Bertsozientzia (3): “Neurona sareak adimen artifiziala eratzeko”

Dibulgazioa · Ekitaldiak

Ezohikoa da kultura zientifikoa zabaltzeko jaialdi bat antolatzea. Oso ezohikoa da zientzialari batzuk labur, argi eta modu dibertigarrian entzutea. Eta, are ezohikoagoa da bertsolariek beraiek esandakoa ulertzea eta horren inguruan kantatzea. Ezohiko guztiau gertatu zen irailaren 26an Bilboko Bizkaia Aretoan, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatu zuen “Jakinduriek mundue erreko dau” ekitaldian.

Bost zientzialarik gai bat hartu eta horren inguruko azalpen laburrak eman zizkiguten. Eta, bertsolariek zientzia oinarri hartuta errima eta neurria jarri zioten, Kike Amonarriz gidari izan zutelarik.

Gure jakin-minak noraino eraman gaituen ezagutu eta gero, Gorka Azkune informatikariak eta Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak adimen artifiziala hartu zuen hizpide. Pantailan agertu zen argazki bat abiapuntu hartuta irudiaren oinarrietara eraman gintuen, milioika pixeletara. Gizakiok irudiak ikusi eta bertan agertzen dena interpretatzeko gai gara. Baina egin ahal dute berori makinek? Bai, ordenagailuak ikasteko gai direlako, esaterako, neurona sare artifizialen teknikaren bidez. Adibide gisa, Donostiako argazki bat MITeko (Massachusetts Institute of Technology) Scene Recognition Demo aplikaziora bidali, bertako neurona sareak martxan jarri eta argazkia deskribatu zuen. Baina egoki egin ote zuen makinak? Amets Arzallus bertsolariak erantzuten digu:

“Zientzialariek bere sen onez aztertzea erabaki

eta bereizi omen zituzten ez dakit zenbat zenbaki,

gero galdera mezuz bidali Massachusettseko bati

mila ondorio atera ditu eta ez dakit zenbat aitzaki,

makina oso listoa baina Donostia dela ez daki.”


Umorez, ironiaz, poesiaz eta jakinduria askoaz zientzia gizarteratzen aritu ziren Kike Amonarrizek gidatu zuen “Jakinduriek mundue erreko dau” saioan: Miren Amuriza, Amets Arzallus eta Andoni Egaña bertsolariak, Gorka Azkune informatikaria, Naiara Barrado eta Itziar Garate astrofisikariak, Itziar Laka hizkuntzalaria eta Jon Mattin Matxain kimikaria.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.