Internet erakusleiho handia eta zabala da. Erakusleiho honetara hurbiltzen gara euskaldunok informazioa bilatzen, informazioa eta edukiak partekatzen eta iritzia plazaratzen. Azken finean, elkar eragiten. Elkarrekintza honen adierazle batzuk eskaintzen dizkigute, esaterako, Eustatek urtero egiten dituen azterketek. Horren arabera, 2013an EAEn 15 urtetik gorako biztanleriaren %65,8ak erabiltzen zuen Internet, zortzi puntuko hazkundea izan zuen erabilerak iaz. Koiuntura adierazle hauek ere aipatzen zuten, %66,9k Internet zuela.
Eustateko datuez gain, Umap dugu beste iturri interesgarri bat. Twitterren euskaraz diharduten erabiltzaileen jarioa jarraitu, bildu, iragazi eta aztertzen duen egitasmo honek ere hainbat adierazle eskaintzen dizkigu. Eustatek ikuspegi orokorra ematen badigu, Umapen helburua da Twitterren dabiltzan euskaldunak antzematea eta ondorioz, ikuspegi gertuagoa ematen digu. Umapen parametroen arabera gaur egun euskaraz txiokatzen duten 5.900 bat txiolari daude eta hauek, batez ere Twitter, Youtube, Berria egunkaria eta Argia aldizkariko informazioa partekatzen dute sarean.
Zein iturriko informazioa partekatzen den jakin badakigu baina ez ordea zeintzuk diren partekatzen diren gaiak. Arkaitz Zubiaga ikertzaileak aurreko hutsunea betetzera datorren ikerketa bat gauzatu du. Dublingo Teknologia Institutuan dihardu ikertzen eta bere proiektuetako batek sarean zer partekatzen dugun ezagutzea du helburu. New York Times egunkariaren azalean argitaratzen diren berriak, jendeak Twitter eta Facebooken partekatzen ote dituen aztertu du. Izan ere, egunkarien portadetan eguneko “gai nagusiak” dute ispilu. Egindako lanaren ondorioz, New York Times-ek lehen orrialdean argitaratzen dituen berriak ez dira partekatzen modu masiboan sare sozialetan. Arkaitz Zubiagak Euskadi Irratian azaldu zigunez, “Jendeari, zientziari eta musikari buruzko albisteak interesatzen zaizkio Interneten”. Zientzia? Ikertzaileak adierazi zuen moduan, zientziaren gai teknologikoak zabaltzen dira: informatika eta teknologia dira interesatzen zaizkigun gaiak. Horrekin batera, musika eta aisialdiko berriak dira gehien partekatzen direnak haren ikerketaren arabera.
Euskal Herrian zientziarekiko pertzepzioa baikorra dugu eta gai zientifikoei eta teknologikoei buruz dugun interesa hazi egin da azken ikerketen arabera. Hala ere, kirola, osasuna, aisialdia eta ekonomiari lotutako gaiek interes gehiago pizten dute gugan. Arestian aipatutako ikerketaren ildoarekin antzekotasun asko adierazten dute datuok. Internet da iturri nagusia, telebistarekin batera, zientzia eta teknologiari buruzko informazioa eskuratzeko.
Euskal Herrian Internet erabiltzen dugu eta euskaraz jarduten dugun erabiltzaileok Twitter eta Youtuben aurkitzen ditugun edukiez gain, egunkari eta aldizkarietan argitaratzen direnak partekatzen ditugu. Edukiei dagokionez, kultura, aisialdia eta teknologiarekin lotutakoak zabaltzen ditugu, antza. Izan ere, zientzia eta teknologia interesatzen zaigu, nahiz eta ez beste gai batzuen maila berdinean. Eta hauei buruzko informazioa bilatzeko iturri nagusi bi erabiltzen ditugu: Internet eta telebista.
Irudikatu dugun ingurune honetan urtarrilaren 7tik martxoaren 31arte Kultura Zientifikoa I. Jaialdia abiatu zen. Internet izanik informazio iturri nagusia, sarean zientzia-gaiak euskaraz sustatzeko eta zabaltzeko ekimena martxan jarri zen. Jakintza-arlo desberdinen inguruko post, mezu edo artikuluak tarte jakin baten idatzi, editatu, sareratu eta biltzeko ekimen zabala izan da, interesa zuen orori irekita egon dena. Twitterren #KZJaia traola izan duen egitasmoak helburu zehatza izan du: Kultura Zientifikoaren gaineko ezagutza, onespena eta interesa gizartean zabaltzea Internet bidez.
Hiru hilabetez gauzatu den Jaialdian 120 ekarpen bildu dira, egindako aurreikuspenak soberan gaindituz. Jakintza-arlo askotariko gaiak jorratu dituzten artikuluak, mezuak, podcastak, infografiak, bideoak eta abar landu dituzte 73 parte-hartzailek. Eta zer gehiago? Epe honetan egindako ekarpenen eta egileen ezaugarriak jaso ditugu, eta ekimenak izan duen ikusgarritasunari buruzko hainbat adierazle batu ditugu. Zenbakiak eta ezaugarrien azterketa txiki bat egin ondoren hona hemen #KZJaiak eman duena.
