Asteon zientzia begi-bistan #147

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Mikrobiologia

Antibioerresistenteak mundu mailako arazo bihurtu dira. Mundu mailan, urte bakoitzeko 700.000 lagun hiltzen direla kalkulatzen da. Alarma sortzen duen esaldia dugu jarraian, etorkizun ilunaz mintzo dena: 2050. urterako hildakoen kopurua urteko 10 milioikoa izatera pasa litekeela uste du Europako Batzordeak. OME Osasunaren Mundu Erakundeak botiken aurrean erresistentzia duten bakterioen zerrenda argitaratu du, aurrenekoz, antibiotiko berrien garapena sustatuz. Ardura bereziko lehen maila horretan daude antibiotiko askoren aurreko erresistentzia garatu duten bakterioak. Jakina denez, lehen postuan,Acinetobacter baumannii bakterioa dago. Ospitaletan bereziki zabaltzen den patogenoa da. Zerrenda osoa artikulu honetan topatuko duzue, Juanma Gallegok ezagutzera ematen digun informazio osagarriaz gainera.

Medikuntza

Orain arte uste izan da minbiziak bi eragile nagusi zituela: norberak ekar lezakeen herentzia eta ingurumena. Baina 32 minbizi-motaren datu epidemiologikoak eta genomaren sekuentzia aztertuta, ikusi dute minbizien ia bi herenetan ematen diren mutazioak zelula osasuntsuetan DNA erreplikatzean gertatzen diren zorizko akatsak direla. Minbiziaren ikuspegi berri horrek minbiziari aurre egiteko estrategia aldatzea eskatuko du ezinbestean.

Neurozientzia

Burmuina ulertzeko hainbat gako plazaratu dituzte asteon Donostian izan den Garunaren Astean. Gazteentzako zein helduentzako hitzaldietan, arlo horretan izan diren azken aurrerapenak gizarteratzea izan dute helburu mintzatu diren ikertzaileek. Bertan parte hartu duten hiru aditurekin. Hizkuntza bat gardena edo opakua ote den desberdintzen dute adituek. Adibidez, Jaione Arnaez BCBLko ikertzaileak azaltzen du: “Guretzat, hizkuntza gardenak idazten diren bezala irakurtzen direnak dira. Halakoak dira euskara eta gaztelera, esaterako”. Opakuen kasuan, ingelesa eta frantsesa aurkitzen ahal dira. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Kimika

Gantz azido asegabeak eta polifenolei heldu die artikulu honek. Azken hauek ahalmen antioxidatzaile handia dute eta horri esker, erradikal askeak neutralizatzeko gai dira. Gaitasun horrek balio du adibidez hanturak tratatzeko, minbiziaren gisako endekapenezko gaixotasunetarako, besteak beste. Aipaturiko gantzak aldiz oso garrantzitsuak dira gaixotasun kardiobaskularren prebentzioan eta funtsezkoak dira odoleko triazilglizerol eta kolesterol mailak jaisteko. Ildo horretatik, ardo-ekoizpeneko hondakinen ustiapena aukera bikaina izan daiteke. Izan ere, bertan aurkitzen direlako aipaturiko kontzeptu biak (horien kontzentrazioa altua da). Testuan azaltzen den modua, lan horretan, optimizatu egin da bi urratseko jariakin gainkritikoaren bidezko erauzketa, ardo hondakinetatik konposatu bioaktiboak lortzeko.

Biologia

1970ean Bergarako herriko denda bateko erakusleihoan tigre bat agertu zen. Taxidermia bat zen. Urte askotako ikerketari esker orain badakigu tigre hori zoologia bilduma bateko ale bat izan zela, Bergarako Errege Seminarioko historia naturaleko kabinetekoa, hain zuzen ere. Garai hartan tigrea ugaria zen oraindik, eta zoologia bildumetarako lor zitekeen. Harrapari handia eta ederra delako ere asko ehizatu izan da. Espeziea arriskuan dago orain. Bilduma zientifikoek funtzio desberdinak betetzen dituzte. Helburu zientifikoak lortzeko biltzen direnak hasieran, natura edota gizakia bera ikertzeko erabiliak dira. Museo honen kasuan, XIX. mende amaieran bilduma zoologiko handia sortu zen Errege Mintegian, munduko naturaren aniztasuna eta eboluzioaren teoria hobeto ulertzeko. Gaur egun funtzio historikoa betetzen du.

