Zientziak erronken bidez egiten du aurrera. Ikertzaileak azaltzen diren arazoei erantzun zehatza lortzen aritzen dira. Askotan gizartean bertan dauden kontuen inguruan gertatzen da hori. Printzipio bera ageri da antzinako gizarteen ikerketan eta oro har, gure izaeraz hausnarketa egiten laguntzen du zientziak.
Bai gure Homo sapiens espeziearen agerpena, bai eta berezkoak onartzen ditugun portaerak prozesu konplexu baten emaitza dira, baina aldi berean, ikerketa eremu zoragarria dira, gaur egun garenaren erroak bertan daudelako. Giza gaitasun horietako bat da irudi bidezko adierazpen sinbolikoa, gaur egungo gizartean hain sasoi onean dagoena. Izan ere, zientziak dituen erronketako bat da artea noiz eta nola sortzen den jakitea.
Galdera hau historiaurrelarien burutik dabil diziplinaren hastapenetik. Zehazki, 1879an Altamirako kobazuloko (Santillana del Mar, Kantabria) pinturen aurkikuntzak eman zion hasiera gure arbasoen arte-gaitasunaren inguruko eztabaidari. “Primitiboak” deituriko gizarteekiko harremanak, kolonialismoaren emaitza dira eta era berean, Darwinen teorien eragin handiaren emaitza dira zientzia-giroan. Horrela, bakunetik konplexurainoko progresiozko ikasketa prozesu modura ulertu da azkenean artearen jatorria.
C14ko datazio-tekniken hobekuntzak XX. mende amaieran ahalbideratu du egur-ikatza edo hezur errea bezalako materia organikoez egindako pinturen data zehatzak lortzea, tamaina txikiko laginen bidez. Emaitzak harrigarriak dira. Izan ere, kasu batzuetan, askoz ere aitzinagokoa den kronologia eskaintzen dute beraien konplexutasunagatik Goi Paleolito amaierakoak zirela uste zirenak.
Adibide bezala baditugu Chauvet kobazuloan (Rodano, Frantzia) duela 32.000 urte dataturiko 6 pintura eta baita ere, inguruan dauden suteen ikatz zati ugari.Era berean beste lurralde batzuetan ikerketa berraktibatu egin da, adibidez Frantziako Dordoinan edota Alemaniako Jura-Suabian, harri bloke grabatuentzat, arte higigarriko piezentzat eta musika tresnentzat (txirulak) egiten ari diren garai bereko datazioekin. Hauek guztiek argi eta garbi baieztatzen dute bertan behera utzi behar dela arteak era bakunetatik era konplexuetarako bilakaera egin duelako ideia.
Europako erregistro arkeologikoa gero eta hobeto ezagutzen dugu eta esan dezakegu kulturako big-bang antzeko bat gertatu zela duela 40.000 urte Homo Sapiens espeziea kontinente honetara etortzearekin batera. Ziur aski, harremanetan eta seguruenik lehian jarriko zen Homo neanderthalensis espeziearekin, azken hau erabat suntsitu arte. Une horretatik aurrera, artea hedatzen da eta modu progresiboan dibertsifikatzen da. Estiloak, teknikak eta diskurtso grafikoaren antolakuntza hainbat eratara konbinatzen dira une desberdinetan, eskualde ezberdinetan agertzen dira desagertzen diren bestelako korronteekin eta tendentziekin batera.
Baina galde dezakegu zerk bultzatu ote zituen kontinente berri batean barneratu ziren giza talde horiek kode sinbolikoak sortzera eta partekatzera. Hain zuzen ere, bere herentzia zehaztu beharko litzateke, besteak beste. Hau da, fenomeno “ex novo” bat izan ote zen ala modu jakin batean Europan barneratu ziren Homo Sapiens espeziearen berezko kultur altxorraren parte izan ote zen hori guztia. Duela gutxiko datu batzuek artearen jatorri afrikarraren ideiaren alde egin lezakete, edo, agian, jatorri anizkunaren alde. Horren adibide dira, Indonesiako kobazulo bateko animalien pinturak estaltzen dituzten kaltzitazko geruzen datazioek eskaini dituzten emaitzak. Uranio/torio sistemaren bidez, europar kobazuloetako pinturak bezain antzinakoak diren ezusteko emaitzak eskaini baitituzte.
Australian ere gero eta datu gehiagok iradokitzen dute arte-jarduera goiztiar bat gertatu zela. Afrikan, ordea, ez dira hain antzinako datak lortu figuratiboak diren irudikapenentzako, baina baditugu forma geometrikoak antzinako garaietatik. Horren adibide modura badugu duela 90.000 urte Hegoafrikako Blombos kobazuloan egin bide zena.
Gauzak horrela, finkatu beharrekoa da gure espeziea izan ote zen kode sinboliko hauek erabili zituen bakarra. Planteatzea ea gure espeziea kode sinboliko mota hauek sortu zuen bakarra den. Edonola, egia da ebidentzia gutxi daudela eta ez direla oso erabakigarriak.
Oso litekeena da Neandertala ere horrelako jardueretan aritu izana, baina oraingoz oso marka gutxi ditugu eta gutxi gorabehera seriatuak diren lerro gutxi ere. Horrelakoetan, nekez sumatzen da sinbolikoa denaren eta funtzionala denaren arteko muga. Zalantza barik, Neandertalen gizarte-portaeren konplexutasuna guztiz frogaturik geratu da beraien ehizatzeko estrategietan, baliabideen bilketan edo tresnen fabrikazioan. Hala ere, ez da aurkitu beste espezie honetan gizaki modernoaren jarduera sinbolikoaren aztarnarik.
Ondorio gisa, azpimarratu behar da azken hamarkadak oso interesgarriak izan direla Paleolito garaiko gizarteak ezagutzeko. Diziplina arteko taldeen sorrerak eta teknologia berrien iraultzak posible egin dute ikuspuntu askoz objektiboago batetik aritzea. Arte-adierazpenaren jatorrien kasuan, ezeztatuta geratu dira urteetan zehar ikerketa baldintzapean jarri duten aurrez asmatutako ideiak, eta planteamendu berrien garai bat hasi da.
Egileaz: Diego Garate Maidagan (@GarateDiego) Bilboko Arkeologi Museoko arkeologoa da eta Toulouseko Unibertsitateko CREAP Cartailhac-TRACES-UMR 5608 ikertaldeko ikertzailea.
2 iruzkinak
[…] garaian haitzuloetan zeuden adierazpen sinbolikoak ikertzea eta argitzea. Atxurraren kasuan, labar arte garrantzitsua dago bertan, Madeleine aldian […]
[…] dute giroko baldintzen kontrasteek azkartu egingo lituzketela arrastoen higadura eta desagerpena. Diego Garate arkeologoak azaldu duenez, kontrolatu diren leize gutxitan, Pirinioetan, tenperatura igoera oso […]