Kultura Zientifikoa ikasleen ikuspuntutik: “eguneroko bizitzan dugun zerbait da”

Ekitaldiak

Uxune Martinez

Maiatzaren 8an Donostian, UPV/EHUko Carlos Santamaria Zentroan Kultura Zientifikoa Sustatzeko I. Ikasle Topaketa egin zen. Ekitaldiaren helburua zen Kultura Zientifikoari buruz ikasleek zituzten ikuspuntuak ezagutzea. Haien iritziak eta hitzak ezagutzeko topalekua sortzea eta zientziaren diziplinen arteko elkarrekintza agerian uztea.

Ikasleak protagonista izan ziren ekitaldi honetan, askotariko arloak jorratzen dituzten gazteek “Kultura Zientifikoa eguneroko bizitzan dugun zerbait dela” nabarmendu zuten.

Kultura Zientifikoa sustatzeko I. Ikasle Topaketa. Argazkia: @Ikaskidetza
Kultura Zientifikoa sustatzeko I. Ikasle Topaketa
(Argazkia: @Ikaskidetza)

Zientzia eta teknologiaren gizartean bizi gara. Nabaria da, esaterako, teknologiak gure bizitzan duen presentzia eta eragina. Baina zein da gure ezagutza maila gai horietaz? Zientzia eta teknologiari buruzko ezagutza edukitzea garrantzitsua da, ez soilik eskuartean dugun gailu mugikorra nola funtzionatzen duen jakiteko eta etekina ateratzeko. Ezagutza horiek baliagarriak dira erabakiak hartzeko momentuan, irizpideak ematen baitizkigute hau edo bestea hautatzeko. Beraz, ezagutzak erabakiak hartzeko prozesuak erraztuko dizkigu eta baita, pentsamendu kritikoa garatzeko baliabideak eskaini ere.

Jakina da ezagutzen ez duguna ezin dugula estimatu. Hau ekiditeko, egun, “zientzia-eragileek gero eta interes handiagoa erakusten dute zientziaren ezagutza handitzeko eta zientzia gizarteratzeko” (1), hau da, Kultura Zientifikoa hedatzeko eta zabaltzeko.

Eta ze iritzi dute guzti honetaz ikasleek? Zein da haien ikuspuntua?

Kultura Zientifikoa sustatzeko I. Ikasle Topaketa.

Unibertsitateko ikasleek eta DBH 4. mailako ikasleek hartu zuten parte topaketan. 10 aurkezpen, 10 poster eta mahai-inguru bat eskaini ziguten entzuleei. Besteak beste, filosofia, kimika, informatika, zuzenbidea, haur hezkuntza eta teknologia ikasten diharduten gazteak izan ziren protagonista eta hainbat esparrutik honakoak landu zituzten:

Kultura Zientifikoa.

Zientzia esperimentatzen den gauza bat da, esperimentatu behar duguna. Ez da gauza itxia, izan ere, guk geuk egiten dugu baina gizartearen interesa pizteko dibulgazioa beharrezkoa da. Kultura Zientifikoa duen gizarte bat izatea garrantzitsua da, Kultura Zientifikoa eguneroko bizitzan baitugu. Baina gizarteak beldurra omen du galdetzeko. Ez daki zelan galdetu eta haren burua jartzen du zalantzan, zientziarena baino. Izan ere, Leire Barrondoren ustez, filosofia-ikaslea eta Kultura Zientifikoa ikertzen diharduen gaztea, adituak urrun ikusten ditu gizarteak. Eta, adituez gain, guk geuk ere badugu zeresana hainbat esparrutan. Kultura Zientifikoa ez da at dagoen zerbait, egunerokotasunean dugu, ez da soilik adituen esparrua, gurea ere bada.

Kultura Zientifikoaren garrantzia gure bizitzan.

Baina zergatik da beharrezkoa Kultura Zientifikoa izatea? Gure bizitzako zein esparrutarako da garrantzitsua? Hona hemen adibide batzuk:

Erresonantzia magnetikoa proba medikua sarritan entzun izan dugu. Seguruenik gutariko askok egin du noizbait. Baina badakigu izatez “erresonantzia magnetiko nuklearra” dela? “Nuklearra” hitza ezkutatu egiten dute, hitzak sortarazten duen beldurra saihesteko gaixoei. Kimikako ikasleek erresonantzia magnetikoa zer den eta medikuntzan nola inplementatu den azaldu ziguten.

