Agustín Sánchez-Lavega: “16 urterekin erosi nuen nire lehen teleskopioa eta honek unibertsoaren ateak ireki zizkidan”

Peru S. Gamarra

Agustín Sánchez Lavega

Agustín Sánchez-Lavega

Mendian gaude, gau garbi eta eder baten erdian. Ez dago inolako lainorik ezta soinurik ere ez. Bakardadea da sumatzen dena. Manta baten gainean etzanda, zerura begiratzen dugu. Gure gainean izarrak eta planetak ikusi daitezke eta, halako batean, arnasa lasai hartu eta galdera bat etortzen zaigu burura: bakarrik al gaude unibertso zabal honetan? Gu al gara bizidun bakarrak? Hotzikara bat sartzen zaigu. Intriga eta baita beldur pixka bat ere. Eta une horretan bertan, unibertso amaiezin honen barruan ezer ere ez garela konturatzen gara.

Aurreko galderari erantzuna ematea, normala denez, ez da erraza. Seguru aski ere, planeta honetan bizi garen guztiok noizbait gure buruari hori galdetu diogu. Dirutzak inbertitu dira baina oraingoz ez dugu baliabide nahikorik aurkitu honi erantzun egoki eta arrazoitu bat emateko. Oraingoz, behintzat, berdin jarraitu beharko dugu. Pelikula eta liburuekin konformatu beharko da gure burua. Bakoitzak bere usteak izango ditu honen aurrean baina, hala ere, zaila da pentsatzea gu garela bizidun bakarrak hainbeste planeta eta izarren artean.

Bada jende bat txikitatik sekulako jakin-mina izan duena gai honen gainean. Beraiek zerura begiratu eta erantzunen beharra sentitzen zuten. “Zer ote dira gure gainean zeuden puntu zuri horiek?” Pentsatzen zuten. Honelako zerbait galdetuko zion bere buruari gure hurrengo protagonistak. Zientzia Kaiera Agustín Sánchez-Lavega fisikari eta astronomo paregabearekin bildu da unibertsoaren gainean hitz egiteko. Bera da, seguru aski ere, Estatu mailan espezialista hoberenetariko bat. Ez dugu denbora asko izan berarekin hitz egiteko. Izan ere, Almeriara joan beharra du Calar Altora lan egitera. Hori bai, gustua ematen du hainbeste dakien pertsona batekin hitz egiteak.

Astrofisikaria zara eta baita Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea ere. Nola definituko zenuke zure lana?

Katedraduna naizen heinean, unibertsitateko irakaslea ere banaiz. Beraz, nire bizitzan, badut irakasle parte handi bat ere. EHU-n Zientzia eta Teknologia Espazialean master bat garatu dugu eta esan behar dut erabat berritzailea dela. Gure lurraldean egin den lehenengoa da. Bizkaiko Foru Aldundiaren diruari esker, Ingeniaritza Eskolan gela berezi bat muntatzea lortu dugu, ‘Espazio Gela’ deitzen dena. Gela honetan, nik esaten dudan bezala, harrobi bat garatzen gabiltza. Gure helburua profesional kualifikatuak formatzea da, hain zuzen ere. Nire lanaren parte oso garrantzitsua da profesionalen harrobi hau garatzea eta asko disfrutatzen dut, egia esan.

Eta ikertzailea ere bazara…

Noski baietz! Aurreko parte hori garrantzitsua bada, ikerlariarena ere oso garrantzitsua da niretzako. Txiki txikitatik unibertsoan gertatzen diren gauzen gainean interes handia duen fisikari bezala definituko nuke nik nire burua. Era laburtuan, astrofisikari bezala aurkeztuko nintzateke. Haratago joatea nahi baduzu, espazioan dauden astroen artean, hurbilen daudenak dira niri gehien interesatzen zaizkidanak. Hau da, eguzkiaren inguruan orbitatzen dauden planetak, hain zuzen ere. Nire ikasketak bukatu nituenetik interes handia izan dut honetan guztian. Atmosfera planetarioak dira aztertzen ditudanak.

Beraz, esan daiteke, gaztea zinenetik garbi zenuela zure etorkizuna.

