Uzta gorria, behar gorria

Amaia Portugal

Marten patatarik erein ote daitekeen argitzeko, proiektua jarri dute martxan Perun, La Joya basamortuko lur idorra baliatuta. Planeta gorrian baratzeek bizirauterik izango ote luketen jakitea da helburua, baina bai eta Lurreko txokorik latzenetan laborantza ahalbidetzeko moduak garatzea ere.

Erein al daitezke patatak Marten? Matt Damonen pertsonaiak The Martian pelikulan egiten zuena, zientzia-fikzioa da, ala zientzia soilik? Etorkizuna iragartzerik ez dago, baina behintzat, badakigu ez dela burugabekeria hutsa, ikerketa talde batzuk ari direla honetan lanean. Esaterako, Perun.

Patataren jaioterria den herrialde honetan aurkitu dute, hain zuzen, Marteko lurrazalaren antz handiena duen materiala. Atacaman, La Joya basamortuan (Arequipatik berrogeita hamar kilometro ingurura), lurra soila da, gatz kontzentrazio handia du, eta lehorteak muturrekoak dira. Gure planetan, inon gutxi agertzen dira Planeta Gorriaren kondizio bertsuak inguru honetan baino nabarmenago. Eta, jakina, horrek NASAren arreta erakarri du.

CIP

Irudia: Lau mila patata barietate baino gehiago dituzte Peruko CIP zentroan. (Argazkia: Nazioarteko Patata Zentroa)

Perun dagoen Nazioarteko Patata Zentroarekin (CIP) jarri da harremanetan AEBtako espazio agentzia, eta proiektu bat garatzen hasi berri dira elkarlanean. La Joyako lurra baliatuta, Marteko kondizioen simulazioa egingo dute, bertan patatarik erein ote daitekeen argitzeko, eta hala bada, zer eta nola erein daitekeen zehazteko. Horretarako, CIPek baditu bi osagai nagusiak. Batetik, Marteko lurraren analogoa, eta bestetik, patata; tuberkulu mota honen lau mila barietate baino gehiago baitituzte katalogatuta haien biltegietan.

Gainerako tresnak NASAk ekarri ditu, Marteko kondizioen simulazioa egiten duten laborantzarako gailu batzuk utzi baitizkiete CIPeko ikertzaileei. Kontuan izan behar da planeta horretako presio atmosferikoa Lurrekoa baino ehun aldiz txikiagoa dela, grabitatearen herena baino ez duela, tenperaturak muturrekoak direla, eta izpi ultramoreen eta karbono dioxidoaren kontzentrazioa ikaragarria dela. Horrenbestez, Marteko ingurunea irudikatuko dute ikerketa zentro honetan, eta patatak ereiten ahalegindu.

Proiektu honek bi norantzatan begiratzen du. Batetik, Marteren gorabeheren simulazioa egiten duten zenbat eta zentro zehatzagoak sortu, orduan eta informazio gehiago izango dute ikertzaileek, eta oraingoz birtuala den hori errealitate bihurtzeko orduan eta aukera handiagoa. “Espazioan dauden giza kolonientzat jatekoak ereiteko ideia egitate bihur daiteke oso aurki”, esan du Chris McKay NASAko zientzialariak.

Ikerketaren berri ematen duen bideoa, gaztelaniaz.

Baina hara ez ezik, hona ere ekar dezake uzta ikerketa honek. Gaur egun, munduan, 842 milioi lagunek jasaten dute gosetea, eta berotze globalak egoera okertu baino ez du egin. Izan ere, lurrak are gehiago soiltzen ditu, izurriteen eta gaitzen prebalentzia handitu, eta lurralde txiroak pobreagotu, horrenbestez. Marte bezalako toki batean patatak eta bestelakoak erein daitezkeela egiaztatzen bada, Lurreko txoko latzenetan ere beste hainbeste egin daitekeela esan nahiko luke horrek. Goseteari aurre egiteko eta elikadura subiranotasuna sustatzeko modu bikaina litzateke.

Izan ere, Joel Ranck CIPeko komunikazio buruak adierazi bezala, “zer hobeto klima-aldaketa ondo ulertzeko, duela bi mila milioi urte hil zen planeta batean uzta ereiten saiatzea baino? Jendeak ulertu behar du, Marteko muturreko kondizioen pean patatak ereiteko gai izanez gero, Lurrean bizitzak salba ditzakegula”.

Informazio gehiago:

Espazioan erein edo landatzeari buruz (gaztelaniaz):

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>