Asteon zientzia begi-bistan #3

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak bilduko ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta bilduta eskaintzeko helburu dugu. Zeri buruz hitz egin da sarean? Eman diezaiogun begirada bat.

Asteon zientzia begi-bistan 3

7K gehigarriko artikulu-sorta berria argitaratu du asteon Gaiak argitaletxeak. Besteak beste, konputazio kuantikoaren nondik norakoak azaltzen dituenak dakarkizuegu gaur. Unaik Martinezek konputazio klasikoak dituen mugak abiapuntutzat hartuta, konputazio kuantikora garamatza. Konputagailu kuantikoa une berean egoera baten baino gehiagotan murgildu daiteke, ezaugarri kuantiko horri gainjartzea deritzogu: Konputazio kuantikoa. Bit-ak qubit izatera pasatzen direnean.

Sare elektrikoak XIX. mendean sortu ziren eta egun ez dira zirenak. Munduan hedatzeaz gain, sare elektrikoen egitura eta ezaugarriak zeharo aldatu dira. Krisi energetikoak eta klima-aldaketaren inguruko kezkek eraginda, energia berriztagarrien alde egindako hautua oinarrian hartzen du Aitor Etxeberria ikertzaileak, energia-iturri berriztagarrien erabilera eta mikrosareak lantzeko Elhuyar aldizkarian: Energia metatzeko sistemak mikrosareetan.

Liztor asiarrak, Vespa velutina, Indian du jatorria baina 2004an Europara ailegatu zen, Txinako Yunnan herrialdetik zetorren egur-edukiontzi batean. Espezie honen lehenengo deskribapena Frantzian egin zen 2006an eta urte bat beranduago erlezainek erleen etsaia zela antzeman zuten. Euskalnatura.net gunean Maite Lopez de Arbina eta Libe Solagaistua biologoek ornogabe honen ezaugarriak erakusten dizkigute: Liztor asiarra, erleen etsairik oldarkorrena.

Unibertsoaren bilakaeraren arrazoiak aurkitu nahian dabiltza astronomoak. Eginkizun horretan, besteak beste, unibertsoari irudiak eta espektroak ateratzen dizkiote Hubble bezalako teleskopioekin. Argazkiak, azken finean. Baina argazkiok bereziak dira, horrelako irudi batean garai bakaneko argazkia baino, argazki-sorta sortzen delako: 6 eta 100 urte bitartekoak. Zientzia Kaiera blogean Itziar Aretxaga astrofisikariak unibertsoari ateratzen zaizkion argazkiotaz dihardu: Bizitza luzeko argazki-sortak.

Badirudi Lurra ez dela bizitzaren jabe izan daiteken planeta bakarra. Egon badaude eguzki-sistematik kanpo dauden hogei bat planeta, exoplanetak, ustez bizitzarako kondizio egokiak dituztenak. Amaia Portugal kazetariak Carlos Saenz NUPeko fisikariarekin hitz egindakoa dakarkigu. Planeta baten bizigarritasunaren ageriko seinaleak haren atmosferan daudela aipatzen du Saenzek. Beraz, exoplaneten atmosferak behar bezala aztertu beharko lirateke kondizioak betetzen dituzten ezagutzeko: Gerizpe gehiago ere badira.

Masa kontzeptua historian zehar aldatzen joan da. Josu Abajo fisikariak masa kontzeptuari erreparatzen dio Arturo Campion euskaltegiko ikasleen blogean eta teoria klasikoen ideiak errepasatu ondoren, Einstein eta mekanika kuantikora hurbiltzen da. Adibidez, Einsteinek haren Erlatibitatearen Teorian hankaz gora jartzen ditu garaian indarrean zeuden fisikako hainbat printzipio. Eta mekanika kuantikoaren arabera materiak, masaz gain, uhina ere baduela baieztatzen du, materia uhin gisa ikertzen duelarik: Fisika kuantikoa eta masa.

Zer litzateke zientzia atomorik gabe? Zer gertatuko zen materia atal askotan zatituko bagenu? EHUko Kimika Fakultateko Esther Udabe, Ane Olazagoitia, Maite Eceiza eta Andoni Perez ikasleak egiten dizkigute galdera hauek. Galdetzeaz gain, erantzuna eskaintzen digute Nola ikasi kimika kuantikoa izutu gabe blogean eredu atomikoaren bilakaeraren bidez. Aristotelesekin hasi eta John Thomson, Rutherford eta Bohr-en teoriei begirada bat ematen diote: Eredu atomikoaren eboluzioa.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan EHUko Informatika Fakultateko Berdintasunerako Batzordeak emakume informatikari aitzindarien berri eman zigun. Informatikaren garapenean emakumeak egin dituzten ekarpenak plazaratzeko asmoz, 1815ean jaio zen Ada Byronetik (Ada Lovelace), 1974an sortua den Jeri Ellesworth zirkuitu diseinatzailera arte, informatikaren historia osatzen duten 20 emakumeen ekarpenak jasotzen dituzte: Itzaletik azalera. Emakumeak, teknologiaren sortzaileak.

2 iruzkin

Eman iritzia

BMABMA

@Uhandrea No está en español por algún sitio? Me gustaría leerlo.

Zientzia KaieraZientzia Kaiera

No, de momento solamente lo editamos en euskara. Recoge los artículos de ciencia que durante la semana se han editado en euskara en la red y lo publicamos en este blog en euskara de la Cátedra de Cultura Científica de la Universidad del País Vasco.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>