Izotzik gabeko Ozeano Artikoa

Dibulgazioa

Itsas hondoko sedimentuak aztertuta, duela lau milioi urte Ipar poloaren bueltako uretan izotzik ez zegoela ikusi dute ikertzaile batzuek, eta gutxienez duela 2,6 milioi urte arte, bertako izotz masa ez zela guk ezagutu dugunaren parekoa. Artikoa urtzen ari den honetan, ondorio horiek baliagarriak izan daitezke hamarkada gutxi barru Lurrak zer patu izan dezakeen iragartzeko.

Duela 2,6 miloi urte arte, Ipar poloa ez zen gaur egun ezagutzen dugunaren modukoa: ez zegoen izotzezko mantu batek estalia, edo behintzat, haren hedadura ez zen, esaterako, XX. mendean izan zuenaren modukoa. Hala adierazi dute Nature Communications aldizkarian argitaratu berri duten artikulu batean. Jochen Knies itsas geologo norvegiarrak zuzendu du lan hau, eta besteak beste, Tromsø, Plymouth, Bartzelona eta Stellenboscheko unibertsitateetako kideek hartu dute parte bertan.

Kniesek eta beste ikertzaileek Ozeano Artikoko itsas izotzaren hedapenak zer joera izan duen aztertu dute; duela 5,3 eta 2,6 milioi urte arteko denbora tartean. Hain zuzen ere, Lurrean izotzaldien aroa hasi aurreko azken periodo epela izan zen huraxe. Itsas geologo honek azaldu duenez, “ozeanoaren hondoan dauden zenbait landare fosilen molekulak aztertu genituenean, jakin genuen Artikoak ez zuela itsas izotzik duela lau milioi urte arte”.

1. irudia: (Oina: Artikoko izotza 2012ko irailaren 16an. Aurreko 30 urteetan, batez beste, marraztuta ageri den lerro horia dagoen ertzeraino iristen zen izotzaren hedadura. (Argazkia: NASA)
1. irudia: Artikoko izotza 2012ko irailaren 16an. Aurreko 30 urteetan, batez beste, marraztuta ageri den lerro horia dagoen ertzeraino iristen zen izotzaren hedadura.
(Argazkia: NASA)

Zehazki, Spitsbergen irlaren ipar-mendebaldean egin zuten landa lana; Norvegiako uharterik handiena da hori, baina penintsulatik nabarmen iparraldera dago, Ozeano Artikoaren mugan eta Groenlandiako itsasoaren hertzean. Bertan, itsas hondoraino jo eta lurzorua zulatu zuten; lehenik eta behin, bertako sedimentuen antzinatasuna kalkulatzeko. Jarraian, halako ingurune hotzetan bizi diren zenbait landare mikroskopikok utzitako fosilak bilatu zituzten sedimentu artean.

Hala, aztarna horiei esker, garaian garaiko ingurunearen kondizioak nolakoak izan ziren eta zer bilakaera izan zuten irakurri ahal izan dute, eta duela 2,6 milioi urte arte gaur egungoaren moduko izotz estalkirik ez zegoela ondorioztatu. Izan ere, Kniesek adierazi bezala, “sedimentu geruza horiek aukera ematen digute jakiteko itsas izotza noiz iritsi zen puntu zehatz horretara”.

Besteak beste, itsaslasterretan egon ziren aldaketek eta Artikoko zenbait lurretan (Groenlandian, adibidez) izan ziren gorabeherek eduki zuten zerikusia izotz masa handi horien agerpenean, ikertzaileen iritziz. Gainera, denboran bat egin zuten Beringeko itsasartearen zabaltzeak (Asia eta Amerika artean) eta Panamako kanalaren itxierak. Horrek are ur gehiago metatu zuen ipar hemisferioan eta Ozeano Artikoan, izotzaren pilaketa erraztuz.

2. irudia: Aztergai izan dituzten alga mikroskopikoen oso gertuko argazki bat. (Argazkia: Thomas A. Brown eta Simon T. Belt)
2. irudia: Aztergai izan dituzten alga mikroskopikoen oso gertuko argazki bat.
(Argazkia: Thomas A. Brown eta Simon T. Belt)

Orduz geroztik, Ozeano Artikoaren zati handi bat izotzez estalita egon da beti, baina oso litekeena da mendea bukatzerako ez hala izatea. 70eko hamarkadaz geroztik, izotzezko mantu hau txikitzen ari da, eta ez da inoiz 2012an bezain txikia izan; bilakaera azkarra gertatzen ari den seinale.

Hain zuzen, hor dago ikerketa lan honen gakoa: Artikoko izotza desagertze bidean dagoela jakitun, izotzik gabeko antzinako periodo horiei begira jarri dira zientzialariak, zer datorkigun iragartzeko. “XXI. mende bukaerarako aurreikusita dauden kondizioetan, gure planeta nolakoa izango den ulertzea da lan honen helburua”, dio Antoni Rosell Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikertzaileak eta artikulu honen egileetako batek.

Kniesek gaineratu bezala, ikerketa honen emaitzak baliagarriak izan daitezke klimaren modelizaziorako tresna gisa: “Artikoko izotzaren hedaduraz zalantzak egon izan dira beti, baina lan honen bitartez, erakutsi dugu Ozeano Artikoko itsas izotza garatu zela ipar hemisferioko lurrazaletako izotz masa guztiak egonkortu baino lehen”.

Erreferentzia bibliografikoa

Nature Communications, 5: The emergence of modern sea ice cover in the Arctic Ocean. Jochen Knies, Patricia Cabedo-Sanz, Simon T. Belt, Soma Baranwal, Susanne Fietz, Antoni Rosell-Melé.


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.


2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.