Zergatik barne sua?

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Hotza

———————————————————————————————————–

Endotermia hitza, beroaren jatorriari dagokio. Animalia endotermoen beroa barrutik dator, zelulen mitokondrioetan gertatzen diren erreakzioetatik. Animalia ektotermoena, berriz, kanpotik. Animalia homeotermoak, tenperatura konstante mantentzen dutenak, endotermoak dira. Izan ere, oso zaila izango litzateke tenperatura konstante mantentzea barneko bero-iturririk gabe. Beste era batera esanda: oso zaila litzateke homeotermo izatea endotermo izan gabe.

Endotermia agertzeko arrazoiak, baina, ez daude argi, oso garestia baita. Lehenago ikusi dugu hori, baina ikus dezagun berriro adibide adierazgarri biren bitartez: krokodilo batek urte oso bat iraun dezake baraurik, baina gizaki bat ezin daiteke egon bi hilabete baino gehiago jan gabe. Egia da endotermiari esker gorputz-tenperatura altua manten daitekeela, eta hori ona dela, baina ez dago begi-bistako arrazoirik tenperatura altu hori etengabe mantentzeko. Izan ere, bakarrik beharrezkoa denean piztu liteke “berogailua”, eta beharrezkoa ez denean, “itzali”. Etengabe bero mantentzeko endotermo batek egun batean jan behar du masa bereko narrasti batek hilabete oso batean jaten duen beste.

Irudia:
1. irudia: Homeotermoak, odol beroko animalia dira eta gorputzeko tenperatura gutxi gorabehera konstante mantentzen dute.

Duela gutxi arte pentsatu izan da bizimodu aktiboa behar zuten haragijale txikietan agertu zela endotermia. Baina 2008 urtean beste ideia bat hasi da zabaltzen, alegia, belarjaletan sortu zela, euren elikatze-eskariak orekatzeko bide gisa.

Ugaztun eta hegaztietan, garuna eta gibela dira metabolismo altuena duten organoak; hau da, organo horiek dira bero gehien sortzen dutenak. Ektotermoetan baino handiagoak dira eta, gainera, bost bider mitokondrio gehiago dute. Horri esker sortzen dute sortzen duten beroa, baina hori, beste animalia batzuek egiten dutenaren alboan, energia xahutzea da.

Duela hiru hamarkada Albert Bennet eta John Ruben ikertzaileek proposatu zuten homeotermia muskuluaren erresistentziarekin loturik zegoela. Beste animalien aldean, gaitasun aerobiko handia dute hegazti eta ugaztunek. Muskuluetara oxigenoa etengabe eramateko ahalmen handia dute eta ahalmen horri esker, etenik gabe lasterka edo borroka egin dezakete denbora luzeetan. Bennet-en eta Ruben-en ustez, horren ondorioa da endotermia; hau da, batak bestea ekarri zuen nonbait.

Baina aditu guztiak ez daude ados ideia horrekin, ez baitute uste lotura hori ezinbestekoa denik. Erresistentzia eta ahalmen aerobikoa eskeleto-muskulu eta bihotzaren menpe dago, baina oinarri-metabolismoa garun eta erraien menpe dago. Zenbait narrastik -horien artean Varanus generokoak dira adibide egokiena- gaitasun aerobiko handia dute baina oinarri-metabolismoa oso apala. Bestalde, zenbait ugaztunek gorputz-tenperatura beheratzen dute hibernazioan edo ez-aktibo daudenean. Hori aintzat hartuta, ez dirudi endotermia eta gaitasun aerobikoaren arteko halabeharrezko loturarik dagoenik.

2. irudia: Varanus generoko narrastia. Buru txikiko musker eta sugandilak dira, sama luzekoak, gorputz eta hanka sendoak dituzte eta buztana luzea eta indartsua.
2. irudia: Varanus generoko narrastia. Buru txikiko musker eta sugandilak dira, sama luzekoak, gorputz eta hanka sendoak dituzte eta buztana luzea eta indartsua. Hauek gaitasun aerobiko handia dute baina oinarri-metabolismoa oso apala.

Marcel Klaassen eta Bart Nolet ikertzaileek beste bide batetik jo dute. Hauen ustez, janari-baliabideen konposizio biokimikoari erreparatu beharko genioke. Izan ere, herbiboroen janariari nitrogenoa falta zaio, edo hobeto esan, landareen nitrogeno-edukia txikia da animalien nitrogeno-edukiaren aldean. Hori dela eta, animaliek behar duten nitrogenoa lortzeko, asko jan behar dute eta, gero, karbono gehiegi barneratu dutenez, karbono hori kanporatu behar dute. Hortaz, erretzea da karbonoa kanporatzeko modurik errazena. Beraz, bi ikertzaile horien iritziz, karbonoa erretzeko beharretik dator endotermia. Hau da, beroa sortzeko agertu beharrean, karbonoa ezabatzeko edo kanporatzeko bide gisa sortu zen.

Ez da ahaztu behar, baina, endotermiak nitrogenoaren beharrak goratzen dituela, zeren metabolismo bizkorragoak proteinen berrikuntza azkarragoa baitakar, eta proteinen berrikuntza azkarragoa bada, nitrogeno gehiago behar da. Izan ere, ugaztunek eta hegaztiek nitrogeno gehiago kontsumitu behar dute tamaina bereko narrastiek baino, lau bider gehiago zehatzak izateko. Hala eta guztiz ere, nitrogenoaren beharrak handiagoak izan arren, aukera ona da endotermia, ugaztun eta hegazti herbiboroek nitrogeno eduki oso txikia duen janaria baliatu baitezakete. Pentsa liteke bestelako bideetara jo litekeela karbonoa kanporatzeko, baina oso bide erraza eta garbia da karbonoa erretzea.

Endotermia karniboro txikietan agertu zela izan da orain arteko iritzi nagusia, eta bizimodu harraparia ahalbidetu zuela. Hori horrela balitz ere, ikuspegi interesgarria emango liguke hemen aurkeztu dugun hipotesiak. Buelta eman diezaiogun argudioari: endotermiak bizimodu ehiztaria ahalbidetu bazuen ere, herbiboria erraztu zuen gero, endotermo izanik etekin gehiago ateratzen baitzaio landareak jateari.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>