Parkinsonen gaixotasuna (PG) nerbio sistema zentrala erasotzen duen endekapenezko gaitz kronikoa da non neurona dopaminergikoak galtzen diren. Neurona galera honen ondorioz dopamina gabezia ematen da eta sistema motorra kaltetuta suertatzen da, mugimenduaren kontrola eta koordinazioaren galera bultzatuz.
Adineko pertsonei bakarrik erasotzen dion gaixotasuna dela pentsatzen badugu ere, gero eta jende gazte gehiagok pairatzen du, eta ez da arraroa gaixotasuna 30 eta 40 urte bitartean hastea. Egun jakin badakigu Parkinsonen gaixotasuna dutenen %20k 50 urte baino gutxiago dutela.
Dopaminaren aitzindaria den L-DOPA farmakoa erabiltzen da lehen aukera bezala PG (Parkinsonen gaixotasuna) tratatzeko. Izan ere, aukera farmako-logikorik eraginkorrena da berau. Hala ere, ez du gaixotasunaren progresioa geldiarazten. Gainera, L-DOPAren administrazio kronikoak asaldura motorrak eragiten ditu: diskinesiak (LED), hain zuzen ere. Diskinesia L-DOPA tratamenduaren ondorio gisa agertzen den asaldura motorra da.
L-DOPAk, Parkinsonen gaixotasunean murriztuta dagoen neurotransmisore honen eza ordezkatzea du helburutzat. Efektu gaizto hau gaixoarentzako oso kaltegarria gerta daiteke eta egun, PGaren arazo terapeutiko ohi eta zailenetako bat da, batzuetan gaixotasunak berak ekartzen dituenak baino arazo gehiago sortuz. Hau horrela izanda, terapeutikaren helburu nagusienetako bat L-DOPAk eragindako asaldura motor hauek desagertzea edo murriztea da, honek gizarte mailan izugarrizko onura eragingo lukeelako eta osasun sistemarentzako aurrezkia izango litzatekeelako.
Farmakologia Saileko ikertzaileok lan honetan, serotonina gongoil basaletan betetzen duen funtzioa zehaztea dugu helburu. Serotonina nerbio-sistema zentralaren neuronek sortzen duten neurotransmisorea da eta neurotransmisore guztien antzera, neuronen arteko mezu elektrikoak transmititzen ditu, sinapsiak erraztuz. Bestalde, gongoil basalak garunean kokatzen diren eta elkarren artean lotura duten nukleo multzoa da. Hauek beste egitura batzuekin batera zirkuitu motorra osatzen dute eta mugimenduaren programazioan, hasieran eta honen gauzatzean ezinbestekoak dira.
Gongoil basalak aztertzen dira aipaturiko bi asaldura motor hauetan haren funtzioa eraldatuta dagoelako eta PGan gertatzen den mugimenduaren eskasia eta diskinesien gehiegizko mugimenduaren arduradun direlako. Era berean, serotoninak PGan zein diskinesietan duen funtzioa ere eztabaidatzen da. Berrikuspen lan honek, hain zuzen ere serotoninak elkarrekiten duen nukleoaren arabera betetzen duen funtzioa aztertzen du.
Azkenengo urteotan ikerkuntzan ematen ari diren aurrerapenak, batez ere tratamendu ez dopaminergikoetan ari dira arreta jartzen. Sistema serotonergikoari dagokionez, funtzio motorra kontrolatzerako orduan, sistema honen eta sistema dopaminergikoaren arteko erlazio estua deskribatu da. Neurona dopaminergikoen galerak, inerbazio serotonergikoan eraldaketak sortarazten ditu, egokitzapen eta funtzio aldaketak bultzatuz. Sistema serotonergikoak diskinesietan paper garrantzitsua du, PGan gertatzen den neuroendekapen dopaminergikoaren ostean, bukaera serotonergikoak baitira kanpotik hartutako L-DOPA dopaminara eraldatzen dutenak. Ikerketa preklinikoek, iradoki dute farmako serotonergikoak eraginkorrak direla diskinesien tratamenduan. Hau guztia kontuan hartuta, baiezta daiteke sistema serotonergikoak parte hartzen duela GBetako aktibitatearen modulazioan eta PG zein diskinesien etiopatologian. Klinikari dagokionez, beharrezkoa da ikerketa gehiago egitea diskinesien tratamendurako farmako berrien garapenerako egokia den itu serotonergikoa aurkitzeko.
Artikuluaren fitxa
- Aldizkaria: Ekaia
- Artikuluaren izena: Sistema serotonergikoaren eta gongoil basalen arteko elkarrekintza: Inplikazio funtzionala eta perspektiba terapeutikoa Parkinsonen gaixotasunean
- Laburpena: Serotonina neurotransmisoreak funtzio ezberdinak betetzen ditu informazio-prozesaketaren modulazioan hainbat familiatako hartzaileen aktibazioaren bidez. Hauen artean, erreten ionikoa den hartzaile bat (5-HT3) eta G proteinei lotutako (5-HT1, 5-HT2, 5-HT4-7) hartzaileak daude. Neurona serotonergiko gehienak mesentzefaloan kokatuta daude, rafe nukleoetan bereziki. Gongoil basaletara (GB) iristen diren proiekzioak, batez ere dorsal raphe nucleusetik (DRN) heltzen dira. GBak oso ondo antolatuta dauden nukleo subkortikalez eratutako sarea da, GB-etako nukleoak stria- tuma, subthalamic nucleusa (STN), globus pallidusa (barrukoa, GPi eta kanpokoa, GPe) eta substantia nigra (pars compacta, SNc, eta pars reticulata, SNr) direlarik. GBek kontrol motorrean, emozioan eta funtzio kognitiboan parte hartzen dute, eta oso garrantzitsuak dira Parkinsonen gaixotasunean (PG). Berrikuspen honek serotoninak GBen modulazioan duen funtzioa laburbiltzen du. Bestalde, elkarrekintza honek PGaren tratamenduan eta L-DOPArekin tratamendu kronikoak eragindako asaldura motorretan duen garrantzia eztabaidatzen da..
- Egileak: Cristina Miguelez, Teresa Morera-Herreras, Ainhoa Sagarduy, Cristina Bruzos-Cidon, Asier Aristieta, José Ángel Ruiz-Ortega, María Torrecilla eta Irrintzi Fernandez-Aedo
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 9-27
Egileez: Cristina Miguelez, Teresa Morera-Herreras, Ainhoa Sagarduy, Cristina Bruzos-Cidon, Asier Aristieta, José Ángel Ruiz-Ortega, María Torrecilla eta Irrintzi Fernandez-Aedo UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Farmakologia Saileko ikertzaileak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.