Bertsozientzia (4): “Zaldieroa dixit: ez dezagun ergatiboa kendu!”

Dibulgazioa · Ekitaldiak

Ezohikoa da kultura zientifikoa zabaltzeko jaialdi bat antolatzea. Oso ezohikoa da zientzialari batzuk labur, argi eta modu dibertigarrian entzutea. Eta, are ezohikoagoa da bertsolariek beraiek esandakoa ulertzea eta horren inguruan kantatzea. Ezohiko guztiau gertatu zen irailaren 26an Bilboko Bizkaia Aretoan, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatu zuen “Jakinduriek mundue erreko dau” ekitaldian.

Bost zientzialarik gai bat hartu eta horren inguruko azalpen laburrak eman zizkiguten. Eta, bertsolariek zientzia oinarri hartuta errima eta neurria jarri zioten, Kike Amonarriz gidari izan zutelarik.

Makinak ikasteko gai direla ikusi eta gero hizkuntzari erreparatu genion Itziar Laka hizkuntzalaria eta Euskal Ikasketa saileko katedradunaren eskutik.

Ergatiboa omen da euskararen ikurretako bat baina ez ote dago galtzeko zorian? Berriako Patxi Huarte “Zaldieroa” marrazkilariak ergatiboaren aldeko kanpaina abiatu zuen aspaldi, eta Itziar Lakak omenaldi txiki bat eskaini zion Huarteri “Zaldieroa dixit: ez dezagun ergatiboa kendu!” hitzaldian.

zaldieroa ergatiboa

Zer da bada ergatiboa? Euskal deklinabideko “k” sinple bat baino gehiago da? Itziar Lakak erantzun zituen galdera guztiak eta ostean Andoni Egaña eta Amets Arzallus bertsolariak lanean jarri zituen Kike Amonarrizek, ergatiboarekin borrokan bizi ziren UPV/EHUko ikasle bihurtuz. Euskaldunak biak, bata gasteiztarra eta bestea tolosarra, bata euskaldun saiatua eta bestea satelite samarra.


Umorez, ironiaz, poesiaz eta jakinduria askoaz zientzia gizarteratzen aritu ziren Kike Amonarrizek gidatu zuen “Jakinduriek mundue erreko dau” saioan: Miren Amuriza, Amets Arzallus eta Andoni Egaña bertsolariak, Gorka Azkune informatikaria, Naiara Barrado eta Itziar Garate astrofisikariak, Itziar Laka hizkuntzalaria eta Jon Mattin Matxain kimikaria.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.