Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?
Geologia
Euskal Herriak baditu hamaika paraje eder. Ingurune menditsuak, itsasadar ederrak eta lautada amaigabeak batzen ditu gure paisaiak eta Arantza Aranburu geologoak gure lurraldearen erliebe ezberdinen zergatiak azaldu zizkigun duela aste batzuk. Haren lankidea den Arturo Apraizek, aldiz, plaken tektonikan aditua da eta Anboto astekarian kontatu digu Nepaleko lurrikarak zer eta nola sortzen diren. Izan ere, azken hilabeteotan Nepaleko lurrikarak jakin-mina piztu du lurraren dardara hauekiko. Hala ere, geologia-irakaslea den Arturok diosku gurean pentsaezina dela Nepalen izandako lurrikararik gertatzea. Arrisku sismikoa txikia baita Euskal Herrian.
Paleontologia
Lurrak hainbat sekretu gordetzen ditu eta hauek lurrazalean eta erraietan gordetzen dira. Paleontologoak lurrazalak ostentzen dituen arrastoen bila ibiltzen dira, besteak beste, paleontologiak mundu aldakor hau ulertzeko informazioa ematen duelako. Adibidez, neandertalen aztarnei tiraka dabilen Asier Gomez paleontologoak historiako lehen hilketari buruzko ikerketan parte hartu du. Atapuercan topatutako hainbat garezur ikertu dituzte eta bat orain dela 430.000 urte inguru hilda zegoen gizaki batena zen. Hau Hezurren Leizera bota zuten eta azterketen ondorioz ikusi dute gizaki horrek bi kolpe jaso zituela aldi berean, tamainan antzekoak eta orientazio ezberdinetatik. Hori ez da eroriko gorputz batean gertatzen eta horregatik uste dute hilketa bat izan zela. Juanma Gallego kazetariak hurbiltzen digu istorioa Berrian.
Gizakion arrastoaz gain, animalien aztarnak ere aurkitzen dituzten paleontologoek. Arrasateko Lezetxiki kobazuloan, esaterako, makakoaren Europako azken aleetako baten (Macaca sylvanus) masailezurraren zati bat, urkietako arratoiaren (Sicista betulina) Iberiar penintsulako lehendabiziko aztarnak eta muxar txikiaren (Muscardinus avellanarius) Goi Pleistozenoko fosilak aurkitu dituzte. Azken hau, muxar txikia ez da bizi egun Euskal Herrian, Europa osoan zabalduta baldin badago ere. Lezetxikin aurkitutako muxar txikiaren hortzak Iberiar penintsulan aurkitutako espezie horren Kuaternarioko lehenengo arrastoak dira, Europan aurkitu diren hego-mendebaldekoenak. Honi esker, duela 125.000-10.000 urte tartean karraskari honen banaketa geografikoa nolakoa zen argitu da. Zientzia Kaiera blogean: Muxar txikiaren arbaso euskaldunak.
Kimika
Uda garaian bete-betean gaudenez eta egunotan eguraldia lagun dugunez asko gara hondartzara edo igerilekura hurbildu garenok. Bainua erremedio on bat da beroari aurre egiteko. Baina bainuek badituzte albo-ondorioak ere. Nori ez zaizkio gorritu begiak igerilekuan? Kloroa dela edo bestelako zerbait, baina zerbaitek eragina egin digu uretan genbiltzala. Josu Lopez-Gazpio kimikariak argitu du uste okerra dela pentsatzea kloroaren ondorioa direla gure begi gorriak. Izan ere, igerilekuen “kloro” usaina ere ez da kloroaren usaina. Bi elementuren konbinazioak sortzen du usain berezi hori eta baita ere begi gorriak: kloroak eta pixaren konbinazioak. Tolasaldeko atarian kontatu dizkigu kimikariak xehetasun guztiak: Zergatik gorritzen dira begiak igerilekuan? (agian ez duzu jakin nahi).
Medikuntza eta osasuna
Beta 2 mikroglobulina (B2M) immunologia-sistemaren proteina bat da, eta norberaren zelulak patogenoetatik bereizteko funtzioa du. Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaile batzuek, saguekin eta pertsonekin egin dituzten azterketan ikusi dute sagu gazteei B2M injektatuz gero, memoria galtzen dutela. Baina proteina kenduz gero, memoria bere onera etortzen da, eta garunean neurona berriak sortzen dira. Kontua da, adinarekin odolean areagotu egiten dela proteina eta baliteke horrek eragitea memoria-galera. Ana Galarragak azaltzen ditu Elhuyar aldizkarian xehetasunak: Zahartzean memoria galtzea eragiten duen odoleko proteina bat identifikatu dute.
