Asteon zientzia begi-bistan #102

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.

asteon zientzia begi-bistan 102

Osasuna eta teknologia

Liftware gailuari buruzko xehetasunak eman dizkigu Amaia Portugal kazetariak artikulu honetan. Parkinson duten gaixoei otorduetan koilara edo sardexka normaltasunez erabiltzeko aukera ematen die tresna honek, eskuetako dardarizoa neutralizatzen baitu. Oro har, dardara arazoak dituen edonorentzat balio du. Nola funtzionatzen du gailuak bada? Bi atal ditu: heldulekua eta honi atxikitzen zaion koilara arrunta, zoparako koilara edo sardexka (hiru elementu horiek aukera daitezke). Argazki kamerek irudia ateratzeko unean mugimendurik egon ez dadin daukaten egonkorgailuaren gisakoa dauka heldulekuak. Honek eskuaren mugimendua detektatzen duten sentsoreak ditu eta nahi gabe agertzen den dardara eskuarekin propio egiten dugun mugimendutik bereizten duen ordenagailu txiki bat ere. Koilara egonkortzeko, esaterako, ordenagailuak heldulekuan dauden bi motor txikiri ematen die agindua eta tresna, dardararen kontrako norantzan gidatzen du.

Osasun arloari jarraiki, Josu Lopez-Gazpiok homeopatiari buruz zorrotz (eta luze) idatzi du. Hainbat artikulu interesgarri utzi dizkigu aste honetan. Guaixen egin du sarrera bikaina, homeopatia zer den eta bere oinarriak zeintzuk diren azalduz. Argi utzi du: Kimikaren, Fisikaren, Biologiaren eta Medikuntzaren oinarrizko printzipioak ukatzen dituen sasi-medikuntzaren atala da. Halaber, homeopatia babesten dutenen printzipioak zerrendatu ditu Lopez-Gazpiok. Horien artean, hauxe: sendagai bat dosi txikiagoan hartzen bada, haren sendatzeko ahalmena handiagoa da. Bigarren artikuluan, eraginkortasunari buruz mintzatu da eta ildo horri jarraiki, hori frogatzeko ikerketa baten adibidea. Aurrez egindako 167 ikerketen berrikuspena egin dute eta ikusi dute homeopatia ez dela plazeboa baino eraginkorragoa. Hainbat gaixotasun izan ziren aztergai horretan: artritis erreumatoidea, estomatitisa, hiesa eta malaria, esaterako. Kimikariak azaltzen digu guztietan kale egin zuela terapia homeopatikoak. Hirugarren artikuluan, homeopatiaren alde daudenen argudioak aipatzen dizkigu. Azkenik, Tolosaldeko atarian, Bartzelonako Unibertsitateak berriki hartu duen erabakiari buruz aritu da kimikaria. Bertan, homeopatiari buruz sortutako masterra izan du mintzagai eta era berean, beste unibertsitateetan ezarritako homeopatiari buruzko ikasketak aipatu dizkigu. Terapia horrek sortu duen negozioaz ere mintzo da. Ez galdu artikulu-sorta.

Medikuntza

Tetraplegia duen paziente baten eskuko mugikortasuna berreskuratu dute. Horretarako, garun-azalean mikroelektrodoen matrize bat ipini zioten duela 6 urte tetraplegiko geratu zen gazte bati. Aitziber Ruiz de Arkautek azaltzen digu ikasketa automatikoko algoritmoak erabili dituztela garunaren aktibitatea deskodifikatzeko eta besoko giharren aktibazioa kontrolatzeko. Besoan jarritako estimulazio elektriko neuromuskularrerako sistema baten laguntzaz, behatzen, eskuaren eta eskumuturraren hainbat mugimendu egitea lortu du. Objektuak heldu, maneiatu eta askatu ditzake. Gitarra jotzera ere iritsi da. Ez galdu artikulua osorik irakurtzeko aukera!

