Lainoek eragin zuzena dute zonalde batean botatzen duen eurian eta hezetasunean, eta era berean, bi faktore horiek baldintzatu egiten dute toki bakoitzeko flora eta fauna. Hori guztia kontuan hartuta, bi ikertzailek lainoen munduko mapa osatu dute: biomak kokatu eta zehazteko ez ezik, mehatxatutako espezieak non bizi diren argitzeko ere bai.
Oihan tropikala, sabana, tundra… Biomak dira, antzeko ezaugarri ekologikoak eta klimatikoak dituzten eremu geografiko handiak. Gutxi gorabehera, badakigu gure planetan non dauden basamortuak eta non basoak, zeintzuk diren zonalde lehorrak eta zeintzuk hezeak. Baina bioma bakoitzaren muga fisikoak zehatz-mehatz marraztea, eta horietako bakoitzean zer landare edo animalia bizi diren zerrendatzeko gai izatea, hori beste kontu bat da.
Adam Wilson eta Walter Jetz ikertzaileak dira AEBtako Buffalo eta Yale unibertsitateetan, eta bide bitxia otu zaie biomen zehaztapen horretan sakontzeko: hodeiei behatzea. Izan ere, lainoek eragin zuzena dute zonalde batean botatzen duen eurian, bertan sartzen den eguzki argian, lurrazaleko tenperaturan eta hostoen hezetasunean, eta aldi berean, faktore horiek guztiek baldintzatu egiten dute toki bakoitzeko flora eta fauna.
Hori horrela, NASAko Terra eta Aqua sateliteek (Lurraren orbitan dabiltza biak) hamabost urtez bildutako informazioa hartu, eta lainoen datu-base moduko bat sortu dute. Ekosistemak kokatu eta zehazteko ez ezik, mehatxatutako espezieak non bizi diren argitzeko ere izan daiteke baliagarria tresna berritzaile hau. Hala azaldu dute, PLOS Biology aldizkarian argitaratutako artikuluan.
Aurrez egin izan dira saiakerak, eguraldi behatokien bitartez, ekosistemetako klimei buruzko datuak biltzeko. Behatoki horiek ez dute lurrazala bere osotasunean hartzen, ordea, eta ikerketa ildo horrek hutsune handiak ditu, beraz. Lainoak adierazletzat eta sateliteak bitartekaritzat hartuta, aldiz, emaitzak askoz ere fidagarriagoak dira. Horren erakusle, egin duten datu-basea 2000tik 2014ra arteko egun bakoitzeko bina irudiz dago osatua, eta Lurreko hodeien mapa zehaztasun handiz biltzea lortu dute, kilometroz kilometro ia.
Informazio hori guztia esku artean edukita, ikertzaileok egiaztatu egin dute hodeiek eta bioma ekologikoen mugek bat egiten dutela. “Datuei erreparatu genienean, argi eta garbi bereizi genituen askotariko biomak Lurrean: azken hamabost urteotako egun lainotsuek zer maiztasun izan duten eta zer garaitan izan diren, bi faktore horietan oinarrituta. Ekosistema batetik bestera zoazenean, trantsizio horiek oso argi agertzen dira. Eta zirraragarriena zera da, datuok aukera ematen dutela eredu horiek oso bereizmen handiz (kilometro bat) behatzeko”, adierazi du Wilsonek.
Gainera, tresna berri honen bitartez, espezie jakin batzuk zehazki non bizi diren ere aurresan dute bi ikertzaileok. Esaterako, lainoen nondik norakoei erreparatuta, inoiz baino hobeto mugatu dute non eta zenbaterainoko azaleran bizi diren Hego Amerikako Lepidocolaptes lacrymiger txoria eta Protea cynaroides Afrika hegoaldeko landarea. Horrek esan nahi du teknika hori baliagarria izan daitekeela mehatxatutako flora eta faunaren habitaten jarraipena egiteko.
Jetzek dioenez, “biodibertsitatearen eredu espazialak ulertzea premiazkoa da, espezieak babesteari buruzko erabakiak jakinaren gainean gaudela hartu nahi baditugu. Baina biodibertsitate handiena biltzen duten erregioei dagokienez, datuak benetan urriak dira”. Horrenbestez, erreminta honek argitu dezake bidea. “Eredu egokiak edukita, habitatak eta horietan bizi diren espezieak hobeki mugatzeaz gain, denboran aurrera egin ahala ere horiei behatzen lagunduko digun gailu bat dugu esku artean”, gaineratu du.
Bestalde, ikerketa ez ezik, dibulgazio lan polita ere egin dute Wilsonek eta Jetzek, lainoen mapa interaktiboak biltzen dituen webgune bat sortu baitute. Tresna horri esker, edonork ikus ditzake lainoek hamabost urtez izandako joerak, bilakaerak, aldaketak eta nondik norakoak, Lurreko edozein puntutan.
Erreferentzia bibliografikoa:
Wilson AM, Jetz W (2016) Remotely Sensed High-Resolution Global Cloud Dynamics for Predicting Ecosystem and Biodiversity Distributions. PLoS Biol 14(3): e1002415. doi:10.1371/journal.pbio.1002415
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.