Mendigoizaleei buruz aritu dira Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia artikulu honetan, euren erresistentzia eta indarra nabarmenduz. Toki altuetan dagoen oxigeno-urritasuna da leku altu horietan bizitzeko edo ibili ahal izateko dagoen arazoa edo oztopoa, gora goazen heinean oxigeno-gertutasuna jaitsi egiten delako. Hori garrantzitsua da arnasa hartzeko orduan, ingurumenetik odolerako oxigenoaren mugimendua oxigeno-presioaren menpekoa baita. Itsas mailan, oxigeno-presioa 21,3 kPa-koa (160 mmHg-koa) da; hau da, atmosfera-presioaren % 21 gutxi gorabehera. Baina igotzerakoan, oxigeno-presioa atmosfera osoarenaren neurri berean jaisten da. Hori dela eta, 11,2 kPa-koa (84 mmHg-koa) da oxigeno-presioa 5.000 m-tan, oso balio baxua animalia gehienen odolera iragan ahal izateko, gizakiak barne. Bada, mendigoizale onenak zortzi mila metroko gailurretara iristen dira. Zazpi mila metrotik gora gizabanako arrunt batek ezin du arnasa hartu. Zazpi mila metrotik gora ibiltzea, ibili ahal izate soila, gizaki aukeratu batzuek egin dezaketen ahaleginik handiena da.

Eboluzioa

Dinosauroen eboluzioari buruzko hipotesi berri bat proposatu dute. Orain arte, eta ia 130 urtez, bi talde handitan sailkatu dira dinosauroak: ornitiskioak eta sauriskioak. Lehenengoen ezaugarria da hegaztien erako pelbisa izatea. Sauriskioek, berriz, narrastien erako pelbisa dute. Orain, dinosauroen ezaugarri anatomikoen berrazterketa sakon bat egin dute ikertzaileek, 457 ezaugarri kontuan hartuta. Eta ondorioztatu dute teropodoak eta ornitiskioak talde berean elkartu behar liratekeela (Ornithoscelida taldean), 21 ezaugarri berdin baitituzte. Dinosauro guztien arbasoak nolakoak ziren ere iradokitzen du eredu berri honek.

400.000 urte inguruko garezur bat aurkitu dute Aroeirako haitzuloan (Portugal). Lisboako Unibertsitateko arkeologoek zuzendutako nazioarteko talde batek berreskuratu eta aztertu du garezurra. Taldeak adierazi dutenez, Europan mendebaldeen aurkitutako atxeliar kulturako fosil zaharrena da. Izan ere, garezurraren inguruan atxeliar kulturako harrizko tresnak eta animalia hezurrak aurkitu dituzte eta haietako batzuk erreta daude hortik ondorioztatu dute sua menderatzen zutela. Informazioa osorik Elhuyar aldizkarian topatuko duzue.

Itsas ingeniaritza

Arraunaren eta zientziaren arteko uztarketa lanbide bilakatu du Jon Lasa ingeniariak. Branka Composites enpresa sortu zuen, neurketa zientifikoak bertan aplikatuz. Zientziak arraunean errendimendua hobetzeko aukera handia eskaintzen du, bere esanetan: “Ari gara arraun taldeekin kolaboratzen. Horietako batzuk, Oriokoa kasurako, aspaldi hasi ziren ikuspegi zientifikoa lantzen, baina beste asko horretatik oso urrun daude oraindik. Zientziak kalte egiten ez duen ustetik abiatuta, errendimendua hobetzeko aholkularitza eskaintzen dugu”.

Fisika

Mikrosegundo batean funtzionatzen duen ate logiko kuantiko sendo eta ultralasterra diseinatu dute UPV/EHUko Kimika Fisikoko Saileko Gonzalo Mugak zuzendutako talde teorikoak eta AEBtako Colorado-Boulder Unibertsitateko talde esperimental batek. Helburua: bi ioien bidez, ate logiko kuantiko sendo eta ultralaster bat diseinatzea, mikrosegundo batetik beherako tartean funtzionatzeko gai izango dena. Ate horiek bereziki baliagarriak dira baina oraindik urrats asko eman behar dituzte. Gai honen azalpenak artikuluan topatuko dituzue.

Geologia

EHUko kimikariek beachrockak aztertu dituzte, hondar zementatuzko formazioak. Garapen industrialaren inpaktuaren eta kostaldean izan duen eraginaren lekuko dira harri horiek. Normalean eremu tropikal eta subtropikaletan sortzen diren arren, Bizkaiko kostaldean ere badira halakoak. Aztertu dituzten beachrockak egitura berriak dira, eta giza jardueraren eragin handia jasan dute. Ikertzaileen arabera, “Antropozenoaren ebidentziatzat” har daitezke; izan ere, industria-iraultzaren garaiko galdaketa-zepak gordetzen dituztela ikusi dute.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.