Buztana oso baliagarria izan zitzaien itsasotik lurrera igaro ziren aurreneko espezieei, lokatz eta hondar artean ez hondoratzeko eta maldetan gora egiteko. Hori ondorioztatu dute AEBtako ikertzaile batzuek, gaur egungo arrain urlehortarrak nola mugitzen diren aztertuta. Arrain mota horren ezaugarri bertsuak dituen robot bat ere garatu dute.
Lehorreko lehen espezieak duela 360 milioi urte inguru agertu ziren. Hala diote fosilek: orduan hasi ziren itsasoko animalia batzuk lehorreratzen eta bizilekua aldatzen. Igeri egitea eta ibiltzea oso jarduera desberdinak dira, baina aitzindari horiek egin zuten trantsizioa nolabait, jakin zuten haien gorputzak zituen bereizgarriekin euskarri berrira egokitzen.
Bada, badirudi isatsak uste baino zeresan handiagoa izan zuela lekualdaketa egin zutenean. Izan ere, jakina da buztanak ezinbesteko rola jokatu zuela antzinako arrainek igeri egin zezaten, baina lehorrean ere bazuen zereginik, batez ere hondarretan eta lokatzetan ez hondoratzeko. Hala egiaztatu dute Georgiako Teknologia Institutuko zenbait kidek, AEBtako beste ikertzaile batzuekin elkarlanean. Ondorio horretara iristeko, Periophtalmus generoko (mudskipper, lohi-arrain moduan euskaratu daiteke) arrain urlehortarrak izan dituzte inspirazio iturri. Science aldizkarian eman dute lanaren berri.
Arrain mota hori eremu tropikaletan bizi da, Indiako Ozeanoan eta Ozeano Pazifikoan, eta uretatik ateratzen denean, itsasertzeko mangladietan egoten da. Hiru egun luze igaro ditzake itsasoratu gabe, eta azalaren bitartez hartzen du arnasa. Itsasotik lurrerako aurreneko urratsa egin zuten animaliak lohi-arrainen analogotzat jotzen dira. Horregatik, ikertzaileok azken horiei begira jarri dira, duela ehunka milioika urte trantsizioa nola gertatu zen ulertzeko aztarna bila.
Arrainok hegalak baliatzen dituzte hondar eta lokatz artean aurrera egiteko, baina lan honetan ikusi dutenez, bidea maldan gora jartzen zaienean, isatsak laguntzen die hegalei, bultzadatxoa lortu eta aldapa igotzeko. Richard Blob artikuluaren egileetako batek adierazi bezala, “hegalei begira egon izan gara, eta horregatik, orain arte ez zaio isatsaren rolari gehiegi erreparatu. Animalia horiek zeuzkaten gorputzeko atal batzuk ez ziren berriak, baina besterik gabe, horiek ere baliatzea erabaki zuten, habitat berri batera joateko”. Hala, isatsaren kasuan, igerirako ezinbesteko atal izatetik, hondar eta lokatz artean ibiltzeko makulu izatera igaro zen.
Animalia zorrotz aztertu ez ezik, bere ezaugarriak robotikara aplikatu dituzte lan honetan, mugimenduak hobeto ulertu nahian. Hala, MuddyBot izeneko robota sortu dute: arrain urlehortarrak bezala, bi hegal eta isats sendoa ditu, eta motor elektrikoen bitartez dabil. Lan honetan egindako probetan, animaliak zein bere erreplikak gorputza altxatzen zuten hondar eta lohi artean zeudenean, arrastaka ez ibiltzeko. Gainera, biek ala biek bertsu jokatu zuten hogei graduko hondarrezko malda batekin topo egin zutenean, isatsa baliatuta. Izan ere, halako ingurune baten aurrean, hegalak bakarrik erabilita, irrist egin eta aldapa behera erortzen ziren. Buztana makulu gisa baliatuta, aldiz, honek balazta funtzioa bete zuen, eta maldan gora egitea ahalbidetu.
“Arrainak eredu morfologikoa eta funtzionala eman zigun, lehen lurtar horiei begira. Robotari esker, arrainaren konplexutasuna sinplifikatu ahal izan dugu, eta parametro batzuk aldatuta, haren nondik norakoen mekanismo fisikoak ulertu ditugu. Ondoren, matematika eredu baten eta bere simulazioen bitartez, honen guztiaren atzean dagoen fisika ulertzeko gai izan gara”, adierazi du Benjamin McInroe artikuluaren egile nagusiak. Izan ere, horixe da ikerketa honen hirugarren adarra: matematika eredua eta simulazioak, arrainaren mugimenduetara isatsa eta hegalak nola txertatzen diren hobeto ulertzeko. Eta hartara, ikasitakoa etorkizuneko robotikara aplikatzeko, gainazal bereziki zailetan ibili behar duten gailuentzat.
Ikerketari buruzko bideoa, ingelesez
Dena dela, ornodunek itsasotik lurrerako trantsizioa nola egin zuten, horren inguruan gehiago sakontzea zen lan honen funtsa. Daniel Goldman ikerketaren arduradunak esan bezala, “azken helburua zera da, jakitea hautespen naturalak nola jokatzen duen organismoetan lehendik egon badauden egiturak aldatzeko, eta horiei esker, erabat desberdina den beste ingurune batean lokomozioa ahalbidetzeko”.
Erreferentzia bibliografikoa:
Benjamin McInroe et al. Tail use improves performance on soft substrates in models of early vertebrate land locomotors. Science. 08 Jul 2016: Vol. 353, Issue 6295, pp. 154-158. DOI: 10.1126/science.aaf0984
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.