Teleskopiorik handiena, seinalerik txikienak topatzeko

Amaia Portugal

Bukatu da Txinako FAST irrati teleskopioaren eraikuntza, eta iraila bukatzerako martxan egotea espero da. Bostehun metroko irekidura duenez, munduan dagoen mota honetako gailu handiena da orain. Ikertzaileek espero dute milaka pulsar aurkitzen lagunduko diela, eta beste planeta edo galaxia batzuetan bizitza bilatzen ere ahaleginduko dira, haren bitartez.

FAST deitu diote. Ingelesezko Five-hundred-meter Aperture Spherical radio Telescope izenaren laburdura da, edo euskaraz, bostehun metroko irekidura duen irrati teleskopio esferikoa. Ez alferrik, munduan dagoen mota honetako gailu handiena da, eta igandean bukatu zuten hura eraikitzen, teleskopioak dituen 4.450 panel islatzaileetan azkena jarrita. Txinako hego ekialdean egin dute balentria, Guizhou probintzian. Txinako Zientzia Akademiak kudeatuko du.

Bost urte behar izan dituzte proiektua eraikitzeko, eta hamaika hilabete (2015eko abuztuan hasi ziren), panel guztiak jartzeko. Orain arte, Puerto Ricon dagoen Areciboko irrati teleskopioa zen munduko handiena, 305 metroko diametroa baitu. FAST nabarmen handiagoa da, ordea, ia berrehun metro handiagoa: 30 futbol zelairen pare. Gainera, 138 metroko altuera du; 50 solairuko eraikin baten antzeko garaiera, horrenbestez. Bestalde, bere kokapena ez da ausazkoa. Izan ere, Dawodang izeneko sakonunean dago, eta zonalde horretan dauden forma karstikoak oskola natural baten modukoak dira teleskopioarentzat, irrati interferentzietatik babesten baitute.

Irudia: Munduko irrati teleskopio handienak bostehun metroko diametroa du. (Argazkia: FAST)
Irudia: Munduko irrati teleskopio handienak bostehun metroko diametroa du. (Argazkia: FAST)

Irrati teleskopioak, zenbat eta handiagoak izan, orduan eta sentikorragoak dira, seinale bereziki txikiak eta ahulak antzemateko ahalmena baitute. FAST erraldoiari dagokionez, 13.700 milioi argi urtera dauden seinaleak jasotzeko gai izango dela aurreikusita dago; unibertso ezagun ia osoa esan nahi du horrek. Gainera, eraginkorragoa da eta zeruaren estaldura handiagoa hartzen du, bere panel islatzaileek gainazal aktiboa delakoa osatzen dutelako.

Besteak beste, pulsar gehiago aurkitzeko balioko du irrati teleskopio berriak. Ustez, biratzen ari diren neutroi izarrak dira pulsarrak, eta oso tarte labur eta erregularretan errepikatzen diren uhin elektromagnetikoak igortzen dituzte. Yue Youling Txinako Astronomia Behatokietako ikertzaileak esan bezala, “orain arte 2.500 pulsar baino gehiago aurkitu dira. Teleskopio erraldoi honi esker, zifra bikoiztea espero dugu, gutxienez. Pulsarren oinarrizko fisika ulertzen badugu, Big Banga ulertzen lagunduko digu. Big Bangaren ondoren zer gertatu zen badakigu; baina aurrez izan zenaz, gure kalkuluez fidatu beste erremediorik ez dugu. Horregatik, gauza asko ezbaian daude”. Azken hilabeteotan zeresana eman duten grabitazio uhinak ikertzeko ere baliatu daitezke pulsarrak.

FAST teleskopioari buruz azalpenak ematen dituen bideoa (ingelesez).

Ez hori bakarrik. Espazio sakonean seinale urrun eta ahulak bilatzen hasita, bizitza formen aztarnak topatzen saiatzeko ere balio dezake FASTek. Hain zuzen ere, bizitzaren funtsa diren aminoazidoak bilatzen ahaleginduko dira. “Oso litekeena da, noizbait, bizitza aurkitzea beste planeta edo galaxia batzuetan”, adierazi du Li Di, Txinako Astronomia Behatokietako beste ikertzaile batek.

Eraikuntza fasea bukatuta, teleskopioan probak egiten ariko dira datozen bi hilabetetan, eta iraila bukatzerako FAST lanerako prest eta datuak biltzen egotea espero da. Ordurako, interferentziak saihesteko, irrati uhinek erabat desagertu beharko dute teleskopiotik bost kilometrora arteko distantzian. Besteak beste, sakelako telefonoen estaldura erabat blokeatuko dute. Gainera, tamalez, gailuaren inguruan bizi diren 9.110 herritarrek haien bizilekua utzi behar dute. Txinako Gobernuak beste herri batzuetan emango die ostatu, eta birkokatze prozesu hori ere irailaren hondarra baino lehen gauzatu beharko dute.

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>