Medikuntza arloan badugu beste albiste bat: Zika birusak mikrozefalia eragiten duela baieztatu dute. Estatu Batuetako Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroak (CDC) egindako ikerketan, ondorioztatu dute kausa-efektu erlazioa dagoela amaren infekzioaren eta jaioberrien asaldura neurologikoen artean. Ohartarazi du gainera, Zika birusak garunean eta garapenean eragin ditzakeen asalduren “izebergaren tontorra” dela mikrozefalia. Ana Galarragak azaltzen digu Elhuyar aldizkarian prebentzio-neurriak zorroztea gomendatu dutela. Aipatu dute ere infektatutako haurdun guztiek ez dutela zertan ume gaixoak izan behar. Kausa-efektua dagoela baieztatu dute baina ez dute zehaztu nola eragiten dituen birusak asaldura horiek fetuen garunean.

Ingurumena

Artikoan gerta litezkeen petrolio isuriei aurre egiteko metodoak garatzea ari da Plentziako Itsas Estazioa (PIE), SYKE Finlandiako Ingurumen Institutuak koordinatzen duen ikerketa batean. “UPV/EHUko Biologia Zelularra Ingurumen Toxikologian eta Ingurumen arloko Kimika Analitikoaikertaldeek aztertuko dute ea eskualde artiko eta azpiartikoetako petrolio isuriei aurre egiteko metodoak eraginkorrak diren. Halaber, horiek muskuiluetan, krustazeoetan eta bertako arrainetan nolako ingurumen eraginak dituzten ikertuko dute.

Geologia

Alejandro Cearreta geologo eta paleontologoari elkarrizketa egin diote Argian. Egungo garai geologikoari Antropozeno deitzeko proposamena azaltzen du: “Ikerlari askok uste dugu une honetan planeta bere dinamika naturaletik ateratzen ari garela gizakiok. Aldaketa nahikoa erakusten dute frogek Holozenoa ez den beste garai batean sartu zarela esateko”. Cearretak dio plastikoa egoteak, zati mikroskopikoak batez ere, isotopo erradioaktiboek, zementuak, guk fabrikatutako gauzek, garbigailuek, telefonoek, panpinek… salatzen dutela Antropozenoa geruzetan. Kontzeptu hori arbuiatzen dutenen argudioak aipatu ditu ere: “Ez zela geologiatik sortu, behaketa batzuetatik abiatuta froga geologikoak bilatzeari ekin zaiola”. Halere, horrek ez duela kontzeptua baliogabetzen esan du. Baina Antropozenoa onartzeak interes ekonomiko batzuei eragingo liekeela dio. Petrolio ekoizleak aipatzen ditu tartean. Bere esanetan, beraz, lehia politikoa egongo litzateke hor, eta ez zientifikoa.

Biologia

Izoztea jasan eta gainditu dezaketen animaliei buruzko artikulua dugu hauxe. Galdera batetik abiatu dute gaurko azalpena: Izozteari aurre egin diezaioketen animaliek nola lortzen dute eratzen diren izotz-kristalek haiengan eragin kaltegarririk ez izatea edo kalteak murriztea? Lehenik, zeluletatik kanpoko eremura mugatzen dute izoztea. Horretaz gain, substantzia babesgarriak erabiltzen dituzte. Horiei esker, salbu mantentzen dituzte zelulen egitura nagusiak. Intsektuen artean izoztea arrunta da. Bracon cephi liztor bizkarroia, Goi Artikoko beldarra Gynaephora groenlandica eta Eurostata solidaginiseuliaren larba aipatzen dituzte adibide gisa. Kanadako landa izoztuetan negua igarotzen duten Bracongeneroko liztorren larben kasuan, glizerola gorputz fluidoen % 25-30 izatera hel daiteke neguan. Eurostatako larben populazioetan ikusi da 12 astez edo izoztuta egon daitezkeela.Gynaephora taldeko beldarraren kasuan, 10 hilabetez egon daitezke izoztuta -50 °C edo baxuagoak diren tenperaturetan.

