Minbiziaren giltza, atzamar artean

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Punta-puntako presio sentsore txiki, garden eta oso malgua garatu dute Tokioko Unibertsitatean. Hari esker, litekeena da etorkizunean ukimena aski izatea bularreko tumoreak detektatzeko, mamografien beharrik gabe.

Gaur egun, mamografia da bularreko minbiziaren kontrako prebentzioan baliatzen den metodo nagusia. Teknika eraginkorra da, jakina, baina ezin esan atsegina denik: deserosoa da emakume gehienentzat, bai eta mingarria ere, kasu askotan. Bada, demagun mamografien ordez eskularru soil batzuk erabil ditzakegula, eta horiek jantzita bularra ukitzea aski dela, hor zer edo zer lekuz kanpo ote dagoen antzemateko. Goiz da horretarako, baina zenbait ikertzaile hasiak dira bide hori urratzen.

Izan ere, Tokioko Unibertsitateko kide batzuek punta-puntako sentsore bat sortu dute, Harvard Unibertsitateko ikertzaileekin elkarlanean. Gailua gardena eta oso txikia da, eta batez ere, oso malgua; eskularru batean txertatuta, bere lana behar bezala egiten jarraitu ahal izaterainokoa. Nature Nanotechnology aldizkarian argitaratu duten artikulu batean eman dute egindako aurrerapausoen berri.

1. irudia: Atzamarretara ondo egokitzen da sentsore berri hau, eraginkortasunik galdu gabe. (Argazkia: 2016 Someya Laboratory)
1. irudia: Atzamarretara ondo egokitzen da sentsore berri hau, eraginkortasunik galdu gabe. (Argazkia: 2016 Someya Laboratory)

Lehendik ere badaude presioa neurtzeko gai diren sentsore txiki eta malguak, eta badute ahalmena, adibidez, giza azalean txertatzeko eta bertara egokitzeko. Arazoa zera da, giza azala organo konplexua dela, eta mugitu eta uzkurtu egiten dela etengabe. Eta orduan, tolesdura, uzkurdura eta zimur artean, sentsore arrunt horiek eraginkortasuna galtzen dute pixkanaka. Gainera, oso txikiak izan arren, badute muga bat: ekoizpen metodoak direla eta, ezin dute ehun mikrometro baino estuagoak izan. Horrek oztopatu egiten ditu sentsoreon balizko aplikazioak.

Tokioko Unibertsitatean sortu duten sentsorea egiteko, baina, ezohiko materialak baliatu dituzte. Hain zuzen, karbonozko nanohodiz eta grafenoz osatutako nanozuntzak erabili dituzte, uzkurduren aurrean hain sentikorrak izan ez daitezen. Ikertzaileok egindako simulazioen arabera, zuntz horiek gai dira haien lerrokatzea aldatzeko, eta hartara, zimurrek eragindako deformazioetara egokitzeko. Banako zuntzen gaineko tentsioa murrizten da horrela. Transistore organikoak eta material organikoz egindako etengailu elektronikoak ere baditu sentsore honek.

2. irudia: Puxika baten gainazaleko presioa neurtzeko ahalmena ere badu gailu honek. (Argazkia: 2016 Someya Laboratory)
2. irudia: Puxika baten gainazaleko presioa neurtzeko ahalmena ere badu gailu honek. (Argazkia: 2016 Someya Laboratory)

Horri guztiari esker, esaterako, puxika baten gainazaleko presioaren banaketa neurtu ahal izango luke gailu berri honek, eta eraginkorra izaten jarraituko luke, 80 mikrometroko erradioan tolestuko balitz ere. Gainera, zortzi mikrometroko lodiera baino ez du, eta 144 puntutako presioa neurtu dezake kolpe bakarrean. Atzera bularreko minbiziaren adibideari eutsiz, demagun gailua garatzen jarraitzen dutela, eta hura txertatuta, eskularru ultrasentikorrak sortzen dituztela. Sentsore horiekin, bularren gainean presio iraunkorra aplikatuta, gai izango ginateke bular osasuntsu bat eta tumoreak dituen beste bat bereizteko; zehaztasun handiz (144 puntu), eta mamografiaren beharrik gabe.

Oraingoz, ikerketa ondo bidean doa. Odol hodi artifizial bati ere aplikatu diote sentsorea, eta gailua gai izan da presio aldaketa txikiak eta presioaren hedapenaren abiadura antzemateko. Sungwon Lee artikuluaren egile nagusiaren arabera, “elektronika malguak potentzial handia du, barruan ezarri edo gainean eraman daitezkeen gailuak sortze aldera. Konturatu naiz talde asko ari direla presioa neurtu dezaketen sentsore malguak garatzen, baina ezin dituzte benetako objektuak neurtu, sentikorregiak direlako uzkurduren aurrean. Horixe izan da nire motibazio nagusia, eta uste dut irtenbide eraginkorra proposatu dugula, arazo hori konpontzeko”.

Erreferentzia bibliografikoa:
Sungwon Lee et al. A Transparent, Bending Insensitive Pressure Sensor. Nature Nanotechnology. Online edition 2016/01/25. doi: 10.1038/nnano.2015.324


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

2 iruzkinak

  • He intentado aprender vascuence( sin ningún éxito) porque entiendo que es un tesoro del que me siento muy orgullosa de tener tan próximo y hablado por algunos amigos míos. Y es mi falta, pero aprenderlo sólo con libros, al menos para mí, es dificiilísimo. Así que me pierdo todos vuestros artículos en esa lengua. Pero me encanta comprobar que, en una lengua tan primitiva, se pueden escribir artículos científicos, y, os animo a seguir haciéndolo, porque es muy importante que no se pierda esa joya. Y con vuestro trabajo ayudáis a mantenerla vigente… aunque yo no entienda nada.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.