Energia-kalitate handiagoz hornitutako etxebizitzak eraikitzeko probetarako bankua

ENEDI Taldea

UPV/EHUko ENEDI Taldeak etxebizitzen eta, oro har, eraikin guztien kalitatea hobetzeko egiten du lan

Etxebizitzen eta, oro har, eraikin guztien kalitatea hobetzeko xedez dihardu lanean UPV/EHUko ENEDI Taldeak (Energetika Eraikuntzan). Horretarako, Europako direktibetan eraikinen energia-aurrezpenari, isolamendu termikoari eta eraginkortasun energetikoari dagozkien irizpideei jarraitzen die, bai eta jasangarritasunari, bizigarritasunari, iraunkortasunari, funtzionaltasunari eta mantentzeari dagozkien irizpideei ere. Instalazio esperimental bat ari dira muntatzen orain, datozen urteetan eraikinetan ezarriko diren energia-teknologien inguruko probak egiteko baliagarri izango dena.

Horretarako, eraikinen eraginkortasun energetikoaz ikertzen du ENEDI ikerketa-taldeak, bai inguratzaileari lotuta (bereziki, beroa eta hezetasuna transferitzeko prozesuetan), bai instalazioen energia-portaerari lotuta. ” Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari gehien interesa dakizkiokeen ildoetara bideratzen dugu gure ikerketa, neurri handi batean behintzat”, azaldu du Jose Mª Sala Lizarragak, UPV/EHUko Makina eta Motor Termikoen Saileko katedradunak.

Energia-aurrezpena

Aurreko Gobernuak bultzatu zuen Revive Plana aipa daiteke ikerketa-ildo honen helburuen adibide gisa. Plan horri esker, 600 edo 700 etxebizitza birgaitzeko edo eraberritzeko diru-laguntzak jaso zituzten euren jabeek. “Diru-laguntza horiek jasotzeko, jabeek erakutsi behar dute birgaitze horrekin energia-aurrezpen jakin bat erdietsi dela. Horren ingurukoa da Etxebizitza Sailari eskaintzen diogun aholkularitza, hots, etxebizitzen bloke bakoitzean kokatu beharreko sentsore eta datuak pilatzeko sistemen ingurukoa”, gaineratu du Salak. Ondoren, datu horiek jaso (tenperatura, hezetasuna, kontsumoa eta beste neurtuz) eta behar bezalako tratamendua eman behar zaie, birgaitzearekin egiaz erdietsitako energia-aurrezpena zenbatekoa den balioesteko.

Berriki, UPV/EHUk eta Bilboko Udal Etxebizitzak hitzarmena sinatu dute, “Energia-aurrezpena Etxebizitza Birgaituetan” izeneko programa garatzeko asmoz. Bilboko Udal Etxebizitzak higiezinen parke bat kudeatu eta mantentzen du, 4.000 etxebizitza sozial inguru biltzen dituena. “Guk aholkularitza eskaintzen diegu birgaitze-lanekin lotuta. Eraikin bat birgaitu ondoren, dagokion monitorizazioa eta eraikineko datuen azterketa egingo dugu, energia-aurrezpena zenbatekoa izan den zehazteko” azaldu du. Etxebizitza sozial horietan bizi direnen erosotasuna hobetzea da helburua. Horretarako, eraikinaren inguratzailea moldatu behar da, isolatze egokia aplikatuz bero-galerak murrizteko eta instalazioak hobetzeko. Hala, baliabide gutxi dutenek jasateko moduko energia-kontsumoa lortzen da, betiere etxebizitzen barruan erosotasun egokiari eutsirik.

Eraikinetako energia-instalazioak

Berriki beste lan-ildo bat garatzen hasi dira instalazioen energia-portaera aztertze aldera, eraikinetako energia-instalazioei dagokiena. Horretarako, instalazio esperimental bat egin dute, datozen urteetan eraikinetan ezarriko diren energia-teknologien inguruko probak egiteko. Eraikuntza-sektoreko eragileek erabili ahal izango duten informazioa lortu nahi dute proba horien bitartez. Instalazio horietan ohiko ekipamendu edo mikrosorkuntzarako instalazioekin batera, energia berriztagarriko instalazioak txertatuko dira (minieolikoa nahiz eguzki termikokoa, fotovoltaikoa, etab.). Finean, probak egiteko instalazio horri esker, ekipamendu-mota batzuen funtzionamenduari buruzko datuak jaso ahal izango dituzte, eta jardute-estrategia batean baino gehiagotan abiaraziko dira ekipamendu horiek. Informazio horrekin aztertuko dute zein teknologia diren eraginkorrenak, nola txertatzen diren egokienik ekipamendu-mota ezberdinak, eta zein jardute-moduk eragiten duten energia-kontsumo txikiena.

Sailaren eta Visesa-ren promozio publikoetan instalatzea aurreikusten den ekipamendu berrientzat erabiliko dute probetarako banku hori eta, ondoren, egoki irizten dioten beste erakunde eta promozio pribatu batzuetan erabili ahal izango dute.

ENEDI Taldeari buruz

ENEDI Taldea (Energetika Eraikuntzan) 2005ean eratu zen, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak eta UPV/EHUk sinatutako hitzarmen baten ondorioz. Hitzarmen horren arabera, Eusko Jaurlaritzaren Eraikuntzaren Kalitatea Kontrolatzeko Laborategiko (EKKL) Arlo Termikoa kudeatzeaz eta garatzeaz arduratzen da ikerketa-taldea.

Egun, ENEDI Taldean 9 doktore ari dira (horietako 7 Makina eta Motore Termikoen Sailekoak eta 2 Materialen Ingeniaritza Sailekoak), Makina eta Motore Termikoen Saileko 6 irakasle ez doktorek eta 6 doktoregai. Ikerketak, funtsean, Eusko Jaurlaritzaren Eraikuntzaren Kalitatea Kontrolatzeko Laborategiko (EKKL) Arlo Termikoaren instalazioetan egiten dira, Gasteizen. Zenbaitetan, beste zentro batzuekin kolaboratzen da: esate baterako, Sevillako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Reutlingengo Unibertsitatea (Alemania) eta Glasgoweko Caledonian Unibertsitatea (Eskozia).

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>