Asteon zientzia begi-bistan #100

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.

zientzia begi-bistan 100

Teknologia

Zelula fotovoltaikoak garatzeko teknika berria eta merkeagoa aurkeztu dute Polymat, Ikerbasque eta IK4 CIDETEC erakundeetako ikertzaileek. Oinarrizko ikerketa bat izan da baina etorkizunean metodo hori industrian txertatzea posible izango dela espero dute. Juanma Gallego kazetariak azaltzen digunez, plaka fotovoltaikoak sortzeko titanio dioxidoa erabiltzen da gaur egun. Material hori 500 graduko tenperaturan berotu behar da plaketan txertatu ahal izateko. Berriki aurkeztu duten metodoan, hori erabili ordez, fulerenoak erabili dituzte. Karbonoaren deribatu horiek eta perovskita materiala erabilita, energia bihurketan %22tik gorako eraginkortasun maila lortu dute ikertzaileek. Materialaren malgutasuna da beste abantailetako bat.

Elikadura eta osasuna

Erresuma Batuan egindako ikerketa batean ondorioztatu dute zuku edariek, fruta zuku naturalek eta smoothiek behar baino askoz ere azukre libre gehiago dituztela. Fruta daukate, bai, baina horrek ez du esan nahi osasuntsuak direnik. Amaia Portugalek azaltzen digu Erresuma Batuko supermerkatuetan saltzen diren 203 zuku edari, fruta zuku natural eta smoothie izan dituztela ikergai. Horien etiketei erreparatu diete gainera, zenbat azukre libre duten begiratzeko. Azukre libre horietako batzuk ekoizleek berek sartutako glukosa eta fruktosa gehigarriak dira, baina fruta aleak zukutzen direnean sortzen dira ere berez azukre libreak. Arazo horren aurrean, gomendio batzuk plazaratu dituzte. Egunean bost fruta ale jan behar direla diote osasun aholkuek, eta fruta zukuek, zuku edariek eta smoothiek ezin dute pieza horietako bat ordezkatu. Gainera, fruta hori osorik jatea gomendatzen da eta ez zukutua. Beraz, adi! Askoz ere osasungarriagoa da laranja bat jatea, laranja zuku bat edatea baino.

Genetika

Aurreko astean azaldu bezala, Craig Venterren taldeak bakterio batek bizirik irauteko eta ugaltzeko behar dituen gutxieneko geneak zehaztu ditu: 473. Syn3.0 deitu diote eta bizitzaren oinarria ezagutzeko lorpen garrantzitsua izan da. Venterrek onartu du ez dela gai izan 149 generen funtzioa identifikatzeko, baina horiek nahitaezkoak dira bizirik irauteko. Ikerketak beste xehetasun batzuk eman ditu aditzera. Adibidez, Syn3.0 naturan ezagutzen den genoma txikienarekin alderatuta –M. Genitalium–, azkar ugaltzen dela aipatu dute: hiru ordu behar ditu bikoizteko. Besteak, berriz, hemezortzi.

Genetikaren arloarekin jarraituz, gaixotasun zeliakoarekin erlazionatutako gene ez kodetzaile bat aurkitu dute EHUko ikertzaileek. Jose Ramon Bilbao, EHUko ikertzaileak azaltzen du lncRNA bat dela, lnc13 izena duena. Haren funtzioa aztertu dute, eta ikusi dute gaixotasun zeliakoa garatzearekin lotutako geneen espresioa apatzen dutela. Zeliakoetan lnc13 oso gutxi dago. Bilbaok azaltzen du: “Horren ondorioz, hesteetako hantura eragiten duten gene horien espresioa areagotuta dago. Gainera, zeliakoetan ohikoago den aldaera genetikoak erregulazio ahalmena murritzagoa dauka, eta horrek inflamazioa bultzatzen du”.

