Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.
Medikuntza
Alzheimerrak eragindako oroimen-galera eragozteko mekanismo gako bat identifikatu dute. 2010. urtean, oroimen-prozesuetan parte hartzen duten proteina bat identifikatu zuten Severo Ochoa zentrokoek: PTEN proteina. Orain, Knafok gidatu duen ikerketan, frogatu dute proteina horrekin lotutako mekanismoa deskontrolatu egiten dela alzheimerrean. Elhuyar aldizkariak azaltzen digunez, alzheimerrean agertzen den beta-amiloideak behar baino PTEN gehiago igortzen du sinapsietara, eta, horren ondorioz, neuronen arteko plastizitate-mekanismoak desorekatu egiten dira. Eta horrek oroimena galtzea dakar. Horren aurrean, beraz, estrategia bat: PTEN proteina sinapsietara iristea galarazten duen tresna garatu dute.
Berriak ere publikatu du albiste honi buruzko informazioa. Gaixotasunak neuronen arteko informazio trukaketan eragiten du, lotura sinaptikoetan, alegia. Ikerketa taldeak PTEN proteinaren jokabidea azaltzeaz gain, hori galarazteko modua ere proposatu du. Saguetan egindako probetan lortu zuten alzheimerra zuten saguek oroimena mantentzea.
Ekologia
Mendiko artzaintza uzteak ekarriko lituzkeen ondorioak aztertu ditu Arantza Aldezabal buru den EHUko Biologia eta Ekologiako ikertaldeak. Aitor Biain kazetariak Berrian egindako elkarrizketari esker, ondorio ekologiko horiei buruzko xehetasunak jakiteko aukera izan dugu. Horien artean, larrearen konposizio floristikoan aldaketak izango dira eta horretaz gain, espezie batzuk apurka-apurka desagertuz joango dira eta lehiakorragoak diren landare espezieak nagusitu eta dominatzaile bilakatuko dira. Aldezabalen esanetan: “Horrek esan nahi du larrea zakartuz joango zela. Gainera, ikusi dugu nagusituko liratekeen espezie horien kalitate nutritiboa askoz ere baxuagoa izango zela”
Osasuna
Transgenikoei buruz mintzatu da Josu Lopez-Gazpio kimikaria eta elikagai transgenikoen arloan dagoen iritzi-disonantzia ekarri du testura. Ideia gorpuzteko asmotan, adibide batzuk agertzen ditu. Diabetikoek injektatzen duten intsulina aipatzen du. Hori lortzeko bakterio transgenikoak erabiltzen direla azaltzen digu, intsulina ekoizteko giza-geneak dituztenak. Horri esker saihestu dira txerri jatorriko intsulinak eragiten zuen errefusa. Beste adibide bat aipatzen du: Afrikan eta Asia hegoaldean arroza da dietaren atal garrantzitsua eta horrek ez du A bitamina nahikoa ematen. Genetikoki eraldatutako urre-koloreko arrozak A bitamina gehiago ematen du eta Hirugarren Munduko 100 milioi umek pairatzen duten gabezia horri irtenbidea ematen lagun dezake. Ingeniaritza genetikoak tresna berriak eskaintzen dizkigu irakurri dugunaren arabera eta abantailak eta arriskuak ikusita, zergatik ez aplikatu onuragarriak direnak? Eztabaida mahai gainean uzten digu kimikariak.
Osasunaren arloarekin jarraituz, marihuanak zelula minbizi eragileak hiltzen dituela frogatu dute. Hain zuzen, THC osagaiak zelula minbizi-eragileak beren buruaz beste egitera bultzatzen dituela frogatu du Cristina Sanchez Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko biokimika molekularreko ikertzaileak. Egun, marihuanak dituen efektu psikotropikoek oztopatzen dute pertsonekin froga zientifikoak egitea. Dena dela, medikuntzan prestatzen ari dira minbiziaren tratamenduan izan ditzakeen ondorioak ikertzen hasteko.
Zientzia eta literatura
Nerabeentzat eta gazteentzat zientziari buruzko liburu bat dakarkigu Arantxa Arzamendik. Liburu entretenigarria dirudi El futuro explicado a los niños. Bere egiturari dagokionez, atal laburretan bananduta, hainbat gai azaltzen ditu. Aurrerapen teknologiko eta zientifikoen gaur eguneko egoeratik abiatuz, aurrerapen horien garapena eta etorkizuneko gizartea irudikatzen ahalegintzen da. Zientziaren arlo nagusienak eta hauen ondorioak aztertzen dira: espazioaren esplorazioa, materiaren ezagutza, energia iturriak, biologia, robotika, genetika… Galderen bidez hausnarketarako gaiak ere tartekatzen dira, besteak beste, etorkizunean Marten edo beste planetaren batean bizitzea posible izango ote den. Eman begiradatxo bat proposatutako liburuari!
