunean txertatuta. Horrela ugaltzen dira lanadare hauek: “hazi trikuak” txoriei edo bestelako animaliei itsasten zaizkie. De Mestralek, lanean hasi eta belkroa lortu zuen, material eroso eta erabilgarria bera.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • “¡Eureka! Descubrimientos científicos que cambiaron el mundo”; Leslie Horvitz, Paidos Ibérica, 2003. ISBN 9788449313547
  • “Serendipia. Descubrimientos accidentales de la ciencia”, Royston M. Roberts, Alianza Editorial, 2004. ISBN 9788420656700

——————————————–

Egileaz: Maria José Moreno (@mariajo_moreno) kazetaria da.

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

——————————————–

Iruzkin 1

Eman iritzia

Biomimetika: natura gizakion inspirazio-iturri - Zientzia Kaiera

[…] aipatutako itsasgarriak ez bezala, hain ezaguna den belkroa zoriz aurkitu zen. 1941ean George Mestral ingeniaria bere txakurra paseatzen zebilela konturatu zen oso zaila zitzaiola bere jantziei eta […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>