Asteon zientzia begi-bistan #71

Uxue Razkin

Honatx aste honetan zehar Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

zientzia begi-bistan 71

Medikuntza eta neurozientzia

Garunaren eta honen antolamendu estrukturalak ezagutzeko eta ulertzeko ikerketa asko egin dira. Oraingoan, garunaren konplexutasunaren erronkari heldu dio Biocruceseko Neuroirudi Konputazionala ikerketa-taldeak eta aurrerapausoak eman ditu honetan. Izan ere, garunaren atlas berri bat burutu du eta horrek ahalbideratu ditu patologiak ikertzeko bide alternatiboak. Jesus Maria Cortes ikerketaren buruak eta Ibai Diez ikerlariak azaldu dutenez, hiru diziplinatako teknikak konbinatu dituzte: neurozientzia, irudien prozesamendua eta sareen teoria.

Lehen aldia da horrelako atlas bat gauzatzen dela; hots, datu estrukturalak (zuntzak) eta funtzionalak (jarduera funtzionala) konbinatzen dituena. Lortutako emaitzetan agerian gelditu da erlazio estua dagoela. Hala, bateko alterazioek bestean eragiten dute, eta alderantziz. Adibidez, jatorri estrukturaleko patologia batek (alzheimerra) alterazio funtzionala eragiten ahal du (memoria-galera). Atlas berria subjektu osasuntsuen datuetatik lortu da. Honi buruz gehiago jakiteko, Zientzia Kaieran plazaratutako artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizugu: Gure garunaren atlas berria.

Genetika eta paleontologia

Nondik datoz euskaldunak? Uppsala Unibertsitateak gidatutako nazioarteko ikerketa-talde batek argitu digu misterioa. Badirudi euskaldunen jatorri genetikoa Iberiar penintsulako nekazari zaharrenekin erlazionatuta dagoela. Atapuercako El Portalon kobazuloko populazioa izan da ikerketa-gaia. Honetan, duela 3.500-5.500 urte bizi ziren zortzi gizakiren genomak aztertu dituzte. Ikerketa honetatik ondorioztatu dute Iberiar penintsulako lehen nekazariak Mediterraneoko kostaldetik iritsi zirela Atapuercara eta lekuko ehiztari-biltzaileekin nahastu zirela. Era berean, egungo populazioen genomarekin alderatu dute lehen nekazari haien genoma eta ohartu dira euskaldunak direla haiekin senidetza genetiko handiena duen taldea. Benetan ugariak eta interesgarriak izan dira Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian bildu dituenak. Artikulu osoa irakurri, ez zarete damutuko: Euskaldunon jatorria iberiar penintsulako lehen nekazariekin erlazionatua.

Paleontologiari jarraiki, beste albiste bat ekarri dugu gurera. Orain arte ezagutzen ez zen Homo generoko espezie bat aurkitu dute Wits Unibertsitateko ikertzaileek.Homo naledi deitu diote eta Hego Afrikan topatu dute. Duela 3,7 milioi urte bizi zen eta 1,5 luze eta 45 kilo zituen. Badirudi tresnak erabiltzeko eta distantzia luzeak egiteko gai zela. Espezie berri honi buruz gehiago jakiteko, jo Elhuyar aldizkariko Gure arbaso berri zaharrena aurkeztu dute artikulura edota Berrian Arantxa Iraola kazetariak dakarkigun beste honetara: ‘Homo’ generoko izar berriena.

Teknologia berriak

Algoritmo baten bidez, itsasoko uhinen potentzia zenbatekoa den jakitera heldu dira EHU/UPVko zenbait zientzialari. Bai, ondo irakurri duzue. 24 orduko aurreikuspenarekin itsasoko olatuen indarra hobeto iragarriko lukeen eredu bat garatu dute. Itsasoan sortzen den energia baliatzea izango litzateke hurrengo pausoa. Bada, oraindik ez dute teknologiarik garatu hori lortzeko. Bidean, oztopo batzuk daude gainditzeke; hala nola, olatuen berezko izaera. Ezin daiteke itsasoa kontrolatu, ezta eguzkia edo haizea ere. Aldizkakotasuna da muga handienetako bat. Horregatik da hain garrantzitsua olatuek izango duten indarra ahal den neurrian aurreikustea. Juanma Gallego kazetaria horretaz mintzatu da Berrian: Itsasoko olatuen indarra hobeto iragartzeko eredu bat garatu dute artikuluan.

Teknologiaren alorrean, badugu beste albiste bat. Stephen Hawking astrofisikariak eta Intel konpainiak ACAT izeneko gizaki-makina interfazea liberatzea erabaki dute. Joxerra Aizpuruak Argian azaldu digu sistema horren prozesua. Lehenik, betaurrekoetan dagoen hargailu infragorri batek aurpegiko muskuluen higidura detektatu eta ondoren, informazioa ordenagailu batera bidaltzen du, informazio hori ahots robotikoan bihurtuz. Honekin, endekapenezko gaixotasunak dituzten pertsonen bizitza hobetzea dute xede. Dena den, ACAT interfazea Windows sisteman funtzionatzen du bakarrik. Bada, eskura dugu jada hemen softwarea deskargatzeko edo horri buruz informazio gehiago eskuratzeko.

