Asteon zientzia begi-bistan #87

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.

zientzia begi-bistan #87

Kimika eta osasuna

UPV/EHUko Kimika Aplikatua Saileko kideek sagardoaren gaitasun antioxidatzaileak aztertu dituzte eta ikusi dute laranja-zukuarenarekin alderatuz gero, antzekoa dela, eta ardo gorriena baino zertxobait handiagoa dela. Polifenolak dira fruta guztietan aurkitzen diren antioxidatzaile naturalak, eta horiek ere sagardoa egiteko sagarretan daude. Garrantzitsuak dira osagai horiek, izan ere, sagardoa iluntzeko prozesuan esku hartzen dute, adibidez. Eta horretaz gain, zapore mikatza eta astringentzia (ahoko lehortasuna) eragiten dituzte. Ikerketa lan honetan, sei muztio egin dituzte, bakoitza 250 kilo sagarrekin. Horietatik bost sagar mota bakarrarekin. Seigarrena egiteko beste bost muztioetan erabilitako sagar motak proportzio berean nahasi dituzte. Goikoetxea, Manttoni, Moko, Patzuloa eta Txalaka izan dira hautatu dituzten sagar motak, Euskal Herrikoak guztiak.

Kimika arloari jarraiki, merkurioak gure gorputzean eragin ditzakeen ondorioak irakurtzeko parada izan dugu aste honetan. ‘Aliceren Abenturak Lurralde Miresgarrian’ obra hizpide hartuta, kapelagilearen “zoramena” merkurioaren ondorioz zetorrela jakin izan dugu. Pasarte horretatik pixkatxo bat aldenduta, hainbat datu zientifiko eman dizkigute, merkurioaren izaera eta bere efektuak zeintzuk diren argitze aldera.

Psikologia

Ruth de Diego-Balaguer psikologoari egin dio elkarrizketa Berrian. Bertan, garunaren eta mintzaren arteko erlazioari buruz hitz egin du. Gidatzen ari den ikerketari buruz mintzatu da, batez ere. Neurozientzia kognitiboaren alorra jorratzen du taldeak. Bertan hizkuntza bat ikastea ahalbidetzen duten mekanismoak ikertzen dituzte. Prozesu honetan arreta da gakoa. Psikologoak azaltzen du: “Arreta galeragatik eta hiperaktibitateagatik asaldura duten haurren kasuan, mintzaira garatzeko orduan ondorioak egon daitezke”. Umeek hizkuntzak ikasteko erraztasunari ere heldu dio: “Entzuten ari den hori asko sinplifikatzen duen nolabaiteko bahe bat du haurrak. Informazio guztia bat-batean izan beharrean, bere sistema kognitiboa guztiz garatu gabe egoteak umeak prozesatzen duena sinplifikatzen du”. Elebidun izatearen abantailei eta hizkuntza bat ikasterako garaian sortzen den motibazioari buruz hitz egin du psikologoak ere.

Emakumeak zientzian

Biologiaren eta elikaduraren arteko lotura beti izan du gustuko Naroa Kajarabille Garcia ikertzaileak. Euskal Herriko Unibertsitatean hasi zen biologia ikasten eta bostgarren mailan, Seneca bekaren bidez, Granadara joan zen ikastera eta ikertzera. Une horretan konturatu zen giza elikadurari buruzko master bat zegoela eta horri ekin zion. Haurdunaldian eta edoskitzaroan DHA gantz azido poliasegabea hartzeak haurraren eta amaren osasunean duen eragina ikertu du gazteak. Ikusi du DHAk berebiziko garrantzia duela nerbio sistemaren eta ikusmenaren garapenean: “Gure ikerketan, frogatu dugu hezurduraren garapenean eta sistema antioxidatzailean ere onuragarria dela”. Eta ez da onuragarria haurrentzat soilik, amentzat ere bada DHA- gehigarria hartzea. Horrekin lotuta, Kajarabillek azaltzen du, elikagai batzuk berez aberatsak direla DHAn. Hala nola, arrain urdinak, izokinak, intxaurrak,…

Geologia eta klima-aldaketa

Karbono dioxido gaindosiaz hitz egin zuen aurrekoan Amaia Portugal kazetariak. Oraingo honetan, ozeanoei erreparatu die. Zergatik dira hain garrantzitsuak? Alde batetik, munduko ozeanoek hura xurgatzeko ahalmena dutelako eta bestetik, karbono zaharra itsaso sakonetik atmosferara askatzeko gaitasuna dutelako. Hego Ozeanoa da gas horren biltegirik nagusiena. Izan ere, eta Portugalek argi azaltzen duenez, hego hemisferioko mendebaldeko haizeen indar aldaketek Hego Ozeanoko zirkulazioan eragiten dute, eta horren arabera, bertako ur sakonek gordetzen duten CO2a gehiago edo gutxiago iragaziko da kanpora, eta atmosferako CO2a gehiago edo gutxiago xurgatuko du itsas hondoak. Klima aldaketarekin lotuta, Eñaut Izagirre (Elgoibar, 1990) geografoa egiten ari den nazioarteko proiektua ekarri du testura. Ikerketa lan horretan, laku eta zohikaztegietan sedimentuak bildu eta lagin horiek ikertuta, hego hemisferioko mendebaldeko haizeek iraganean zer inpaktu izan duten ondorioztatu daiteke. Hermite uhartean egindako espedizioaren berri izateko, irakur ezazue Zientzia Kaieran publikatutako artikulua.

Klima-aldaketari begira, Britainia Handiko Met Office eta munduko OMM meteorologia agentziek jakitera eman dute 2015. urtea beroena izan dela eta aurten, 2016an planetako tenperatura are gehiago igoko dela. OMMren arabera, egoera honi El Niño-ren eragina gehitu behar zaio. Haren eraginak 2016 erdialdera arte jarraituko du. Fenomeno horren garairik indartsuena eta gizakiak eragindako planetaren berotzea dira munduko tenperaturaren igoeraren bi erantzule nagusiak dira. Halaber, azken hamabost urteetan oinarritutako ikerketa bat egin du OMMk, eta ondorio batzuk atera ditu. Aipatzekoak dira ozeanoen berotzea eta itsas mailaren igotzea.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

2 iruzkinak

  • Hau ezusteko ederra eraman dudana kapelagilearen zoramenari egindako nire artikulutxoaren izendapena ikustean “Asteon zientzia begi bistan” sarrera honetan! Mila esker benetan eta zuok guztion gustukoa izatea espero dut… ederra izan da nire ikasleek ikerketa lan batean behar zuten hainbat pista, betiko ipuin eder batekin (150 urte bete berri dituenak) lotzea eta kapelagilearen eromenaren misterioa behin betiko argitzea…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.