Haurren asma diagnostikatzeko eta kontrolatzeko aurrerapauso berria

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Donostia Unibertsitate Ospitaleko Pneumologia Pediatrikoa zerbitzuan egindako ikerketan, Paula Corcuera Elóseguik, Haurren Pneumologiako mediku-ondokoak, ikertu du zenbateraino den baliagarria botatako oxido nitrikoaren maila neurtzea haurren asmaren diagnostikoa eta tratamenduaren monitorizazioa eta jarraipena egiteko proba osagarri gisa. Proba erabilgarria dela frogatzeaz gain, bularreko umeetan aplikatzeko teknika bat garatzea lortu du.

Paula Corcuera doktorea, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Haurren Pneumologia zerbitzuko mediku-ondokoa.
Irudia: Paula Corcuera doktorea, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Haurren Pneumologia zerbitzuko mediku-ondokoa.

Asma da haurren artean gehien agertzen den gaixotasun kronikoa. Corcuera doktorearen hitzetan, “penintsularen iparraldean, haurren % 10ek dute asma. Azken urteetan aurrera egin den arren, gaixotasunak ondorio garrantzitsuak ditu, oraindik ere, gaixoentzat, haien familientzat eta osasun-sistemarentzat.

Corcuera doktorearen ustez, asma gaixotasun konplexua da, “desberdina baita haur bakoitzean, eta tratamenduekiko erantzuna ere desberdina baita kasu bakoitzean.” Gaixotasuna diagnostikatzeko eta gaixotasunaren kontrol-maila neurtzeko tresna nagusia espirometria da gaur egun; horren bidez, biriken funtzioa azter daiteke. Hala ere, gerta liteke espirometria nahikoa ez izatea, eta azken urteetan markagailu garrantzitsu bat aurkitu dute, espirometriak emandako informazioa osatzen duena: botatako oxido nitrikoaren maila neurtzea. Horixe ikertu du Corcuera doktoreak, hain zuzen ere.

“Ugaztun guztiok botatzen dugu molekula hori” azaldu du Corcuera doktoreak, “eta badakigu asma dutenek —bai eta beste gaixotasun batzuk dituztenek ere— ohikoa baino balio handiagoa ematen dutela”. Paziente pediatrikoek kanporatutako oxido nitrikoari buruzko ikerketa gutxi egin direnez, Haurren Pneumologia unitateak ikerketa-lerro bat jarri zuen martxan, askaturiko oxido nitrikoaren maila neurtzea zenbateraino den baliogarria ikertzeko.

Zortzi urteko ikerketa izan da, eta haren alderdi batzuk azaldu ditu Corcuera doktoreak. Adibidez, bularreko haurrekin, “sudurra eta ahoa estaltzen dizkien maskarak erabili ditugu; hala, ohiko bolumeneko hainbat arnasalditan botatako oxido nitrikoa jasotzen dugu”. Haur handixeagoekin, analizatzaile eramangarriak baliozkotu dituzte (ez dute ekipamendu hain konplexua behar, ez eta langile hain espezializatuak ere).

Nabarmentzeko moduko emaitzak

Corcuera doktoreak onartu du teknikak badituela muga batzuk, eta azterketa klinikoarekin eta espirometriako probarekin osatu behar dela beti. Hala ere, frogatu du proba baliogarria dela, bai gaixotasuna diagnostikatzeko, eta bai pazienteak monitorizatzeko. “Nabarmentzeko moduko emaitzetako bat da bularreko haurrek kanporatutako oxido nitrikoaren maila ere neur daitekeela”, azaldu du Corcuerak. “Ikusi dugu, edozein adinetako haurra dela ere, ohiko bolumeneko hainbat arnasalditako maila azter daitekeela, ahoa eta sudurra estaltzen dituen maskara erabiliz gero”.

Nabarmentzeko beste alderdi bat da normalean maila proximalean kanporatutako oxido nitriko maila zehazten dela, hau da, bronkioetakoa. Donostia Unibertsitate Ospitaleko ikerketa honetan, ordea, maila distaleko edo albeolarreko oxido nitrikoa ere neurtu dute. Ezberdintasuna garrantzitsua da; izan ere, emaitzak ikusita, badirudi oxido nitriko albeolarraren maila handia izateak esan nahi duela asma larriagoa duela pazienteak.

“Oxido nitriko albeolarraren maila zehazteko, beste teknika bat erabili dugu, hainbat fluxutako oxido nitrikoaren maila zehazten duena”, adierazi du Corcuerak. Sei eta hamasei urte bitarteko gazteekin erabili dute teknika hori. “Eredu matematiko baten bidez, oxido nitriko albeolarra neurtzen dugu, eta badirudi maila handiagoa dutenek krisi gehiago izan dituztela neurketa egin aurreko hilean”.

Hala ere, erlazio hori ez da erabakigarria, doktorearen ustez: “Izan ere, lagina nahiko txikia zen, eta hautatutako taldeko pazienteek ez zuten asma oso larria”. Hori dela eta, ikertzaileek azaldu dute asmoa dutela “alderdi hori ikertzen jarraitzeko, emaitza argiagoak lortzeko”.

Corcuera doktoreak egindako tesiak (Botatako oxido nitrikoa eta asma: metodologia, emaitzen interpretazioa eta haurretan dituen aplikazioak) orain arteko emaitzak eta ondorioak jasotzen ditu. Egindako lanak hedapen handia izan du ikerketa medikoaren arloan; lau artikulu argitaratu dira aldizkari espezializatuetan.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Haurren asma diagnostikatzeko eta kontrolatzeko aurrerapauso berria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.