Albiste teknologikoekin jarraituz, Apple enpresa gidaririk behar ez duten auto elektrikoak diseinatzen ari da. Kotxe automatikoena ez da kontu berria, ordea. Googlek ikerketa ugari abian jarri ditu urteetan zehar auto autonomoen inguruan eta Audi, BMW, Hyundai eta Volvo bezalako markek horretan dihardute. Ibilgailu hauen helburu nagusietako bat istripuetako faktore nagusia deuseztatzea da. Horretaz gain, gidatzeko erosotasuna eta teknologiari loturiko gizarte mota bultzatzea. Horretarako, hasi dira teknologia berriak sartzen autoaren ezaugarrietan; bidaiarako kontrol agindua, esaterako. Alemanian jada egin dute epe luzerako plan bat: 2040. urterako auto guztiak autonomoak izateko aukera izanen da. Halere, garapen honek arazoak ekarriko ditu ezinbestean. Autoaren erabakitzeko ahalmenean egongo da gakoa. Errealitate zirraratsu honetaz gehiago jakin nahi baduzu, Berrian plazaratutako artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizugu: Etorkizuneko autoa gaur.

Ingeniaritza eta energia berriztagarriak

Eguzki-panelek eguzkiari jarraitzeko teknika berri bat proposatu dute Michigango Unibertsitateko ikertzaileek. Teknikari Kirigami izena jarri diote (papera moztearen arte japoniarrean oinarrituz). Eguzkiak egiten duen bideari erreparatuz gero, % 40 inguru hobetu daiteke eguzki-panelen eraginkortasuna. Baina arazoa hauxe da: egun dauden sistema motorizatuak astunak, bolumen handikoak eta garestiak direla. Hortaz, horrelako objektu bat ez litzateke egokia izango teilatu edota ibilgailu batean jartzeko. Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkarian azaltzen digunez, orain proposatutako teknika, aldiz, bestelakoa da: kanpotik panel arrunt bat bezalakoa da, eta barruko eguzki-zelulak mugitzen dira, haien gainazalak beti eguzki-izpiekiko ahalik eta perpendikularren mantentzeko. Diseinu berriak lortzeko asmoz, ingeniariak unibertsitate bereko kirigamian aditua den artista batekin aritu dira lanean. Artistak paperarekin egin zituen ereduak eta ingeniariek eguzki-zelulekin errepikatu zituzten. Oraingoz, diseinu-fasean daude.

Meteorologia

Ondorio latzak eragingo ditu sistema klimatikoan aurten El Niño fenomeno naturalak. Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, 1997tik egon den indartsuena izango da, eta azken 65 urteotan izan den lau indartsuenetako bat. Amaia Portugal kazetariak azaltzen digu Ozeano Pazifikoaren erdialdean eta ekialdean sortzen dela El Niño baina eragiten dituen ondorioak toki askotara zabaltzen dela. Gorabehera handiak eragiten ditu itsasoko tenperaturan eta atmosfera tropikalean zirkulazio aldaketak izaten dira aldi berean, besteak beste. El Niño ekainean abiatzen da, halere, azaroa eta urtarrila bitartean eragiten ditu ondorio lazgarrienak. Aurten, fenomeno horri, klima-aldaketa batuko zaio. Beraz, bi joera horiek elkar egingo duten beldur dira batzuk. Zaila izango da hondamendiak aurreikustea horrela. Fenomeno beldurgarri honen inguruan gehiago jakiteko, irakurri Zientzia Kaieran plazaratutako artikulua: Haur beldurgarria noiz etorriko zain.

Teknologia eta sukaldaritza

Ramon Perise, Mugaritzeko sukaldaria elkarrizketatu du Ilargi Agirrek Berrian. Bertan, zientziaren eta sukaldaritzaren arteko fusioaz mintzo da. Izan ere, jatetxeak harreman zuzena du zientzia arloarekin; hainbat ikerketetan parte hartu du eta sukaldariak diren arren, saiatzen dira ekarpenak egiten, alor praktikoan batez ere. Adibidez, diabetesaren eta edulkoratzaileen inguruan lan egiteaz gain, adinekoentzako elikadura aztertzen dute, baita osagai eta ehundura berrien bila aritzen dira ere. Dena den, Perisek azaltzen du oso argi dutela zientzialariaren eta sukaldariaren arteko banaketa zein den eta gehitzen du: “Teknologiarekin berrikuntzak baliatzen jakitea ezinbestekoa da aurrera egiteko, baina, betiere, norberaren senari kasu eginez”. Elkarrizketa osorik irakurtzeko: «Zientzia tresna bat da sukaldaritzan; ez helburua».

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>