Osasuna garrantzitsua bada, gaur egun ekonomiak berebiziko inportantzia du bizi dugun krisi ekonomikoa dela eta. Medioetan entzun eta ikusi izan ditugu egoera ekonomiko honen eragin latzak. Esaterako, hipoteken ordainketei aurre egin ezin izan dutenen etxegabetze prozesuen irudiak ikusi ditugu telebistan. Zuzenbideko ikasleek, legeak hipoteken betebeharrei buruz diona eta legeak berak ematen dituen aukerak azaldu zituzten.

Eskubideak eta legeak, agian zer nolako begiekin ikusten ditugun gauzak, kolore batekoak edota bestekoak ikusiko ditugu. Eta koloreak aipatu ditugunez, ba al dakigu zergatik ikusten ditugun koloreak? Eta, zergatik hostoek kolorea aldatzen dute udazkenean? Udazkenean eguzki gutxiago ailegatzen zaizkie hostoei eta ez dute energia nahikorik fotosintesia egiteko. Prozesua gauzatzea ezinezkoa zaienez, galtzen dute hostoek ohiko berdetasuna. Fotosintesiak eta gure ikusmenak oinarri berdina duten bi prozesu dira. Begiek eta landareek badituzte antzekotasunak. Gure kasuan, eguzkiaren argiaren eraginez ikusten baititugu koloreak. Honen intentsitatearen arabera desberdindu ditzakegu itzalak, distirak eta koloreak.

Parekotasunak aurki ditzakegu bizitzaren hainbat esparrutan eta baita ere teoria bitxiak, ezinezkoak diruditen hipotesiak eta baieztapen harrigarriak. Txikitan umeak Parisetik zetozela esaten ziguten, zikoinak ekartzen omen zituzten. Jakin badakigu ez dela egia, baina estatistika erabiliz “Zikoinaren teoria” hori baieztatu zuten topaketan. Iturri fidagarrietatik jasotako datu kontrastatuak erabiliz, zikoinen populazioa eta jaioberrien arteko korrelazioa handia zela erakutsi zuten. Ondorioz, bazirudien umeen jaiotzak zikoinen ugaritasunarekin zuzeneko harremana zuela, “Zikoinaren teoria” sinesgarria bihurtuz.

Datuen irakurketa egokia egiteko ezagutzak izatea garrantzitsua dela argi utzi zuten, holako teoria eta ikerketen emaitzei behar den baliozkotasuna emateko.

Hamar minutuko aurkezpenetan egunerokoan, bizitzan, Kultura Zientifikoak zelan laguntzen digun azaldu ziguten ikasleek. Kultura Zientifikoak eguneroko esparruetan murgiltzen laguntzen digu, bizi duguna ulertzen eta erabakiak hartzeko irizpideak lantzen. Baina ba al dago interesik Kultura Zientifikoan? Nola susta dezakegu bere hedapena?

Gizartearen interes falta plazaratu zuten ikasleek, eta interes falta horri buelta emateko ezinbestekotzat jotzen zituzten hainbat arlo indartzea:

  • Alde batetik, zientzia-dibulgazioa landu eta bultzatzea beharrezkoa ikusten zuten. Dibulgazioa egokia eta desegokia, ona eta txarra zer den diskriminatzeko baliagarritzat jotzen zuten ikasleek. Erabakiak hartzeko datuak ematen baitizkigu.
  • Bestalde, hezkuntza formalean eta ez-formalean kultura zientifikoaren garrantzia lantzeko bideak eta eragileak izatea oinarrizkoa ikusten zuten.
  • Azkenik, Kultura Zientifikoa hedatzeko, askotariko jakintza-alor eta esparruetako ikertzaileen, adituen eta profesionalen elkarlana beharrezkoa zela azpimarratu zuten.

Ikasleek jabe dira Kultura Zientifikoak duen garrantziaz eta garrantzi hori gizarteratzeko bideak ere mahai gainean jarri zituzten. Plazara irten, gaia aurkeztu, edukia garatu, ondorioak finkatu eta aurrera egiteko bideak zehaztu zituzten. Gazteek asko dute esateko eta irakasteko, entzun ditzagun.

(1) UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren aurkezpen testuan: https://zientziakaiera.eus/kultura-zientifikoko-katedra/


Egileaz: Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean eta Giza Baliabideen kudeaketan espezializatua UPV/EHUn. Egun, UEUko Inguma datu-basearen arduraduna da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.