Asteon zientzia begi-bistan #57

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

asteon zientzia begi-bistanNork ez du erabili zuzentzeko likidoa? Tipp-ex edo tipexa bezala ezagutzen dugun likidoak idazterakoan egiten ditugun okerrak ezkutatzen ditu. Egun, ordenagailuei esker, ez badugu behar hainbeste, ezin dugu ukatu asmakizun baliagarria izan dela hainbat urtez. Bette Nesmith Graham mekanografoak asmatu zuen mekanografia akatsak zuzentzeko. 1950. urtean botila txiki bat tenpera zuriz bete zuen eta, akuarelak margotzeko erabiltzen zuen pintzel finarekin batera, bulegora eraman zuen egiten zituen hutsak estaltzeko asmoz. Emaitzak ikusirik, lankideek ere eskatu zioten likidoa eta hor hasi zen likido zuzentzailearen istorioa. Nagore Irazustabarrenak kontatu ditu Argian: Hutsegiteak konpondu nahiak aberastu zuen mekanografo baldarra.

Hodeian gordetzen dugu gehien bat informazioa, hodeietako armairuetan. Adituen artean zalantza bat aireratzen hasia da honen aurrean: hemendik urte batzuetara erabilgarri egongo ote da hodeian gordetzen ari garen informazioa? Ikertzaileek zalantzak dituztela kontatzen digu Iker Tubiak kazetariak Berrian. Baina zalantza hori luzerago begira planteatzen ari dira informatikaren munduan: hemendik 100-200 urteko epean nola gorde informazio guztia? Galdera hauei erantzutea ikerketa lerro bat da, eta oraindik ez da argi ikusten zer izango den etorkizuna.

Nazio Batuen Unibertsitateak (UNU) egindako azterketaren ondorioz jakin dugu 2014an ordura arteko hondakin elektroniko kopuruaren errekorra gainditu zela: iaz 41,8 milioi tona bildu ziren. Hondakinen %60 etxe-tresnak izan ziren eta telefono eta ordenagailu eramangarriak %7 inguru. Errekorra gainditu bada ere, ikerlariek uste dute gaindituko dela eta Joxerra Aizpuruak esaten digu Argian 2018an 50 milioi tonako kopurua gaindituko dela uste dela. Izan ere, urtez urte handituz doa hondakin elektronikoen kopurua.

Ez da izango hondakin elektronikoen kopurua hasi dela tresna horiek gainbeheran daudelako? Ba al dakite teknologia garatzaileek zer nolako arrakasta izango duen euren lanak? Amaia Portugalek eman digu hori jakiteko modua, Zientzia Kaierara ekarri baitu arrakasta teknologikoaren formula. Dirudienez, MITeko bi ikertzailek patenteei eta, batez ere, haien kalitateari erreparatuz, teknologia batek datozen hilabete eta urteetan izango duen garapena neurtzeko ekuazio bat sortu dute.

Kontuan izanik datozen 100 urteetan Lurraren inguruan dauden milioika gorputzetatik 500 inguru ailegatu litezke Lurrera, seguruenik arrakasta izango duen teknologia izango da asteroideen aurkako defentsan inplementatuko diren formulak. Joxerra Aizpuruak esan digu Argian ikertzaileak, besteak beste, bi neurri hartzekotan ari direla: espazioan oztopoak jartzea, talkaz talka asteroideen ibilbidea aldatzeko asmoz eta, bestetik, asteroidean leherketa nuklearra eragitea.

Gaur egun, aurrezte energetikoa eta ingurumen-arrazoiak direla eta, ibilgailu elektriko eta hibridoen arrakasta areagotuz doa, etorkizuneko irtenbide gisa irudikatzen baitira. Bi dira horretarako arrazoiak, duten efizientzia energetiko altua eta, bestetik, berotegi-efektuko gas eta beste kutsatzaileen igorpena gutxitu egiten dutelako. Zientzia Kaieran datu gehiago: Ibilgailu elektrikoak eta hibridoak: efizientzia energetikoa hobetzeko aukera.

Ana Galarragak eztabaida etiko bizia eragin duen esperimentu baten berri eman digu Elhuyar aldizkarian. Txinako Sun Yat-sen Unibertsitatean lehen aldiz, enbrioiak genetikoki eraldatzeko teknika bat probatu dute giza enbrioietan beta-talasemia gaixotasuna eragiten duen HBB gene akastuna konpontzeko. Horretarako CRISPR/Cas9 izeneko teknika erabili dute eta Koldo Garcia genetistak honen inguruko iritzia eman digu Edonola blogean. CRISPR/Cas9 modan jarri omen den teknika bat da, ez bakarrik geneak berridazteko, baita C-Hepatitisa erasotzeko baina Koldoren ustez CRISPR/Cas9 enbrioietan ez erabiltzea litzateke egokiena: Enbrioien geneak berridaztea? Printzipioz, ez.

Eta bukatzeko bi gai interesgarri. Eider Cartonek azaldu digu Elhuyar aldizkarian Tennessee Unibertsitateko ikertzaile-talde batek gidatutako ikerketa baten ondorioz ikusi dute Antarktikako lur azpian ez dela guztia izoztutako lur gogor soila. Izan ere, lurpeko ur gaziak daude Antartika idorrean. Gotzone Barandika kimikariak gero eta mezu kimifobiko gehiago ikusten ari garela gure gizartean esaten digu Zientzia Kaieran. “Kimifobia” terminoa ez dago hiztegietan oraindik, baina pentsamolde baten ezaugarria dela diosku Gotzonek: kimikarekin zerikusia duen guztiarekiko gorrotoa.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.