Bai, zalantzarik gabe. Bokaziozkoa izan da erabat nire aukeraketa. Hasiera batean afizioa zena, gaur egun nire ogibide bihurtu da. Nire amak beti galdetzen zion bere buruari, “zer dira eta non ote daude izar horiek?”. Galdera hauei esker interes handia piztu zitzaidan gaztetatik. 16 urterekin erosi nuen nire lehen teleskopioa eta erosketa honek unibertsoaren ateak ireki zizkidan. Esan beharra dut denbora luzez ibili nintzela igandeko paga gordetzen erosketa hau egiteko (barreak).

Hasiera horiek nolakoak izan ziren? Zer izan zen espazioan ikusi zenuen lehenengo gauza?

20 urterekin nire bigarren teleskopioa erosi nuen eta bigarren honekin salto handiagoa eman nuen. Garai hartan, dirurik ez genuenok, oso zaila genuen teleskopio onak erostea. Hala ere, bazen katalan bat teleskopioen optika partea fabrikatu eta nahiko merke saltzen zuena. Fabrikante honi lenteak erosi nizkion eta, ondoren, zurgindegi batera joan, egurrak erosi eta nik neuk muntatu nuen dena. Primeran gogoratzen naiz ikusi nituen gauzez: Jupiterren bandak, Saturnoren eraztunak, Marteren polo kasketak… Are gehiago esango dizut! Marten hondar erauntsi eder bat ikusteko zortea izan nuen. Hala ere, teleskopio batekin edonork ikusi ditzake gauza hauek.

Hurrengo galdera behartuta egin behar dizut. Bakarrik al gaude espazio zabal eta amaiezin honetan?

Galdera honi momentu honetan erantzuna ematea ezinezkoa da. Edo, behintzat, oso zaila. Gure inguru hurbilenean ezetz esango nuke. Marten bilatzen gabiltza, baina bizitza mikroskopikoa da egotekotan aurkituko duguna. Jupiterren ilargiek bizitza izateko aukeraren bat izan dezakete, hauetako batzuek ozeanoak baitituzte, baina oso zaila dela iruditzen zait. Gure galaxian, gutxi gora behera, 100.000 milioi izar egongo dira eta hauetako batzuek planetak dituzte. Planeta hauetako zenbatetan aurki daitekeen bizitza esatea zaila da. Hori bai, aukerak egon, badaude. Beraz, galderari erantzunez, planeta hauetako batek ere ez edo askok bizitza izan dezaketela erantzungo dizut. Hau da, edo ez dago bakar bat ere ez edo kontaezinak izan daitezke. Hortik bizitza inteligentea egon daitekeela esatea asko da.

Eta zein da zure iritzia? Busti zaitez pixka bat…

Nire iritzi apala eman behar badut… Niri oso arraroa egingo litzaidake bizitzarik ez aurkitzea. Hainbeste planeta egonik aukera asko daudela iruditzen zait. Zentzu horretan nahiko optimista naiz.

Zer sentitzen da teleskopio baten aurrean zaudenean eta hainbeste planeta eta izar ikusten direnean? Ez al du beldurrik ematen?

Beldurrik ez du ematen, ezta gutxiago ere. Hori bai, gure txikitasunaz ohartzen zara. Unibertsoaren erraldoitasunaren barruan izugarri txikia zarela konturatzen zara.

Zinema munduak eta literaturak astronomiari laguntza eman diote edo mitoak besterik ez dituzte sortu?

Nik uste, orokorrean, nahiko lagundu dutela. Badira pelikula asko huts handiak dituztenak, baina hori ez da garrantzitsuena. Filmek eta liburuek espaziora hurbiltzen laguntzen digute eta hori da kontutan hartu behar duguna. Gazteek pelikulei esker interes handiagoa izan dezakete. Gainera, gaur egun, pelikulak oso ongi daude muntatuta. Hor dago George Clooney-ren ‘Gravity’, adibidez. Badirudi espazioan dagoena zu zeu zarela.

———————————————————————–

Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da

Iruzkin 1

Eman iritzia

16 urterekin erosi nuen nire lehen teleskopioa ...

[…] Peru S. Gamarra Mendian gaude, gau garbi eta eder baten erdian. Ez dago inolako lainorik ezta soinurik ere ez. Bakardadea da sumatzen dena. Manta baten gainean etzanda, zerura begiratzen dugu.  […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>