Aalto eta Oxfordeko unibertsitateetako zenbait ikertzailek ukimen mapak osatu dituzte. Nazionalitatearen, generoaren, ukitu gaituen pertsonarekin dugun harremanaren eta ukitu digun gorputzeko atalaren arabera, zer erreakzio izango genukeen irudikatu dute mapa horietan.
Besarkada bat, bi musu, ala eskua eman, besterik gabe? Pertsona bat agurtu behar dugunean, batzuetan zer egin ez dakigula geratzen gara. Batez ere pertsona hori beste herrialde batekoa denean, edo testuingurua formala eta arrotza zaigunean. Auzi kulturala dela esaten dugu maiz: lan bilera batean, anglosaxoiak eskua ematearen aldekoak direla kasu guztietan, baina Europa hegoaldean, gizon eta emakumeen artean bi musu eman ohi direla. Gorputzak benetan zer eskatzen digun kontuan izango bagenu, ordea, antzeko jokatuko genuke herrialde guztietan. Italian edo Finlandian izan, badirudi inork ez duela atsegin ezezagun baten besarkada esturik.
Hala ondorioztatu dute Aalto eta Oxfordeko unibertsitateetako zenbait kidek, elkarlanean egin duten ikerketa batean. Kasuan kasuko gorputzaren ukimen mapak eraiki dituzte, eta ikusi dutenez, oro har, harremana zenbat eta gertukoagoa izan, orduan eta gorputzeko atal gehiagotan uzten diogu pertsona horri gu ukitzen; edo erosoago sentitzen gara, bederen. Hala ere, xehetasun asko izan behar dira kontuan, ez baita gauza bera subjektua gizona edo emakumea izatea, edo ukitu duen pertsona lagun mina edo izeba izatea. Horren guztiaren berri eman dute PNAS aldizkarian argitaratutako artikulu batean.
Ikerketa hau egiteko, sarean galdetegi bat betetzeko eskatu zitzaien 1.368 laguni; Finlandia, Ingalaterra, Italia, Frantzia eta Errusiako boluntarioek hartu zuten parte, zehazki. Pertsona bati bere gorputzeko zer atal ukitzen utziko lioketen galdetu zitzaien, askotariko kasuetan: pertsona hori bikotekidea balitz, edo osaba-izeba, edo adiskidea, edo ezezaguna… Atal horiek margotu egin behar zituzten parte hartzaileek, osatzen ari ziren online galdetegian. Erantzun horiek guztiak bilduta, Oxford eta Aaltoko adituek mapak osatu dituzte, harremanaren araberako ukigarritasuna erakutsiz, bai eta ia kasu guztietan tabu gisa hartzen diren atalak agerian utziz ere.
Mapa horiei aztertutako bost herrialdeen arabera erreparatuz gero, oro har, ingelesak sentitzen dira deserosoen ukitze kontuetan, eta finlandiarrak erosoen. Herrialde hotzak omen diren horiek aurreiritziak hautsi dituzte lan honetan. Izan ere, errusiarrek ere italiarrek baino hobeki erreakzionatzen dute kontaktu fisikoaren aurrean. Dena dela, emaitzek erakusten dutenez, herrialdea ez da irizpide bereziki garrantzitsua auzi honetan, jatorri batetik bestera, ez baitago hainbesterainoko gorabeherarik galdetegietan emandako erantzunetan.
Izan ere, oro har, nazionalitatea edozein dela ere, harremana zenbat eta gertukoagoa izan, orduan eta toki gehiagotan uzten diogu pertsona horri gu ukitzen. Horixe da ondorio nagusia. Dena dela, genitalen zonaldea, adibidez, ia ukiezina da gertuko guztientzat, bikotekideentzat izan ezik. Juulia Suvilehto Aalto Unibertsitateko ikertzaileak eta artikuluaren egile nagusiak adierazi bezala, “gorputzaren atal bat ukitzean zenbat eta handiagoa izan sentitzen dugun plazera, orduan eta jende gutxiagori uzten diogu bertara iristen”.
Generoaren arabera dauden aldeei dagokienez, gizonezkoak ez dira kontaktu fisikoaren oso zaleak, batez ere beste gizonezko batengandik datorrenean. Gainera, ez dute batere gustuko inork haien burua edo oinak ukitzea, eta nabarmen gorroto dute senideren bat genitalen zonaldera gerturatzea, senide hori gizonezkoa edo emakumezkoa izan. Bestalde, gizonezkoen ukimenaren gorputz mapa nahiko egonkorra da; badirudi bikotekideak edo emakumezko lagun edo ezagun batek ukitzen dituenean baino ez direla antzematen azpimarratzeko moduko gorabeherak.
Emakumezkoen kasuan, aldiz, bereziki deseroso sentitzen dira gizonezko ezezagun batek ukitzen dituenean, eta gorputzeko ia atal guztiekin dute sentipen hori. Baina harremana gertukoagoa bada, oro har, gizonezkoek baino hobeki erreakzionatzen dute kontaktu fisikoaren aurrean; batez ere, besoak, gorputzaren goialdea eta burua ukitzeari dagokionez.
Erreferentzia bibliografikoa:
Juulia T. Suvilehto et al. Topography of social touching depends on emotional bonds between humans. PNAS. Published online before print. October 26, 2015, doi: 10.1073/pnas.1519231112
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
2 iruzkinak
[…] erpin asko dituzte, baina, horietatik guztietatik ateratzen den ondorio orokorra da ukimenak zeresan handia izan dezakeela giza ongizatean. Osasun arreta jasotzen ari diren lagunetan ez ezik, […]
[…] erpin asko dituzte, baina, horietatik guztietatik ateratzen den ondorio orokorra da ukimenak zeresan handia izan dezakeela giza ongizatean. Osasun arreta jasotzen ari diren lagunetan ez ezik, […]