Fisika
Antihidrogenoaren karga elektriko neutroa dela baieztatu dute CERNeko ikertzaileek. Esperimentuan, CERNekoak gai dira antihidrogenoa sortzeko. Elhuyar aldizkarian azaltzen digutenez, positroiak eta antiprotoiak elkartzen dituzte, tranpa magnetiko batean harrapatuz. Eremu elektriko batean jartzean nola jokatzen duten aztertu dute orain, eta horrela baieztatu dute karga neutroa dutela.
Astronomia
Aurreko artikulu batean, eguzkikaden jatorriaz mintzatu ziren Naiara Barrado eta Itziar Garate. Oraingoan, eremu magnetikoak zer fenomeno eragin ditzakeen eta fenomeno horiek gugan zein eragin duten azaldu digute artikulu interesgarri honetan. Lehenik eta behin, eguzki-orbanak aipatzen dituzte. Horiek eguzkiaren gainazalean azaltzen diren gune ilunak dira. Eguzki-orbanak garrantzitsuak dira eguzkiaren zikloari buruzko informazioa ematen dutelako. Horiekin batera, eguzki protuberantziak eta Eguzki-haizea eta Eguzki-ekaitzak aipatzen dituzte. Orban batetik bestera doan eremu magnetikoaren lerroetan harrapatuta geratzen den materia da eguzki protuberantzia. Normalean, bizpahiru kilometrokoak izaten dira. Eguzki-haizeak partikula korronteak dira eta Eguzki-ekaitza haize horren eztanda bortitz bat da. Ekaitz geomagnetikoak zer diren ere azaltzen digute tartean: Eguzkitik datorren haizea edo ekaitza indartsua denean, Eguzkiaren eremu magnetikoa eta Lurreko eremu magnetikoa elkarrekin konbinatzen direnean sortzen da.
Biologia eta nekazaritza
Marten patatarik erein ote daitekeen argitzeko, proiektua jarri dute martxan Perun. Bai ondo irakurri duzue: patatak planeta gorrian erein ote daitezkeen frogatu nahi dute. Horretarako, La Joyako lurra baliatuko dute, Marteko kondizioen simulazioa eginez. Helburua? Marten baratzeek bizirauterik izango ote luketen jakitea. Laborantzako gailuak NASAk ekarriko ditu. Ikerketa honek ere frogatu dezakeena zera da, Marte bezalako toki batean patatak eta bestelakoak erein daitezkeela egiaztatzen bada, Lurreko lekurik zailenetan ere beste hainbeste egin daitekeela.
Biologiari jarraiki, Juan Ignacio Pérezek eta Miren Bego Urrutiak Arizonako erbia izan dute mintzagai oraingoan. Animalia horiek belarri luzeak dituzte, oso luzeak eta aurrekoan azaldu bezala, elefanteek egiten duten moduan, beroa galtzeko erabiltzen dituzte. Odol-hodien dentsitatea oso handia da belarrietan. Horregatik dira arrosa kolorekoak, odolaren eraginagatik.
Kimika eta ingurumena
Euskal Herriko Unibertsitateko kimikariek egindako ikerketa honek itsas aerosola du abiapuntu, olatuen eta haizearen elkarrekintzatik sortzen dena. Aerosol horrek gatz ez-organikoak eta bestelako materia organikoa izan ditzake barruan eta horrek azken batean, eraikinean izan dezake eragina. Juanma Gallegok Berrian azaltzen duenez, eraikina egiteko erabili den materialaren arabera, arazoa ezberdina izango da. Gainera, gizakiak isurtzen duen kutsadurarekin nahasten direnean ere zenbait erreakzio sor daitezke. Efektua tokiaren arabera desberdina izan daiteke, beraz, hiru kokaleku aukeratu ditu ikerketa taldeak: Igeldoko itsasargia (Gipuzkoa), Galeako gotorlekua (Getxo, Bizkaia) eta orain dela hamabost urte inguru Berangon (Bizkaia) eraikitako etxebizitzak. Aukeraketa egiteko, bi faktore izan dituzte kontuan: itsasoarekiko distantzia eta hiri inguruetan izan ohi diren kutsadura mailak.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.