Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta udako oporretan egiteko astelehenero ariketa matematiko bat izango duzu Zientzia Kaieran. Guztira sei ariketa izango dira.
Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean duzu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
Ariketak Frantziako CNRSko blogeko Défis du Calendrier Mathématique ataletik hartuta daude eta Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Han ostiralero ariketa bat aurki dezakezu, egutegi matematiko batetik hartuta. Egutegiak egunean ariketa bat dakar, astelehenetik ostiralera.
Hona hemen gure bigarren ariketa: Nire telefono zenbakia.
2) Nire telefono zenbakia ABCDEFGHIJ da. Letra bakoitza zifra desberdin bat da eta hau betetzen da: A>B>C, D>E>F eta G>H>I>J. Gainera, D,E,F ondoz ondoko zenbaki bikoitiak dira, G,H,I,J ondoz ondoko zenbaki bakoitiak dira eta A+B+C=9. Zenbat da A?
Hemengo ariketak eginda gehiagorako gogoa sortu bazaizu, badakizu, zoaz Défis du Calendrier Mathématique blogera edo egon adi eta lortu zure egutegia datorren urtean.
8 iruzkinak
Atzo arratsaldean 12 urteko seme-alabekin ariketa egiten ahalegindu ginen. Ez dakit asmatu genuen baina une atsegina pasatu genuen konbinazioak egiten eta arazoak eta oztopoak gainditzen.
Gure azken emaitza hauxe izan zen.
A=8
Izan ere, telefono zenbaki hau lortu genuen: 8106429753
Ondo izan.
Familia osoa lanean gure telefono zenbakia asmatzeko. Talde-lanean buru-lanak egiten. Mila esker guztioi! Eta hurrengo asteotan datozen ariketak egitera ere gonbidatzen zaituztegu.
Ondo ibili!
Kaixo iñaki,
Zbkia ezin da horrela izan. Agian emaitza egokia da, baina tfno zenbakia ez, zeren ez duzu D>E>F eta G>H>I>J betetzen. Agian 8102463579 izan daiteke. Ni gero saiatuko naiz nire semearekin egiten. Ea emaitza berdinak irtetzen zaidan. Ondo izan
Eskerrik asko zeure iritzia partekatzeagatik. Eta emaitza bat lortzen baduzue, utzi berton idatzita. Ahaleginak mereziko du!
Laster arte.
Nire ustez emaitza 8 da.
Telefono zenbaki osoa hauxe da: 8106429753
Asmatu ote dut…?
Kaixo Beñat! Eskerrik asko zeure emaitza gurekin partekatzeagatik. Irailean jakingo dugu zuzena den. Javier Duoandikoetxea matematikariak emango dizkigu ariketa guztien erantzun zuzenak. Dena den, zuzena edo ez zeure ahaleginak izango du saria.
Eskerrik asko eta laster arte!
Telefono zenbakiaren A letra 8 delakoan gaude.
Segi bizkorrrr
Eskerrik asko Josu, zeure erantzuna ere gordeta!