Zertaz, Nor eta Noiz mintzatu gara?
73 parte-hartzaileek 120 ekarpen egin dituzte hiru hilabetetan. Ekarpenen %93,2a astean zehar argitaratu dira, lanegunetan. Egunik gogokoena sarean editatzeko asteazkena izan da eta askotariko gaiak plazaratu dira. Dokumentazioa sailkatzeko, Inguma datu-basean erabiltzen den SHU, Sailkapen Hamartar Unibertsalaren moldaketa oinarrian hartuta katalogatu dira mezuak. Honen arabera 22 jakintza-alorreko gaiak landu dira Artetik, Zientziaren historiara arte, baina lau jakintza-arloko gaiak izan dira nagusi: Biologia, Fisika, Medikuntza eta Osasuna, eta Hizkuntzalaritza. Matematikak, Ekonomiak, Soziolinguistikak eta Neurozientziak ere presentzia nabarmena izan dute Kultura Zientifikoa I. Jaialdian.
73 egilek lana burutu dute modu askotan, gehienek testu dokumentua landu badute ere, infografiak, podcastak, bideoa, argazkia eta sareko aplikazioen bidez sortutako albistariak ere aurkeztu dituzte. 43 egilek (%59a) ekarpen bakarra egin dute eta gainontzeko 30 egileek (%41a) errepikatu egin du, ekarpen bat baino gehiago aurkeztuz. Partaideen %38ak taldean egin ditu lanak.
Parte-hartzaileen artean denetarik izan dugu, ikasle gazteak eta jubilatuak. Irakasleak, ikerlariak eta hainbat alorretako profesionalak: kazetariak, dokumentalistak, biologoak, zientzia dibulgatzaileak, aholkulariak, medikuak eta abar. Talde nagusia azken hauek osatu dute, profesionalek, eta jarraian ikasleek. Ikasle gazteenak DBH 2. mailakoak izan dira, hortik aurrera, DBH 4. ikasleak, Batxilergoko ikasleak, unibertsitatekoak eta euskaltegiko ikasleak ere izan ditugu. Ikasleen partaidetza altuan zerikusi nabarmena izan du irakasleen laguntza eta inplikazioa. Izan ere, orotara, 19 irakaslek hartu dute parte ekimenean: 13 unibertsitateko irakasleak eta ikertzaileak izan dira, Euskal Herriko bi unibertsitate publikokoak UPV/EHU eta UPNA/NUP. Gainontzeko irakasleak institutu, ikastetxe eta euskaltegiko irakasleak izan dira.
Ekarpenak 31 guneetan editatu dira, Zientzia Kaiera blog anfitrioian 24 argitaratu dira, beste guztiak webgune eta baliabide propioekin sareratu dira. Horrenbestez, badira ekitaldi honen aitzakian sortutako blog berriak, Donostiako San Ignazio Ikastetxeko ikasleen Galtzadaberri, esaterako edota orain arte gaztelaniazko edukiak izan dituztenak eta euskaraz dibulgatzen hasi diren guneak, Abaritzeta bezala.
Generoari dagokionez parte-hartzaileen %34,25 emakumezkoak izan dira eta gizonezkoak %65,75. Adinari dagokionez, parte-hartzaileen multzo handienak 15-24 eta 35-44 urte tartekoak izan dira. Lehenak, %30a izan dira eta bigarrenak, %33a.
Ikusgarritasuna eta zabalkundea: Zer partekatu da sare sozialetan eta komunikabideetan?
Kultura Zientifikoa I. Jaialdiak oihartzuna izan du sare sozialetan. Izan ere, Internet bidez garatu den ekimen honen toki naturala sarea izan da:
-
Facebooken KZJaia talde publikoa sortu zen jasotako ekarpenen berri emateko. 120 pertsonaz osatutako talde honetan ekarpen guztiak sareratu dira eta batazbeste 40 aldiz ikusi da artikulu bakoitza.
-
Zientzia Kaiera blog anfitrioian argitaratu diren artikuluak, ekarpenen laburpenak eta egitasmoari buruzko informazioak 5.853 bisita izan dituzte guztira.
-
Twitterreri dagokionez #KZJaia traolarekin sareratu diren txio originalak bildu ditugu, bertxioak ez dira batu. Orotara, 1.846 jatorrizko txio idatzi dira.
-
Horretaz gain, Sustatu Interneteko Albistegiaren pilotu automatikoak 120 ekarpenetik 44 harrapatu ditu: %37a. Horietatik 11 portadara igo zituen Sustatuk eta Internet eta posta elektronikoz zabaldu haren harpidedunei.
-
#KZJaia traolaren jarraipenari dagokionez urtarrilaren 7tik apirilaren 2a arte, Umapeko joeren atala aztertuta, traolak izandako mugimenduaren berri jaso dugu. Hiru hilabetetan zehar, 70 egunetan #KZJaia euskaldunon Trending Topic-en artean egon da Twitterreko erabiltzaileei esker. Hiru egunetan lehen postuan egon da eta hogeita hamar egunetan lehen bost joeren artean kokatu da.