Biologia

Iñaki Odriozola Larrañaga biologoari egin diote elkarrizketa. UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikertzailea da eta bertan, “Larratzearen eragina mendi-larre atlantikoen funtzionamenduan eta biodibertsitatean” doktorego-tesia burutzen ari da. Lan honek ganaduak mendi-larreetan duen eragina aztertzea eta biodibertsitatean duena eragina ikustea du helburu. Tesia bukatzean, arlo honetan jarraitzeko asmoa erakutsi du. “Oso gustuko dut egiten dudana. Ikerketarena oso bide sakrifikatua da eta ikusi beharko da noraino iristen garen, baina momentuz behintzat jarraitzeko asmoz nago. Ekologiaren arloan jarraituko dut, eta landareen ekologiaz ikasi dudanez horretan seguru asko”, azaltzen du Odriozolak.

Biologia gaiari jarraiki, animalien eta tenperaturaren arloak uztartu dituzte beste behin ere Juan Ignacio Pérezek eta Miren Bego Urrutiak. Kasu honetan, arrainen erreinuan murgildu gaituzte. Artikuluan adierazten duten moduan, ez litzateke arrainik egon behar -0’8 °C baino tenperatura hotzagoko uretan, balio horren azpitik gorputz-likidoak izoztu egiten direlako. Baina hori ez da gertatzen. Izan ere, izoztearen arriskuaren aurrean, ur hotzetan bizi diren arrainek izotzaren aurkakoak diren gaiak biltzen dituzte odolean. Antartiko itsasokoek, adibidez, glukoproteinak (karbohidrato batez eta proteina batez osaturiko tamaina txikiko molekulak) pilatzen dituzte. Adibidez, horiek dira iparraldeko itsasoetako bakailaoek barne-fluidoetan metatzen dituzten osagaiak. Iparraldeko beste zenbait arrainek bestelako gaiak ere erabiltzen dituzte; hala nola, peptidoak. Horiek dira gehien erabiltzen diren gaiak. Fundulus heteroclitus arrainak, esaterako, glukosa erabiltzen du izozteari aurre egiteko. Irakurri artikulua osorik, ez zarete damutuko.

Arkitektura eta energia

Fernando Mora Martínek, UPV/EHUko irakaslea eta arkitektoak, eraikinetako leihoen diseinuak eta forma geometrikoek energia aurrezteko zer nolako eragina duten aztertu du eta emaitzetan ondorioztatu du, leihoen egitura geometrikoek eta diseinuek eragina dutela isolamendu termikoan. Eraikuntzan energia-kontsumoak murrizten saiatzeko, bao-leiho sistema konplexu eta aurrefabrikatuaren azterketan oinarritu du bere doktorego-tesia. Ikerketan, esaterako, egiaztatu du leihoaren sistema aurrefabrikatuaren propietate termikoen arabera, sistemaren zatiketa handiagoaren edo txikiagoaren arabera eta azalera berberetarako oso balio desberdinetako transmitantzia termikoak lortzen direla. Irakur ezazue artikulua osorik, Zientzia Kaieran topatuko duzue.

Emakumeak zientzian

Agurtzane Urtizbereari egin dio elkarrizketa Ana Galarragak. Batxilergoan matematika zuen gustuko eta beraz, arlo horretan lizentziatu zen. Karreran estatistika, programazioa eta natura gustuko zituenez horiek uztartzeko aukera topatu zuen: “Jakin nuen AZTIn hasi zela beka batekin, eta nik ere han proba nezakeela pentsatu nuen. Gainera, Azti Pasaian dago, eta ni hangoa naizenez, ezin hobeto zetorkidan, egia esan”. Ondoren, tutoreak Norvegiara joatea proposatu zion eta baiezkoa eman zuen. Zehazki Bergenera joan zen beka batekin Itsas Biologiako sailera, tesiarekin jarraitzera, hain zuzen. Urtizbereak azaltzen du Europa mailan, gainera, itsasoari buruzko ikerketan oso aurreratuta dagoela. Sei urte igaro ditu bertan baina orain bueltan da eta lana topatu du: “Orain ebaluazio-eredu batekin ari naiz lanean, ikusteko nola eragiten duen arrantza-kudeaketak bakailaoan, atunean eta beste espezie batzuetan”.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.