Pinu-landaketen azpian bertako basoa garatzea ikergai

EHUko ikerketa

Inguruan bertako basorik baldin badago, inolako esku-hartzerik egin gabe pinu-landaketen azpian bertako basoei dagozkien zuhaitz-, iratze- eta belarkara-espezieak sartzen dira. Hala, hein batean lor daiteke bertako basoak berrezartzea, segida ekologiko deritzon prozesuari esker.

UPV/EHUko Paisaia, Biodibertsitatea eta Ekosistemen Zerbitzuko taldeak ikertu du zer gaitasun duen bertako basoak pinu-landaketen azpian berreskuratzeko eta emaitzak Forest Ecology and Management aldizkarian argitaratu dituzte.

pinu

Europako herrialde askotan basogintzan aritzen diren eragileak hasi dira baso-kudeaketa iraunkorrari erreparatzen. Horren ondorioz, garrantzi handiagoa ematen hasi zaizkie bertako basoak berrezartzeari eta sustatzeari. Izan ere, “oso momentu berezian dago basogintza, aurreko hamarkadetan hazkunde azkarreko espezie exotikoen landaketek emandako etekinek behera egin baitute”, dio Ibone Ametzaga UPV/EHUko Paisaia, Biodibertsitatea eta Ekosistemen Zerbitzuak taldeko kideak.

Gaur egun, bertako baso mistoak, hau da, haritza (Quercus robur) nagusi duen basoak, “berez izan lezakeen azaleraren % 3 hartzen du bakarrik Bizkaian eta Gipuzkoan” azaldu du Ametzagak. Ikertzaile-talde horrek ikusi du, ordea, hariztiek askoz ekarpen handiagoa egiten diotela gizartearen ongizateari pinu-landaketek baino. Nazio Batuen Milurteko Ebaluaziorako Nazioarteko Programa Bizkaian garatu dutenean iritsi dira ondorio horretara. Ekosistemek eskaintzen dituzten zerbitzuak estimatu dituzte programa horretan, hain zuzen ere.

Gizakiek ekosistemetatik lortzen dituzten onurei esaten zaie zerbitzu. Aisiarako, paisaiaren elementu gisa eta heziketarako duten balioaz gain, basoek elikagaiak eta egurra ematen dituzte; karbonoa ere atzematen dute, eta, hala, sistema klimatiko globalaren erregulazioan parte hartu; uraren arazketan parte hartzen dute; lurzorua sortzen eta higadurari aurre egiten laguntzen dute, eta abar. Horri dagokionez, bertako basoek “zerbitzu hobea ematen dute, bertoko biodibertsitatea mantendu edo karbono gehiago metatzen baitute. Halaber, txanda luzeagoko zuhaitzak dira, pinu-landaketak baino mantsoago hazten direlako, eta, hortaz, kudeaketak asaldura gutxiago eragiten ditu sisteman”, argitu du Ametzagak.

Erabateko berreskurapena lortzeko, esku-hartzea beharrezkoa

Basogintzak bizi duen krisiak eraginda, “pinu-landaketa zahar asko dago Bizkaian. Horrek aukera eman digu ikusteko nola gertatzen den segida ekologikoa ingurune horietan”, dio Ametzagak. Ekosistema batean berez gertatzen den bilakaera da, bertako eta inguruko espezieen arteko lehiak edo dinamikak bultzatuta. “Pinu-landaketen azkeneko urteetan, ez denez ez garbiketarik, ez bakanketarik, ez inausketarik egiten, inguruan dauden basoetatik iritsitako haziek aurrera egiten dute pinuek eskaintzen dituzten kondizioetan. Ikusi dugu batez ere bertako zuhaitzak eta iratzeak moldatzen direla hobekien kondizio horietara”, gaineratu du.

Emaitza horiek ikusita, Ametzagak proposatzen du “gune batzuetan pinu-landaketak bertako basora iristeko erabil daitezkeela, segida ekologikoaz baliatuz”. Izan ere, zenbat eta zaharragoa izan landaketa, “orduan eta aberatsagoa da azpian garatzen den basoa, eta antza handiagoa du bertako baso mistoekiko”.

Une jakin batetik aurrera, landaketek 25-30 urte dituztenean, gutxi gorabehera, dena den, beste zenbait neurri hartu beharko liratekeela nabarmendu du Ametzagak, bertako baso misto aberatsak lortzeko: “Espezieen konposizioa bertako baso mistoenarekin parekatzeko, kudeaketa adaptatibo bat egin beharko litzateke: pinuak kentzen joan, bere kabuz iritsi ez diren espezieak sartu eta abar. Horri esker, epe laburrean bertako basoa sartzea lortuko litzateke”.

Iturri bibliografikoa:

Onaindia, M., Ametzaga-Arregi, I., San Sebastián, M., Mitxelena, A., Rodríguez-Loinaz, G., Peña, L., Alday, Josu G. (2013). Can understorey native woodland plant species regenerate under exotic pine plantations using natural succession? Forest Ecology and Management, 308, 136-144. DOI: https://doi.org/10.1016/j.foreco.2013.07.046

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.