Roseto efektua

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Bizimodua azkar eta sakon aldatu digute XXI. mende honen hasieran gertatzen ari diren teknologia-aurrerapenek. Horrela gertatu da herri garatuak deritzen hauetan, eta ohi ez bezalako abiadura bizian gainera. Hori guztia dela eta, nik uste dut une hau bereziki egokia dela, Roseto efektuari buruz biologia eta antropologia-hausnarketak egiteko.

Roseto izeneko herria txikia da eta Pennsylvanian dago (AEB). Erdigunea etorkin italiarrek fundatu zuten. Apeninoen ondoan dagoen herri txiki batetik zetozen italiar horiek: Roseto Valfortore herritik. XIX. mendearen amaieran, italiar herriak migrazio-fluxu handia izan zuen eta rosetiarrak mundu osoan zehar sakabanatu ziren. Haietako asko, Pensilvaniara joan ziren, arbel-harrobi batean lan egiteko asmoz. Denbora joan ahala, herri berri bat sortu zuten han, eta bere jaioterriaren izen bera jarri zioten.

1. irudia: Roseto hiriaren Garibaldi kalea. (Argazkia: Wikipedia CC BY-SA 4.0 lizentziapean)
1. irudia: Roseto hiriaren Garibaldi kalea. (Argazkia: Wikipedia CC BY-SA 4.0 lizentziapean)

XX. mendearen erdialdean, Roseto herri estatubatuar arrunta zen, eta bere zerbitzuen artean mediku bat zuten. Mediku horrek, medikuntza psikosomatikoan aditua zen Stewart Wolf doktoreari esan zion rosetoarrek ez zutela ia bat ere gaixotasun kardiobaskularrik pairatzen.

50.eko hamarkadan, Estatu Batuetan gaixotasun horiek ziren heriotza-eragile nagusietako bat eta, esan bezala, ez zen horrelakorik gertatzen Roseton. Stewart Wolf medikuntza psikosomatikoaren aita izan zen nolabait, eta gauzak horrela, Rosetoko populazioa aztertzen hasi zen. Hasiera batean ustez Mediterraneokoa bide zen elikatze-ohitura horri erreparatu zioten, batez ere nagusiki proteinaz eta azukreez elikatzen zen populazio estatubatuarraren aldean. Geroago, bertan behera utzi zen ideia hori, rosetoarrek bereganatuak baitzituzten gizarte estatubatuarraren ohiturak. Wolf doktorearen oharren arabera, tabakismoa ere oso hedatua zegoen beraiengan, eta jakina, hori kaltegarria zen osasun kardiobaskularrarentzat.

Hurrengoan, rosetoarren gene-ondareari erreparatu zioten, baina argi ikusi zen ordea beste estatubatuarrek bezainbesteko gaixotasun kardiobaskular pairatzen zituztela Roseto hiri estatubatuarretik kanpo bizi ziren rosetoarrek.

Gero, ikuspegi geografikoa jorratu zen, baina Bagor edo Nazareth bezalako herriak gertu zeuden Rosetotik, eta herri horiek Amerikako Estatu Batuetako joera nagusiari eusten zioten.

Wolf doktorea elkarlanean aritu zen John G. Bruhn soziologoarekin eta azken honek eskaini zuen Rosetoko misterioa argitzeko gakoa. Herri horretako komunitatea oso kohesionatua zegoen. Elkarri laguntza ematen zioten, eta izan ere, 22.000 bizilagun eskas zituen herri hartan, 22 hiri-asoziazio zeuden. Ohi baino askoz ere maizago, hiru belaunaldi bizi ziren etxe berean. Igandeetan, herri guztia elkartzen zen Nuestra Señora del Monte Carmeloko elizan, eta meza egiten zuten han denek elkarrekin. Berdintasuna ahal bezainbeste bultzatzen zen, eta hobeto bizi zirenek laguntza ematen zieten hain ondo ez zebiltzanei. Labur esanda, komunitate bat sentitzen ziren bete-betean, nahiz eta bere inguru estatubatuarrean indibidualismoa izan nagusi.

2. irudia:
2. irudia: John G. Bruhn eta Stewart Wolf-ek “The Roseto Stroy” liburuan euren ikerketen emaitzak argitaratu zituzten 1979. urtean.

Egun badakigu herri garatuetan estresa areagotu egiten duela rosetoarrek alde batera utzia zuten indibidualismo horrek. Izan ere, estresa da gaitz nagusia herri horietan. Estresak igoarazi egiten du gure gorputzeko kortisona hormonaren kontzentrazioa. Kortisona, giltzurrun gaineko guruinak ekoiztua da, eta organismoa prest jartzen du une jakin batzuetan metabolismo jarduera biziagotuan barne baldintzei erantzun azkarrak emateko. Baina ehunak eten gabe badaude kortisonaren eraginpean, arteria-presioak gora egiten du, eta immunitate-sistemaren depresioa eragiten da. Azkenean gaixotasun kardiobaskularrak azaltzen dira.

Rosetarrek aukera ederra eman ziguten gizakiaren izaera taldekoiaz ohartzeko. Izan ere, gizakia, talde-izakia da, herri garatuetan nagusi diren jarreretan suma litekeen ez bezala.

Erreferentzia bibliografikoak


Egileaz: Iker Badiola Etxaburu (@IkerBadiola) UPV/EHUko Zelula Biologia saileko irakaslea da, eta Medikuntza fakultatean ematen ditu eskolak. Badiola doktoreak, ikertzaile gazte onenaren saria lortu zuen Niigatan (Japonian) 2007.ean egindako ISHSRren 13. Biltzarrean. Egun, ikertzaile nagusia da tumore-mikrogiroaren epigenetika aztergai duen egitasmo batean.


Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.