Sarean izan duen islaz gain, komunikabideetan eta sareko beste txokoetan ere agertu da:
-
Berria egunkariak, Radio Euskadiko La Mecánica del Caracolek, Eguzki Irratiko Pasealeku irratsaioak eta Barañaingo Plazaberri aldizkariak ekintzaren berri eman zuten.
-
EITBko Tribuaren Berbak zientzia eta euskarari dedikatu zion programan, ekimenak ere aipamen txiki bat izan zuen.
-
Neurozientzien Ikerketarako Achucarro Zentroak, DIPC Donostiako Fisika Zentroak, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak, EHUko Nazioarteko Bikaintasun Campusa Euskampusek, Elhuyar Fundazioak, Euskara Kultur Elkargoak eta UEU Udako Euskal Unibertsitateak ekimenaren informazioa argiratu dute ere.
-
Hainbat blogetan ekimenaren xehetasunak azaldu dira: Aguraingo Aniturri BHI Institutuko blogean, Arturo Campion Euskaltegiko ikasleen blogean, Bagabigablog!, Edonola, Lingua Navarrorum eta Naturzientziak blogetan.
- Unibertsitatea.net, Zientzia.net atarietan eta PIkasle Matematika Ikasleen aldizkarian ere egitasmoa zabaldu dute.
Azken gogoetak
Sarean kultura zientifikoa hedatzeko euskaraz burutzen den lehen ekimena gauzatu da 2014ko lehen hilabeteetan. Euskal Herrian zientzia-gaiei buruz dugun interesean eragiteko asmoz, hainbat jakintza-alorreko edukiak euskaraz landu, argitaratu eta zabaldu dituzte 73 parte-hartzailek. Hauekin batera, sustatzaileak eta hainbat laguntzaile ere izan dira. Guztira 100 pertsonatik gora inplikatu dira ekimenean eta ezinbestekoa da aitortzea euren gogoa, borondatea eta lanari esker aurrera joan dela Kultura Zientifikoa I. Jaialdia.
Antolatzaileen aurreikuspen guztiak gainditu dituen ekimenak baieztatu du, Internet toki eta bide egokia dela arrotzak begitantzen zaizkigun gaiei atea zabaltzeko eta irakurle orokorrari hurbiltzeko. Informazio eske sarera jotzen baldin badugu eta jendeak interesa adierazten badu, ezinbestekoa da euskaraz teknologia, historia, medikuntza, astronomia, filosofia edota edozein arloko edukiak sortzea eta zabaltzea. Baita egunerokotasunean gehiago kontsumitu eta atsegin ditugun gaiak ere: osasuna, kirola, ingurumena, lana, musika, informatika, aisialdia… . Eta zeresanik ez, hain hurbilak ez direnak. Azken finean, ezagutzen ez duguna ez dugu preziatzen.
Ekimen honek, besteak beste, honakoak erakutsi ditu:
-
Euskaraz edozein jakintza-arloko gaiak jorratzeko gaitasuna dugu.
-
Gazteek jakin-minaz gain, zientzia-gaiak ulertu eta garatzeko prestutasuna adierazten dute.
-
Irakasleak ez diren hainbat arloko profesionalak ere adituak dira gai askotan.
-
Gizartean antzematen den dinamika orokorrari jarraituz, emakumeen presentzia txikiagoa izan da.
-
Irakasleen inplikazioa ezinbestekoa da zientzia-gaien ezagutza eta dibulgazioa zabaltzeko ikasleen artean.
-
Kultura Zientifikoa hedatzeko oinarrizkoa da elkarrekintza eta auzolana.
Etorkizunari erreparatuz gero, lanean jarraitu beharra dagoela badakigu baina, gai gara aurre egiteko. Zelan, zenbat, non, noiz… hori gure esku dago.
Egileez: Uxune Martinez Mazaga (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, eta Giza Baliabideen kudeaketan espezializatua UPV/EHUn. Egun, UEUko Inguma datu-basearen arduraduna da eta UEUko Soziologia saileko kidea. Jon Mattin Matxain (@TxoniMatxain), EHUko Kimika Fakultateko eta Donostia International Physics Centerreko ikertzailea da eta “Nola ikasi kimika kuantikoa izutu gabe” blogaren egilea.
3 iruzkinak
[…] nagusienetakoa eta, Zientzia Kaieraren aterkiaren babesean, urtarrilaren 7tik martxoaren 31ra kultura zientifikoaren 1. jaialdia egin zen; hura izan zen sarean kultura zientifikoa hedatzeko euskaraz egindako lehen ekimena. […]
[…] 174 artikulu sortu dira dagoeneko ekimen honen karietara (ikus aurreko bi jaialdien laburbildumak hemen eta hemen). Jaialdiaren hirugarren edizioa abiatuko da bihar, edonola.net bloga antolatzaile eta […]
[…] 100 sustatzaile eta laguntzaile baino gehiago ibili ginen Twitter eta Facebooken trasteatzen Zientza Kaiera eta Zientzia.net-en publikatzen ziren post, mezu edo artikuluak […]