Asier Fullaondo genetikako irakasleak azukreen ordezkoak diren kaloria gabeko gozogarriei buruz hitz egin zigun. Honen kontsumoa oso zabaldua dagoela azaldu zuen, batez ere, obesitateari aurre egiteko. Hala ere obesitatea ez da jaitsi mundu mailan eta honako produktuek ez dira uste genuen bezain osasuntsuak. Argia aldizkarian Joxerra Aizpuruak azukrea du hizpide. Egun, eta are gehiago udan, edari azukredunak kontsumitzen ditugu asko baina kontsumo horrek ere arazo larriak ekar ditzake. Izan ere, AEBetako Kardiologia Elkartearen Circulation aldizkarian argitaratutakoaren arabera edari azukredunak, milaka heriotza goiztiarren eragile dira.
Noizbait galdetu diozue zuen buruei zer ikusteko gai ote diren ume jaioberriak? Horixe berori galdetu du Joxerra Aizpuruak eta erantzuna ere eman digu Argia aldizkarian. Uppsalako Unibertsitateko ikertzaileen lan baten arabera jaioberriek 30 zentimetrora dituzten aurpegi-adierazpenak identifikatzen dituzte baina ez aurpegiak. Hau da, aurpegiko organoen mugimendua identifikatzen dute batik bat.
Informatika
Bizi garen munduan, informazioa da aktibo garrantzitsuena gizakiontzat zein enpresentzako. Horretaz jakin badaki Iñigo Bengoa informatika-ingeniariak, segurtasun informatikoko alorrean dihardu lanen eta. Adrian Alvarez kazetariak elkarrizketatu du Zientzia Kaiera blogean segurtasun informatikoaren inguruko zalantzak argitzeko asmoz. Besteak beste, Iñigok azaldu digu egun hackerra “gaizkile informatiko”tzat hartzen bada ere, haren lana enpresen segurtasun informatikoa probatzea dela. Eta amaitzeko gomendio bat eman digu: “Irakurtzen ez den hori irakurtzera gonbidatzen zaituztet, aplikazio, programa eta bestelakoen zerbitzu-baldintzak”.
Psikologia
Josu Lopez-Gazpiok azaldu zigun neurtezina den hori ere kuantifikatu nahi izaten dugula: zoriontasuna, maitasuna, edertasuna, edo giza-bizia bera. Maria José Moreno kazetariak gai heldu du Zientzia Kaiera blogean eta esparru honetan ere zientzia saiatzen ari dela azaltzen digu baina zoriona zer den zehaztu nahirik dabil zientzia. Eta azken urteotan hainbat zehaztapen eskaini dizkigute munduan zehar plazaratu diren zientzia-ikerkuntzek. Esaterako, ikerketa batek 5.000 gizaki inguru aztertu zituen, 20 urtean zehar beraien zoriontasun-egoerari erreparatuz. Horrela, ondorioztatu zuten norbait zoriontsua denean zoriontasun hori ondo iristen zaiela lagunei ez ezik, lagunen lagunei eta lagunen lagunen lagunei ere: zientzia zoriontasun bila.
Bibliometria
Albert Einstein ezaguna da guztiontzat. Ikertzaileen artean ezagunenetarikoa da bera hainbat arrazoi direla eta. Amaia Portugalek esan digu asteon ospe handiko zientzialaria izateak ez duela bermatzen arrakasta eta horren erakusle dela Albert Einstein bera. 1935ean, Nobel saria irabazi eta hamalau urte geroago, lan bat plazaratu zuen Boris Podolsky eta Nathan Rosen fisikariekin batera, elkarlotze kuantikoaren inguruan. Indianako Unibertsitatean egindako azterketaren arabera, munduko zientzialari ezagunenak idatzitako artikulu honi egindako erreferentziak 1994an hasi ziren loratzen, idatzi eta 60 urte beranduago. Hau da, artikuluak ez zituen berehala izan erreferentziak eta lozorroan gelditu zen norbaitek erreparatu arte. Aipatutako artikulua da zientziaren loti ederren adibidea.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.