Genetika

Giza enbrioiak genetikoki eraldatu dituztela adierazi du Txinako talde batek eta hau bigarren aldia da. Aurrekoan beta-talasemia gaixotasuna saihestea izan zuten helburu. Oraingoan, T zelulen CCR5 genea eraldatzen saiatu dira. Ana Galarragak azaltzen digu zertan datzan hori: pertsona batzuek mutazio bat dute gene horretan, zeinak GIBari eragozten dion zelulara sartzea. Horri esker, berezko erresistentzia diote hiesari, eta hori lortzen saiatu da. Guangzhou Unibertsiateko Medikuntza Institutuan egin dute ikerketa. Ernalketa lagunduan baztertutako giza enbrioiak erabili dituzte, 26 guztira, eta hauetako lautan lortu dute mutazioa sartzea.

Koldo Garcia genetistak genetikak gure osasunaren ulermenean egin duen ekarpenaren berri eman digu asteon Zientzia Kaieran. XX. mendearen hasieran Mendelen legeak berraurkitu zirenean ikertzaileak ohartu ziren hainbat gaixotasunek lege horiek betetzen zituztela. Ordutik honako bide laburrean genetikaren bidez gaixotasunak hobeto ezagutzen ditugu eta gure osasun-baldintzak hobetu egin dira. Izan ere, Down sindromea, Turner sindromea edota Klinefelter sindromea, Huntingtonen gaixotasuna, Duchenne distrofia muskularra eta beste hainbeste gaitzen oinarriak genetikoak zirela antzeman da. Hemendik aurrera, badirudi gaixotasunen jatorri genetikoa aurkitzetik gaixotasun horiek sendatzera jauzia emango dugula genetikari esker, “terapia genetikoen” bidez.

Espazioa

Oleg Kotovi egin diote elkarrizketa Berrian. Roskosmos Errusiako Espazio Agentziako kosmonauta eta medikua da. Guztira, 526 egun eman ditu espazioan. Bertan bizitza nolakoa den azaltzen du. Kotovik dio espazioan baldintzak oso desberdinak direla. Adibidez, aipatzen du loa oso modu desberdinean garatzen dela. Alterazio fisikoei edo fisiologikoei dagokienez, urte erdi baten buruan desagertu ohi direla azaltzen digu baina aldatzen dena erabat munduaren ikuskera izaten da. Guztira, bi urtez egon da espazioan eta egindako bidaiak gogoratzen ditu: “Lehenbiziko espedizioa egin nuenean galtzak bete ilusio zituen hasiberri bat nintzen, eta azken bidaiatik itzuli nintzenean, belaunaldi berrietako astronauta gazteen hezitzailea nintzen. Beteranoa naizela uste dut, eta nire esperientziak beste pertsona batzuei helarazi beharrean ikusten dut neure burua”. Estazioa esperimentu zientifikoak egiteko sortu zela azaltzen digu ere.

Emakumeak zientzian

Anna Maria Sibylla Merian izan dugu protagonista gaurkoan. Entomologia eta pintura uztartu zituen praktika bakarrean emakume honek. Tximeleten metamorfosia irudikatu zuen bere marrazki sortan. Bere behaketa sakona lagungarria izan zen metamorfosiaren fase guztiak ikusi ahal izateko. Hiru liburu argitara eraman zituen: lehenengoan, eskuz margotutako grabatuak bildu zituen, lorategiko loreen aniztasuna irudikatuz. Bigarren liburuan, sitsen eta tximeleten metamorfosia marraztu zuen. Guztira, 176 tximeleten eta landare moten transformazioa irudikatu zuen. Azkenik, Surinameko intsektuei buruzko ilustrazioak argitaratu zituen bere libururik garrantzitsuenean.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.